GARA
BERMEO
[ JOSU UNANUE ]

Militante abertzalea eta hiesaren aurkako borrokan erreferentea

(Luis JAUREGIALTZO | FOKU)

Josu Imanol Unanue Astoreka atzo hil zen Bermeon, 65 urte zituela. Duela lau hilabete inguru detektatu zioten garuneko tumore baten ondorioz hil da.

Bermeon jaio zen 1958an, kontserba industriako arrantzale eta langileen familia batean. Arrasaten Matrizegintza, Injekzio eta Trokelgintza ikasketak egin bazituen ere, Unanuek gaztetatik lan egin zuen koipeztatzaile eta makinista gisa Afrikako uretako atunontzi izozkailuetan.

Bertan lanean ari zela, 25 urterekin GIB birusaz kutsatu zen. Bi urteko bizi itxaropena eman zioten orduan, baina urte luzez bizirik jarraitzea lortu zuen, eta gaixotasun honen aurkako borrokari ekin zion zenbait elkartetan parte hartuz. Txo-Hiesa taldearen sorreran parte hartu zuen 1988an, eta ondoren, 1992an, T-4 kolektiboa sortzen ere lagundu zuen. Mugimendu horretako aktibista nabarmenetako bat izan zen Euskal Herrian.

Itsasoko lana utzi zuenean, prestakuntza zentroetako irakasle gisa jardun zuen, eta 2011n politika instituzionalera jauzi egin zuen EH Bildurekin. Urte horretako udal hauteskundeetan zinegotzi aukeratu zuten bere herrian, Bermeon, eta lau urtez alkateordea eta Gizarte Ekintzako zinegotzia izan zen, Idurre Bidegurenen lehen legealdian. Lau urte geroago, koalizio abertzaleak Bizkaiko ahaldun nagusigai aurkeztu zuen; legealdi hartan batzarkidea eta taldeko bozeramailea izan zen.

Azken hamarkadan hainbat iritzi artikulu idatzi zituen NAIZen. 2019ko “Resumen de una vida” lerroburu zuen testuan bere bizitzaren laburpen xumea egin zuen. «Hala eta guztiz ere, esan behar dut orokorrean oso zoriontsua naizela, une onak bizi izan ditudala eta askok nahi zuten gehiengoaren errespetua izan dudala. Era berean, kexatzen naiz askeago ez izateagatik, guztiaz gehiago gozatzeagatik, zoriontsuago izateagatik, gehien-gehienek bezala, baina nik esan egiten dut eta ez naiz horregatik lotsatzen», zioen.

Sare sozialetan dolumin mezuak idatzi zituzten, hala nola Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusiak, Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak, Nerea Kortajarena EH Bilduko bozeramaileak Gasteizko Legebiltzarrean edo Ekain Rico PSE-EEko Politika Autonomiko eta Politika Publikoetako idazkari eta legebiltzarkideak.

Bermeoko Udalak ere Unanue gogoratu zuen: «Benetan atsekabeturik gaude, gure lagun Josu Unanue zendu da. Erreferentea borroka askotan, batez ere hiesaren aurkako borrokan. Herriko alkateordea izandakoa, estimu handitan genuen. Familiaren samina eta atsekabea gurea ere bada. Lagun handi bat joan zaigu».