Iker GURRUTXAGA
HATORTXU ROCK

Hildako senideak gogoan, topa Hatortxu Rocken

Ia sarrera guztiak salduta hasi zen 28. Hatortxu Rock jaialdia. Ibil Bedi taldekoekin topo egin genuen atean, bezperan kontzertua emanda, eta hango nekea nabari zitzaien, baina gogotsu zeuden. Baita Skabidean taldeko Niko Leonardo ere; ekitaldian musikaz arduratu dira aurten, eta «ederra izango da» esanez agurtu gintuen.

Ekitaldi nagusian sakabanaketak hildako lagunak gogoan izan zituzten.
Ekitaldi nagusian sakabanaketak hildako lagunak gogoan izan zituzten. (Iñigo URIZ | Foku)

Jai giro betean zela, 21.30ean, argiak itzali orduko Hatortxu Rocken 28. edizioko ekitaldiari hasiera emateko, bideoa jarri zuten pantailan. «Kafe zapore garratzak eta diesel usaina. Gasolineretako diskoetan ez zen gure doinurik», esan zuen ikus-entzunezkoak. Elkartasun doinuak Hatortxun bertan izan ziren, ordea. Skabidean taldekoek Sara Fernandezi eskainitako kantu bat abestu zuten, haren irudiak pantailan ematen ari ziren bitartean. «Azkena izan zedin desiratu genuen, bidaia bakoitzetik bueltatzean. Hurrengoan oporretan bakarrik itzuliko ginela genion. Hortz eta esku, luze borrokatu genuen amaiera iritsi zedin. Eta iritsi da»; baina amaiera horretaraino bidean gertatua ekarri zuen gogora geroago Leire Llanok. Bai eta amaiera hori biribiltzea falta dela ere. Kinkela oholtzan zela atera zen Leire Llano Atarrabiako oholtzara.

Sara Fernandez iruindarra izan zuen gogoan: «Pasatu den azaroaren 29an, 20 urte bete ziren mendekuzko dispertsioak Sara Fernandez, Iruñeko Alde Zaharreko bizilaguna, hil zuenetik. Valdemoroko espetxera zihoan, Iñaki Etxeberria preso politikoa bisitatzera. Abenduaren 6an, berriz, 19 urte bete dira mendeku politika horrek berak Karmele Solaguren barañaindarra hil zuela. Bere seme Ekain Guerra ikustera zihoan Solaguren. Bistan da data oso gogorrak direla biak ere guretzat».

Dispertsioaren amaiera iristear den honetan, Leire Llanok Hatortxu Rocken izenean argi esan zuen: «Mendekuan oinarritutako erabaki politikoa izan da dispertsioa, demokraziaren aurkakoa erabat. 1989an hasi eta 34 urte luzez dirauen dispertsio politika hiltzaile horrek, milioikako gastu ekonomikoa eragin eta zenbatu ezin den sufrimendua eragin du». Hala, dispertsioak hil dituen 16 senide izan zituzten gogoan.

«Urruntze politika amaitu da, eta horrekin Euskal Herriko gatazkaren egoera guztiz aldatu. Baina oraindik ez da dena konpondu. Horregatik ari gara hemen urrats berri bat aldarrikatzen. Iraganera betikotzen gaituen egoerari astindu bat eman eta euskal preso, iheslari eta deportatu politikoen aferari irtenbide bat ematea da exijitzen duguna. Bukatu dira asteburu osoko bidaiak eta atzean utzi nahi dugu horrek eragindako sufrimendua. Baina badakigu ez dela dena bukatu. Horregatik da gaur hemen elkartu gaituen leloa: Amaiera berri bat», bukatu zuen Llanok.

Ondoren, Skabideaneko June Gabarainek hitza hartu zuen: «Iragan da iragana, eta oraina etorri da. Gertatutakoa ez dago aldatzerik. Orain esaten dugun ezerk ez du eragindako kaltea desegingo, baina gure ustez posible da gutxienez hau arintzea; errespetua, kontsiderazioa eta memoria oinarri. Iragan horren oinordekoak gara, horregatik uste dugu hori zuzentzeko erantzukizuna dugula, berriz ere beldur eta bidegabekeria berberak aurkituko ditugulako». Topa eginez bukatu zen ekitaldia. Datorrena azkena izan dadila.

Festa, hasieratik bukaerara

16.00ak eman orduko Baizera! martxan. Hamaika lagun oholtzan eta publikoa berotzeko lana beren gain. Ez da erreza izaten, baina Hatortxun lehen ordutik daudenak gogotsu izaten dira, eta dantzarik ez zen falta izan. Funky musika, ska eta groovea bikain lantzen dituen taldea da Iruñerrikoa. Kantu propioez gainera, Bee Gees bezalako talde mitikoak ere bertsionatu zituzten, festa giroan, baina aldarrikapenei uko egin gabe. Hatortxuko espazioak mistoak baina seguruak direla gogora ekarri zuten, erasotzaileek tokirik ez dutela argi utziz. Gero etorri ziren Los Chikos del Maiz, Ibil Bedi, Tropa do Carallo eta Auxili taldeak.

Segidan, kontrastea nagusi. 20.00etan hasi zen Liher taldea, eta 20.20an, Skabidean. Rock zaleak karpa txikian, besteek Auxilirekin abiatutako jai giroari segida eman zioten, harik eta ekitaldiaren ordua iritsi zen arte. Ekitaldiaren etenaren ostean, goizaldeko ordu txikiak arteko festari bidea ireki zion Los Zopilotes Txirriaos taldeak. Zazpi itsaso eta sekulako elkartasun uholdea Hatortxuko karpatik senide, preso eta haien inguru guztiei bidali zietena.