AITOR ZABALETAREN HERIOTZAREN 25. URTEURRENA IRUDITAN

Hunkigarria

Hitz honekin deskriba daiteke atzo Anoetaren inguruan eta barruan bizitakoa. Ehunka zale hurbildu ziren futbol zelaiaren inguruan dagoen Aitor Zabaletaren omenezko monolitora. Bertan, Bultzadak antolaturiko ekitaldian, txalapartariek, dantzariek, Fermin Muguruza bezalako artistek edota Izar Peñako kideek merezitako omenaldia eskaini zioten 1998ko abenduaren 8an Madrilen Reala animatzeagatik hil zuten zaleari. “Aitor Zabaleta Beti gogoan 25 urte” leloa zeraman pankarta bat eta Aitorrek beti zeraman txanoaren irudia ere erakutsi zuten. Bultzadako bi kidek ohar bat irakurri zuten, iragan abenduaren 8an Donostian egindako manifestazioaren arrakasta gogoratuz. «Faxistek Aitor hil zuten euskalduna izateagatik, eta berriro ez gertatzeko bildu gara. Ez zaitugu ahaztuko eta beti egongo gara zurekin», adierazi zuten. Izar Peñako kideak ere omendu nahi izan zituzten, Aitorrekin baitzeuden egun gogor hartan. Senideek jasotako elkartasuna eskertu zuten eta, ondoren, zelaian Aitor Zabaletaren omenezko tifo erraldoiaz ondo ohartzeko, Realeko jokalariek jokoa gelditu zuten. J. URBE | FOKU - REALA