Eli PAGOLA
DONOSTIA

Erraustegiaren eztabaidak agerian utzi du erakundeekiko konfiantza eza

Tokiko zaborrak kudeatzeko beharrak eta hondakin ereduek agenda politikoan leku egin dute, aldez edo moldez. Zubietako erraustegiak eztabaida publiko handia piztu du maila politiko eta sozialean, eta kezka berri bat indartu da honen bueltan, ikerketa batek egiaztatu duenez: instituzioenganako konfiantza falta.

Zubietako erraustegia, 2021eko urtarrilean hartutako irudi batean.
Zubietako erraustegia, 2021eko urtarrilean hartutako irudi batean. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)

Zubietako erraustegiak eztabaida publiko handia piztu du maila politiko eta sozialean, eta ez dira gutxi instalazioaren egokitasuna zalantzan jarri duten ikerketa, aditu eta herritarrak. Eztabaida horri forma ematen lagundu du ikerlan berri batek, eta erakutsi du duda horiek, besteak beste, erakunde publikoenganako konfiantza faltak eragiten dituela.

“Journal of Risk Research” aldizkarian argitaratu da Mikel Subiza-Perez, Aiora Zabala, Daniel Groten, Laura Vozmediano, Cesar San Juan, eta Jesus Ibarluzeak ondutako lana, eta erraustegiari buruzko ikuspuntuen dibertsitatea agertzea eta sailkatzea zuen xede.

Zubietako erraustegiaren inguruko hiritarren kezkak hiru multzotan edo ikuspuntu profil desberdinetan taldekatu dituzte, gaiei emandako garrantziaren arabera: giza osasuna, politika eta erakundeak, eta natura edo tokiko eragin sozio-ekologikoak.

2021ean 50 pertsonari egindako galdetegietatik eratorritako irakurketa egin ostean, denera, Zubietan kokatutako errauste plantaren gaineko 26 arrisku edo kezka nagusi identifikatu dituzte, aipatutako hiru multzotan bereizi dituztenak. Garrantzi gehien hartu duen multzoa pertsonen osasunari dagokiona da, eta kezka nagusiak izan dira minbizia, kutsadura kimikoa, arnas eritasunak eta abortua. Kezka gutxien eragiten dutenak dira trafikoari, koexistentziari, ospeari, estetikari eta espazio publikoei buruzkoak.

Bigarren maila batean ageri dira planetari, naturari eta ingurumenari dagozkien kezkak, hala nola, zarata, usaina, kutsadura kimikoa eta fauna eta floraren degradazioa.

Hirugarren multzoa, eta, beharbada, aurreko biekin alderatuta desberdinagoa dena eta orain arte arriskuen artean askorik nabarmendu ez dena, erakunde publikoengan eta hauen ardura diren erabaki prozesuengan konfiantza ezak herritarrengan eragiten duen arrisku pertzepzioa da.

Hala, galdetegia erantzun dutenen artean, kezka iturri bihurtu da informazio eskasia eta arriskutzat dute instituzioen gardentasun falta.

Arlo honetan, zenbaitek etorkizunean gatazkak piztu daitezkeela aurreikusten dute, horiek ebazteko mekanismoak, judizialak edo ez, aipatu dira, eta konfiantzarik ezak arriskuak areagotuko dituen ustea dute. Profil hori besteak baino kezkatuago ageri da gizarte-koexistentziarekin, erakunde publikoek hiritarrekin dituzten tentsioekin eta erabakietan jendartearen parte-hartzerik ezarekin.

Arrisku pertzepzioak leuntzeko moduak ere proposatu ditu ikerketa ondu duen lantaldeak, eta adierazi dute osasunaren eta naturaren gaineko kezkak deuseztatzeko modu eraginkorrena informazioa eta instalazioaren kudeaketa eta monitorizazio aproposa izan daitezkela.

Hirugarren multzoko ezinegonei dagokienez, ordea, politikariekiko eta instituzioekiko konfiantza faltak dakartzan ondorioak leuntzeak, estrategia konplexuagoa, luzeagoa eta zabalagoa behar duelakoan daude, ez baita erraza haienganako konfiantza berreraikitzea.

Q METODOLOGIA

Ikerketa egiteko, Q deritzon metodologia baliatu dute. Metodologia honek laginaren aniztasunari ematen dio garrantzia, eta ez kantitateari. Beraz, ohiko iritzi inkesten modura, erabilitako lagina ez da oso handia.

Gizatalde desberdinetako erantzuleak bildu nahi izan dituzte, eta horretarako jo dute tokiko elkarteetako kideengana, ikasleengana, ikertzaileengana, osasun langileengana eta aipaturiko taldeen parte ez ziren hiritarrengana.

Kokalekuari dagokionez ere, zabala izan da lana: errauste plantatik hurbil bizi direnak, inguruko herrietakoak zein distantzia ertainera dauden pertsonen iritziak bildu baitituzte ikertzaileek.