GARA
DONOSTIA

Euskaraldia are eraginkorrago izateko, udaberrian egingo da

Euskaraldiaren antolatzaileek hizkuntza ohituretan eragiten jarraitu nahi dute, edizioz edizio ikusi dutelako «ariketa eraginkorra» dela eta aldaketak ekartzen dituela. Edizio berrirako data ere jarri dute jada: 2025eko maiatzaren 15etik 25era egingo da.

Euskaraldiaren edizio berriaren xehetasun batzuk azaldu zituzten koordinatzaileek.
Euskaraldiaren edizio berriaren xehetasun batzuk azaldu zituzten koordinatzaileek. (Jon URBE | FOKU)

Euskaraldiaren hiru edizio egin dira jada, eta laugarrenaren prestaketa lanak abian dira. Etortzear dagoen edizioaren inguruko xehetasunak emateko bildu ziren atzo, Donostiako Tabakaleran, koordinazio mahaiko kideak: Irati Iciar, Euskaltzaleen Topaguneko lehendakaria; Javier Arakama, Nafarroako Gobernuko Euskarabideko zuzendari kudeatzailea; Bingen Zupiria, Lakuako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua; eta Goiatz Urkijo, Euskaraldiko koordinatzailea.

Ediziotik ediziora ariketaren alde teknikoak aztertu, moldatu eta egokitu izan dituzte, ariketa egitea eraginkorragoa izateko. Hain zuen ere, hausnarketa horietatik etorri da, orain, Euskaraldia egiteko garai aldaketa. Laugarren edizioa 2025eko udaberrian egingo da, maiatzaren 15etik 25era. Euskaraldiaren hirugarren edizioa burutu ondoren, balorazioak, ebaluazioak eta aurrera begirako erabakiak hartzeko denbora tarte bat hartu zuten antolatzaileek.

«Euskaraldia proposamen berria eta berritzailea izan zen, eta, bereziki lehen edizioak, aurreikuspen guztiak gaindituta, sekulako astindua eragin zuen Euskal Herri osoan. Astindua bai egiteko moduetan eta baita hizkuntza ohiturak aldatzeko pausoetan ere», azaldu zuen Urkijok.

«Euskaraldia eraginkorra dela eta aldaketak ekartzen dituela erakusten dute iturri ezberdinetatik jasotako mezuek zein ondorioek».

11 EGUN ETA BI ASTEBURU

Eraginkortasun horretan sakontzeko aldatu dute ariketa udaberrira, izan ere, urte sasoi horretan kaleetan jende gehiago ibili ohi da eta bizitasun sozial handiagoa izaten da kalean. Garai aldaketak txaparen erabileran eta ikusgarritasunean eragitea lortu nahi dute. Txapak ahalbidetzen du ariketa bera, euskaraz hitz egiteko edo entzuteko jarrera erakusten baitu, eta horrek estres linguistikoa nabarmen murrizten du.

Gainera, 2025ean eginda, Korrikarekin urtez urte txandakatzen joango da ariketa.

Laugarren edizioa, hortaz, maiatzaren 15etik 25era izango da. «11 egun izateak ariketa eraginkorrago eta sakonago egiteko aukera emango du. Bi asteburu hartuko ditu, eta horrek herrietan mugimendua sortzeko aukera emango du».

EZ-OHIKO ERABILERAK NORMALIZATU

«Euskaraldi bakoitzean euskararen erabileran irabaziak eta lorpen praktikoak erdietsi dira. Hori dela-eta, Euskaraldi gehiago egitea beharrezkoa dela iruditzen zaigu», aipatu zuen Iciarrek. Euskaraldiak, «ordura arte ez-ohikoak ziren erabilera mota batzuk normalizatu eta legitimatu» ditu jendartean. Esaterako, lehen hitza euskaraz egin ohi zutenak %55,8 ziren ariketa aurretik, eta %75,9 ondoren.

Zupiriaren esanetan, helburu nagusia hiztunen hizkuntza ohituretan eragitea duenez, Euskaraldiak «herriz herriko eta auzoz auzoko dinamizazio eta aktibazio sozial zabala eskatzen du». Adostasun handia biltzen du eta hori du indarguneetako bat. Arakamak erantsi du euskararen gaiak agendan lehentasunezko lekua hartzen duela ariketaren inguruan.

Arakamak azpimarratu zuenez, Euskaraldiaren antolaketan euskararen eremu osoko administrazio erakunde guztiak, euskalgintzako erakundeak eta era guztietako hainbat entitate aritzen dira. Antolaketa konplexua da, eta gobernantza eredu berritzailea eta interesgarria ekarri du. Eredu horretan sakontzea izango da hurrengo Euskaraldiaren beste helburuetako bat.

Prentsaurrekoan bildutako kideek gaineratu zutenez, erreferentzia garrantzitsua da munduko beste zenbait hizkuntza komunitaterentzat.