Peli LEKUONA
ZUMARRAGA
Entrevue
Bittor Oroz
Lakuako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordea

«Nekazariek kostua baino gehiago jaso ezean, sektorerik gabe geratuko gara»

Sektorearen eta administrazioaren arteko harremanaren eta gaur egungo testuinguruaren inguruan aritu zen Bittor Oroz, Lakuako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordea, NAIZ Irratiak Zumarraga eta Urretxuko Santa Lutzi Azokan jarritako karpan. Errentagarritasuna bermatzearen eta gazteak erakartzearen premia nabarmendu zuen.

(Gotzon ARANBURU | FOKU)

Lehen sektoreak oinarri sendoak eta etorkizuna izango baditu, alde batetik errentagarritasuna behar du, Bittor Oroz Lakuako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordearen iritziz. Eta, bestetik, prestigio soziala. «Gizarteak miretsi egin behar duen ofizio bat izan behar du, bestela ez da erraza gazteak erakartzea», adierazi zion NAIZ Irratiari joan den asteazkenean, Santa Lutzi ferian muntatutako set-ean egindako elkarrizketa berezian.

Sailburuak esan zuenez, erronka nagusia etorkizuneko erreleboa lortzea da, sektorean ari diren langileen batez besteko adina altua baita. Badira traba batzuk horretarako. «Beste sektore ekonomiko batzuk oso indartsuak dira, eta askotan erakargarriagoa da beste lanbide batzuetara joatea». Azken urteetako ziurgabetasunak ere zaildu egiten du errelebo hori. Merkatua oso aldakorra da. Pandemiarekin merkaturatze bideak asko aldatu ziren eta Ukrainako gerrarekin prezioak igo ziren».

Artzaintza Sektore honetan fokua jarri nahi izan zuen Orozek. «Bertan, Oñatiko Arantzazuko artzain eskolarekin eta Idiazabal gaztak egindako ekarpenarekin lortu dute prestigiatzea eta errentagarritasuna handiagotzea, eta horrek ekarri du sektorea egonkortzea», baloratu zuen.

Europako dirulaguntzei buruz galdetuta, normalean eremuen kudeaketagatik jasotzen direla esplikatu zuen, eta ez hainbeste ekoizteagatik. Gutxi gorabehera 12.000 etxalde daude Araba, Bizkai eta Gipuzkoan eta 50 milioi euro inguru jasotzen dituzte guztira urtero, zuzeneko laguntzen kudeaketarekin lotuta. Eta beste 25 milioi banatzen dira askotariko aktibitateetarako. Bertako administrazioek laguntza horiek osatzen dituzte.

«Laguntzak badaude, baina sektoreak daukan ahuleziarik handiena da laguntzetan oinarritutako aktibitate bat daukala. Hortaz, beti gaude kanpoko laguntza horien mende».

Oreka Orozek defendatu zuenez, nekazaritzak eta abeltzaintzak benetan behar dutena produktu berriak sortzea da. «Kalitatezko produktuak egiten ditugu, eta kontsumitzaileari ondo esplikatu behar diogu egiten duguna. Finean, kontsumitzaileen eta sektorearen arteko oreka lortu beharra dugu».

Produktu errentagarrienetako bat ardi esnea da. «Alde batetik, jatorri izendapenak lan izugarria egin du. Bestetik, zuk esnea bakarrik ekoizten eta saltzen baduzu, askoz ahulagoa zara esnea transformatu eta zure gazta eta produktuak egiten badituzu baino». Gaineratu zuenez, besteak beste Hazik, Gomiztegik eta jatorri izendapenaren erakundeak egin duten formakuntza eta berrikuntza lanari esker lortu da, batik bat, beraiek ekoitzitako esnearekin gazta egiten duten baserritarrentzat sektore egonkor eta erakargarri bat.

Arabar Errioxako ardoek beren sormarka izan zezaten saiakera egin zen, eta une honetan prozesua epaitegietan dago. Europak eman behar du erantzuna, eta tramitazioa etenda dago, hemengo epaitegiek lehen emaitza eman arte. «Gure ustez, guztiz legezkoa da sormarka. Eta premiazkoa, ondo esplikatu ahal izateko kontsumitzaileari zerengatik ordaintzen ari den».

«Ez badugu lortzen gure abeltzain eta nekazariek beren lanagatik beraiei kostatzen zaiena baino gehiago kobratzea, sektorerik gabe geldituko gara», baieztatu zuen. «Hori oso logikoa da, baina horri erantzuteko lege bat egin behar izan da. Elikadura katearen legearen arazo nagusia zen ez zuela erreferentziazko oinarririk jartzen. Orduan, bi gauza egin genituen: behatokia martxan jarri genuen, erreferentziak lortzeko. Bigarren ekimena da inspektore taldea. Beren lana da ikustea katearen lege hori ondo betetzen den. Azken urteetan kostuak izugarri igotzen ari dira, eta hori kateko hurrengoari esplikatzea asko kostatzen da. Biziraupen borroka bat da».

Baina «sektoreak eta administrazioak ardura hartu dute», eta emaitza positiboa izatea espero du sailburuak.