Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Gaza-eskubideen uste urruna

Gabonak! Neonezko oasia gurea, plastikozko palmondoak eta peluxezko gameluak. Eta horra! Udalerrietan erakusleihoen lehiaketak. Horixe goi-bilera askoren zorigaiztoa, arazo globalen erakusleihoa izatea, ez arazoon ganorazko abiadurazko konponbidea. Hor-konponbidea. Horra COP28ko azken testua, hipoteka maileguen azken eranskinaren letra txikerra baino zailagoa ulertzen. Dudazko testua inondik inora ere. Dubai? Dudabai hobeto! Anfitrioia zelakoa emaitza halakoa.

Ez da harritzekoa gero PISA ditxosozko txostenak nota txarra jarri izana gure ikasleei hainbat materiatan, irakurketa barne! Hortaz, gure inguruko epaileek euskara munduko hizkuntza zailenen zerrendan buru dagoela esatea ere… entzunez izango da zaila gurea euren belarrien ezkorako, ze idatzizkoan behintzat argiagoa da Dudabaiko gaztelerazko testuarena baino. Portzierto, kolpea gero, epaile horiek (ala horiak?) gure Kantauri-Ebroko zerrendaren justiziarako oztopo bilakatu izana! Noizko epaileak PISAko txostenean sartuko?

Koplariak kantatu lez, «bere gisa eroriko zelakoan zain egonak… makur bada zuzen, hor dirau». Ez nago Pisako dorreaz orain, demontre! Ajuriaeneakoaz nago. Ez dago ba horko maizterra katastrofista deitzen oposizioa! Zaldibarrekoa arinegi ahaztuta omen, amen! Hortxe dabiltza jelkideak eta jeltzaleak PISAko beste materia bat hobetu nahian, matematika! Legebiltzarreko aritmetika, zehatzago esateko. Badakizu, gehiengo gehi bat, beste koplari batena gogoan «honela jarri zuen Jaunaren legeak»… Demokrazia algebraikoa.

Irakurketan txarto nabil. Ez nuen ba lehengoan irakurri “Giza-Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren 75. urteurrena” eta honela ulertu: «Gaza-Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren uste urruna». Unibertso halakoa ere!