Txoli MATEOS
Soziologoa
JOPUNTUA

Sakelakoaren beldur

Mendi martxa batean 13 urteko mutiko bat eta biok bidelagun izan ginen ordu batez. Haren heldutasunak harritu ninduen hasieratik, baita nire adineko pertsona batekin, patxadaz, honetaz eta hartaz berba egiteko gaitasunak ere. Ez da ohikoena. Institutuko jardunari buruz aritu ginen tarte batean eta azaldu zidan balioen inguruko irakasgaia ez zitzaiola iruditu oso interesgarria. Azken batean hori guztia etxean ikasia zuela gehitu zuen. Lagun batek aspaldi esandakoa etorri zitzaidan burura. “Balioak hezkuntzan” izeneko hitzaldi batera zihoala esan zion alaba nerabeari eta hark, oso-osoan, honela erantzun zion: «Lasai, ama. Zuk balio onetan hezi nauzu». Barreari ezin eutsiz, nire lagunak pentsatu zuen alabak arrazoi izan behar zuela halako gogoeta egiteko gai baldin bazen. Bestela esanda, balioak motxilan daramatza umeak kalera joaten denean. Badago esaera zahar bat horixe bera dioena: «Umearen zentzuna, etxean entzuna». Bidelagunarekin elkarrizketa gozoa erabat zapuztu zen zertaz eta sakelako telefonoaz hitz egiten hasi ginenean. «Nik ez dut telefonorik», esan zidan haserre bizian. Bakarra omen zen lagun taldean.

Zilegi dirudi nerabeek sakelakoa erabiltzeko adin egokia zehaztu nahi izatea, gailu hori ez baita panpina bat. Hala ere, sarritan pentsatzen dut eztabaidak batez ere gure ziurtasun eza islatzen duela. Ez gara fio: ez mundu digitalaz ez geure seme-alabez. EUkids Online taldeko ikerlari baten esanetan, etsigarria da hedatzen ari den beldurra, gaitasun digitalak ezinbesteko osagaia direlako egungo heziketan.

Guraso askoren bekain zimurtua imajinatzen ari naiz. Gai konplexua da, dudarik ez. Baina seme-alabak balio sendoz hornitzen saiatzea eta horri behar duen denbora etxean bertan eskaintzea askoz emankorragoa da sakelakoa debekatzea baino. Hortxe datza gakoa. Eta, edozein delarik erabakia, kontuan hartu beharko litzateke nerabearen heldutasun maila. Susmatzen dut mendi martxako mutikoak eta nire lagunaren alabak erabilera egokia egingo luketela.