GARA
DONOSTIA

«Tranpa egingo genuke ardura guztia turismoari leporatuko bagenio»

Hemendik 2027. urtera bitarteko turismo plana aurkeztu du Donostiako Udalak. Jon Insausti zinegotziak turismoaren onurak azpimarratu ditu NAIZ Irratian. Herritarren kezkei dagokienez, nabarmendu du Donostia «beti» izan dela garestia; besteak beste. Desazkunderako neurriak irudikatzea «zaila» zaiola gaineratu du.

Jon Insausti zinegotzia, Donostiako turismo plana aurkezten, azaroan.
Jon Insausti zinegotzia, Donostiako turismo plana aurkezten, azaroan. (Jon URBE | FOKU)

Donostiak turismo plan berria du 2023 eta 2027 bitarterako. Honako izenburua du txostenak: “Sustapen turistikotik kudeaketa integral eta iraunkorrera”. Jon Insausti Donostiako Turismo zinegotziak eman dizkigu horren xehetasunak NAIZ Irratian.

Insaustik Turismoak Donostiari dakarzkion onurak azpimarratu ditu, besteak beste, esanez «ezin dela ukatu turismoa bera joera geldiezina dela, mundu mailako fenomenoa, eta haiei dagokiela datorren hori onartzea eta kudeaketan eragitea». Aurreko turismo planekin alderatuta, Insaustik adierazi du «hazkundea ez dela helburua, kudeaketa eraginkorra baizik».

Planak nortasunaz, euskaraz edo tradizioaz hitz egiten du. Insaustiri galdetuta ez al dagoen arriskurik folklorismora jotzeko «ezetz» erantzun du, eta Donostiako Zinemaldiak izan duen bilakaera jarri du adibide gisara. «Zinemaldia lehen aldiz egin zenean oinarria turistikoa zen, baina orain industriara bideratutako jaialdia da. Oreka bat bilatu behar da», defendatu du.

Planak turismo berezitua proposatzen du, errenta altuko sektore batzuetan indarra jarrita: negozioen turismoan, kulturan eta gastronomian, besteak beste. Horrek, baina, arrisku bat dakar: donostiarren egunerokotasuna garestitzea. «Ez zait gustatzen turismoari egoztea hirian edo gizartean egon daitezkeen arriskuak, diagnostiko okerra baita». Haren ustez, Donostia beti izan da «garestia», etxebizitza arloan, kasurako.

Bestalde, planak herritarren parte-hartzea bultzatu nahi duela esan du, gobernantza ardatz hartuta. Hiru esparrutan banatu du: udalak bere buruari jarri beharrekoa, herritarrak entzutea, eta aliantzak egitea turismo-industriarekin.

Azken hilabeteetan manifestazioak egin dira Donostian, eta aldarrikapenetako bat desazkundea izan da. Horren harira, Insaustik adierazi du desazkunderako neurriak irudikatzea «zaila» egiten zaiola.

Gaineratu du Donostiara etortzen diren bisitarien %65-70 inguru Euskal Herriko zazpi lurraldeetakoak direla.