GARA
BAIONA

Lapurdi eta Paris arteko gaueko trena hilaren 22an jarriko dute martxan berriz

Gauero Hendaiako geltokitik abiatu eta biharamuneko lehen orduan Parisera iristen zen gaueko tren zerbitzua datorren astean jarriko dute berriro martxan, baina Baionatik.

Lapurdi-Paris trenaren zerbitzua berrezartzeko protesta egin zuten iaz.
Lapurdi-Paris trenaren zerbitzua berrezartzeko protesta egin zuten iaz. (Patxi BELTZAIZ)

“Palombe Bleue” (Uso Urdina), Hendaia eta Paris lotzen zituen gaueko tren zerbitzua, 2017an desagertu zen, baina hilaren 22tik aurrera berriro martxan izango da. Aurrerantzean, aldiz, Baiona izango du abiapuntu, France Bleuk jakinarazi duenez.

Hasiera batean 2024an berrezarriko zela aipatu zen arren, azkenean urtea amaitu aurretik izango da martxan Paris-Austerlitz geltokia helmuga izango duen tren zerbitzua.

GALERAREN KRONOLOGIA

“Palombe Bleue” trenak 2017ko uztailaren 1ean egin zuen azken bidaia, nahiz eta hilabete batzuk lehenago hainbat gizarte taldek eta sindikatuk zerbitzu hori mantentzeko kanpaina egin zuten. François Hollande presidenteak ez zituen eskaerok aintzat hartu eta TGV abiadura handiko trenaren mesedetan sakrifikatu zuen zerbitzua.

2020an, Emmanuel Macronen Gobernuak onartutako Ekonomia Suspertzeko Planak gaueko trenari buruzko eztabaida bideratu zuen berriro. Planak 4.700 milioi euroko inbertsioa aurreikusten zuen tren zerbitzuan, eta horietatik 100 milioi gaueko bi tren linea berriz irekitzeko erabili behar ziren.

Jean-Baptiste Djebbari orduko Garraio ministroak iragarri zuen gaueko bi tren itzuliko zirela: Paris-Niza, Jean Castex lehen ministro ohiak 2021eko maiatzaren 20an inauguratu zuena, eta Paris, Tarbes eta Hendaia artekoa. Bigarren linearen gainekoak ez ziren zehaztu.

Iaz Paris eta Hendaia arteko gaueko trena martxan jarri zen berriro, baina “Le Pyrenneen” izena jarri ziotenaren zerbitzua turismo-denboraldira mugatu zen; uda ostean berriz kendu zuten zerbitzua.

Orduan, gaueko trenaren aldeko taldeek TGV eta hegazkinari alternatibak ukatu izana salatu zuten. Hendaiako geltokian ekitaldi bat egin zuten, zerbitzua berriz martxan jarri zenean, iazko udan, eta, bide batez, Europako hainbat estatutan gaueko trenen alde egindako jardunaldi batean parte hartu zuten.