GARA
BILBO

Bilboko Eskolapioetako irakasle baten abusuak baieztatu dituzte

Bi ikasle ohik jarritako sexu abusuen salaketak hilabetetan ikertu ditu Bilboko Eskolapioen ikastetxeko kongregazioak, eta orain ziurtatu du abusu horiek egin zizkiela joan den mendeko 70eko hamarkadan bertan irakasle izandako erlijioso batek.

Bilboko Eskolapioen ikastetxea.
Bilboko Eskolapioen ikastetxea. (GOOGLE STREET VIEW)

Bilboko Eskolapioen ikastetxeko zuzendaritzak gutun bat igorri die ikasle ohiei eta haien sendiei aste honetan. Joan den urtean hil zen eta 70eko hamarkadan eskolan lan egin zuen erlijioso batek egindako sexu abusuen berri eman die idatzian. Azaltzen duenez, bi ikasle ohik salaketa jarri zuten haren kontra, eta, hilabeteetako barne ikerketa egin ondoren, gertaerak baieztatu dituzte.

Bidalitako mezuan zuzendaritzak barkamena eskatu du abusuengatik, eta irakasle hark erasotako ikasle gehiago badago salatzera adoretu ditu. «Egia dela uste dugu, eta gizon horri biktimario deitzen ahal diogula, horrela izan zela», salaketa jarri duten bi biktimek kontatu duten bezala.

Iruditzen zaie kaltetu gehiago egon litezkeela, eta pertsona horiei salatzeko pausoa emateko eskatu diete.

Kongregazioak protokolo bat egin zuen duela bost urte, «tratu onen alde» eta beren «ikasleen eta langileen ongizatea» ziurtatzeko. Sexu abusuen biktimen arretarako batzorde bat ere eratu zuen. Orduan hasi zuten Damaso Ciordia Gambrak Bilboko eskolan lan egin zuen urteetan izan zuen jokaeraren gaineko ikerketa, Jesus Elizari batzordeko bozeramaileak Efe agentziari adierazi dionez.

LEHEN ESKUTITZA

Joan den uztailean, batzordeak lehenbiziko eskutitza bidali zien ikasle ohiei eta familiei, «bazirelako zerbait gertatu zela erakusten zuten zantzuak». Izan ere, «bazen jendea komentarioak egiten zituena» erlijioso hari buruz, eta ikasle ohiek zurrumurruak oroitzen zituzten gaur egun 60 bat urte izango dituzten pertsonek sufritutako sexu abusuen inguruan. Idatzi hark eragina izan zuen eta, «espero bezala, erantzun gisa bi salaketa zehatz» jaso zituzten. Hilabeteotan ikertu ditu batzordeak, baita baieztatu ere erlijioso hark abusu horiek egin zituela, nahiz eta, hilda egonik, ezin duten berarekin kontrastatu.

Beraz, batzordeak ikasle ohiei eta sendiei beste eskutitz bat igortzea erabaki du aste honetan, orain arte dakitenaren berri emateko eta izan daitezkeen beste biktimak salatzera gonbidatzeko.

Elizarik eskerrak eman dizkie eskolan sufritu zutena kontatuz lagundu duten bi ikasle ohiei. «Ausartak direla esango nuke, izango direlako isildu diren pertsonak», gogoeta egin du.

«Edozeinek daki haurtzaroan edo nerabezaroan pairatutako sexu abusuek inpaktua dutela. Imajinatzen dut bizi osoan borroka egin behar izan dutela». Horregatik, laguntza eskaini die.

LEKUALDATUTA

Damaso Ciordiak Bilboko Eskolapioetan lan egin zuen eta bertatik «beste hiri batera lekualdatu zuten, lehen hala egiten baitziren gauzak», esan du. Zehazki, Gasteizko Eskolapioetako irakaslea izatera igaro zen.

«Uste dugu orduan, 70eko hamarkadan, bazituztela abusuen zantzu batzuk. Egiten zena zen, zegoen lekutik atera eta beste testuinguru batera eraman, garai hartan tabua baitzen gisa honetako delituez mintzatzea», azaldu du Jesus Elizarik.

Ikerketaren ondorio hauen berri eman diete Gasteizko Eskolapioei ere.