GARA
GASTEIZ

Euskal presoei ezartzen zaien salbuespenaren kezka Gasteizen

Sarek Gasteizko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordean parte hartu zuen, «oraindik euskal presoei ezartzen zaien salbuespen legediaren ondorioz bizi dugun egoerak» kezkatuta. Salbuespenak arau izateari uzteko, mugitzera bultzatu zituen batzordeko kideak.

Nahikari Iturbe eta Joseba Azkarraga Sareko eledunak, atzo Gasteizko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordean.
Nahikari Iturbe eta Joseba Azkarraga Sareko eledunak, atzo Gasteizko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordean. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Gasteizko Legebiltzarrean badago gehiengo politiko bat aspalditik apustu egiten duena, politika judizialaren eta espetxe politikaren salbuespenen ordez, espetxe normalizaziora bideratutako politikak ezartzearen alde, ETAren jarduera armatuaren amaieratik 12 urte baino gehiago igaro ondoren. Atzoko Giza Eskubideen Batzordean, helburu hori lortzen jarraitu behar dutela oroitarazi zien Sare Herritarrak.

«Zigor askatasun gabetzaileak betetzeko beste modu batzuk ere badaude, espetxean betetzeaz gain. Espetxeen lege organikoak babestutako modalitateak», azpimarratu zuten Joseba Azkarragak eta Nahikari Iturbek, batzordera sartu aurretik hedabideekin egon zirenean. Euskal presoak modalitate horietatik kanpo ez uzteko eskatu zuten.

Beraz, ez zuten zigorgabetasunik galdegin, ezta kontrolik gabeko askatzerik ere. «Beste edozein presori aplikatzen zaion araudi bera aplikatzea, besterik ez».

«Horrek guztiak lotura zuzena du Fiskaltzak eta Auzitegi Nazionalak behin eta berriz izan duten jarrerarekin; hau da, Espetxeetako Tratamendu Batzordeek eta Eusko Jaurlaritzak proposatzen dituzten gradu aurrerapenei errekurtsoa jartzearekin», azaldu zuten Sareko eledunek. «Salbuespenak arau izateari utz diezaion, pausoak ematea dagokigu», helarazi zieten batzordeko kideei.

URTARRILEKO MANIFESTAZIORAKO ATXIKIMENDU BERRIAK

Heldu den urtarrilaren 13an “Konponbiderako giltzak” leloarekin manifestazioa egingo du Sarek Bilbon, eta atxikimenduak gehitzen doaz data hurbildu ahala. Atzo bertan iragarri zuten Bake Bideak eta Bakegileek, euskal preso eta iheslariak etxeratzeko, konponbidea eta elkarbizitza helburu dituen deialdi horretara begira hainbat ekintza antolatzen ari direla Ipar Euskal Herrian. Azaldu zutenez, «jendarte zibilaren aktibazio eta mobilizazioari esker», konponbidearen bidean «urrats esanguratsuak» egin dira. Eta are eta esanguratsuagoak izan daitezkeen urratsak egiteke daude. Haien erranetan, «nekez eraiki daitekeelako konponbidea, espainiar Auzitegi Nazionaleko hainbat auzitegi eta fiskaltzaren jarrera mendekatzaile eta atzerakoiarekin».

Frantziar Estatuko Zigorren Kudeaketarako auzitegietatik beste eite bateko erabakia heldu dela nabarmendu zuten. Berriki PNAT delakoak Xabier Goienetxeari behin-behineko askatasuna onartu zion, Ipar Euskal Herrian bizitzeko aukera trabatu gabe. «Kopuru handian Bilboko karriketan mobilizatzeko deialdia» luzatu zuten bake eragileek. Horretarako, autobusak antolatuko dituzte.