GARA
DONOSTIA

Hezkuntza Legeak ez du asetzen ikastoletan piztutako itxaropena

Lege proiektua dagoen moduan onartzen bada, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hezkuntza sistema eraldatzeko aukera galduko dela ohartarazi dute ikastolek. Beren proposamenak lantzen jarraituko dute. Ekaineko batzarrean zehaztuko dituzte estrategia eta ildo nagusiak.

Jose Luis Sukia eta Nekane Artola, atzo Donostian.
Jose Luis Sukia eta Nekane Artola, atzo Donostian. (Gorka RUBIO | FOKU)

EAEko Hezkuntza Lege proiektuak ez du asetzen 2022an ikastoletan piztutako itxaropena. Elkarteko lehendakariak, Nekane Artolak, eta zuzendari nagusiak, Jose Luis Sukiak, Donostian egindako agerraldian azaldu zutenez, dagoen bezala onartuz gero, sistema eraldatzeko aukera galduko da. Alde batetik, ez delako zehazten nola lortu murgiltze eredu orokortua eta berriro ere hizkuntza-ereduak jasotzen direlako.

«Hizkuntza-ereduek ez dute euskalduntzen eta horiek gaindituko dituen eredua behar dugu oinarri», azpimarratu zuten. «Euskara gizarte kohesiorako, berdintasunerako eta justizia sozialerako ezinbesteko osagaia dela ulertzen dugu, eta ereduen izaera baztertzaileak segregazio egoerak areagotu besterik ez ditu egiten».

Ikastoletan murgiltze eredua ezarrita dute, ondorengo belaunaldiak euskalduntzeko bidean emaitza onenak ematen dituen eredua dela uste dutelako.

Ikaskuntza-hizkuntza guztien izaera bideratzailea aipatzen duen xedapen gehigarriak ere kezka sortu die. Izan ere, euskara hizkuntza minorizatua baita eta hizkuntza guztiak berdin tratatzeak diglosia betikotzea baitakar.

Lege proiektuan ez da ageri euskal curriculumik eta, Ikastolen Elkartearen arabera, ezin da Hezkuntza Lege bat eraiki hori gabe, «ezingo direlako euskal kulturaren transmisiorako behar diren tresnak behar bezala garatu».

Gobernantza ereduaren atalean, ausardia falta ikusi dute. «Ez da bermatzen Hezkuntza Zerbitzu Publikoaren barruan egongo diren ikastetxe guztiak baldintza beretan arituko direla. Honetaz gain, zerbitzuaren parte izango diren ikastetxeen betebeharrak ez dira zehazten. Horrek publiko-pribatu dikotomia betikotzeko arriskua sortzen du».

Hirugarrenik, Euskal Herria hiru administrazioren pean dagoela jakinik, beharrezko ikusten dute lurraldeen arteko lankidetzak sustatzeko legez araututako tresnak sortzea. Horregatik, ulergaitza egiten zaie «Euskal Hezkuntza Zerbitzuaren parte diren ikastetxeen eta gainerako lurraldeetan euskara eta euskal kultura ardatz duten ikastetxeen arteko harremanak sustatzeari edota elkarlana bultzatzeko asmoz Europa mailako partzuergoa eratzeko proposamenari ateak itxi izana. Euskal Herri osoan hezkuntza sistema propioa eraikitzen hasteko aukera irekiko zuketen biek».

AURRERA BEGIRA

Orain arte bezala, ikastolen mugimenduak bere proposamenak lantzen segituko duela nabarmendu zuten Artolak eta Sukiak, «legeak emango dituen aukeretan sakonduz eta biderik ireki ez zaien gaientzat marko legala aldarrikatuz».

Etorkizunean jarri nahi dute begirada, gizarteari egingo dioten ekarpen horretan. 2024ko ekainean egingo duten Euskal Herriko Ikastolen seigarren Batzarrean zehaztuko dituzte datozen urteetarako ildoak eta estrategia.