Urtzi URRUTIKOETXEA

Trump Coloradoko bozetatik kanpo: zigorra ala mesedea?

Lurrikara ekarri du AEBetako politikara Coloradoko Auzitegi Gorenaren erabakiak, Donald Trumpi hango hauteskundeetan parte hartzea debekatzean. Ziurtzat ematen da ebazpenari helegitea jarriko diotela Washingtonen, presidente ohiak izendatutako epaileak gehiengoa diren Gortean.

Donald Trump AEBetako presidente ohia eta 2024ko presidente hautagai errepublikanoa, Waterloo Iowan abenduaren 19an egindako kanpaina ekitaldi batean.
Donald Trump AEBetako presidente ohia eta 2024ko presidente hautagai errepublikanoa, Waterloo Iowan abenduaren 19an egindako kanpaina ekitaldi batean. (Kamil KRZACZYNSKI | AFP)

Coloradoko Auzitegi Gorenak 1868ko lege baten arabera baztertu du Donald Trump bozetatik. Zehazki, AEBetako Konstituzioaren 14 emendakinaren 3 atalak dio pertsona batek Konstituzioa babesteko zina egin eta gero haren aurkako matxinada edo altxamendu batean parte hartzen badu, hautagai izatea debekatuko zaiola. Gerra Zibilean (1861-1865) parte hartu zuten buruzagi konfederatuen aurka idatzi zen legea duela 155 urte.

Orain hilabete batzuk argitaratutako txosten juridiko batean aipatu zen lehen aldiz Trumpi 14. emendakina aplikatzea eta, ondorioz, hautagaitza debekatzeko aukera, jarraitzaileak Kapitolioa indarrez hartzera bideratzeagatik. Sekula ez da presidente batekin erabili artikulu hori, baina bai bestelako arduradun eta funtzionario batzuekin; New Mexicoko konderri bateko estatu ordezkaria, adibidez, kargugabetu egin zuten epaileek Kongresuaren aurkako matxinadan parte hartzeagatik, eta debekatuta dauka ardura federalik izatea.

Trumpen hautagaitza galarazteko eskaerak hainbat estatutan egin dira. Minnesotan eta Michiganen «gaur-gaurkoz» auzia ez onartzea erabaki zuten epaileek, baita Coloradon ere. Baina estatuko Goi-auzitegira jo zuten salatzaileek, eta asteon arrazoi eman diete. Joe Biden presidenteak esan du ez duela zalantzarik Trump «matxinatu» bat dela, «denek ikusi zenuten. 14. emendakina ote dagokion, auzitegientzat utziko dut erabaki hori. Baina matxinada bat bultzatu zuen. Horretaz ez dago zalantza bakar bat ere».

Trumpen ustez, berriz, erabakiak demokraten «etsipena» agerian uzten du: «Ez da harritzekoa Biden ustela eta ezker muturreko lunatikoak kosta ahala kosta saiatzea gu geldiarazten. AEBetako Konstituzioa urratzeko prest daude, hauteskundeak irabazteko. Joe Biden mehatxua da demokraziarentzat». Orain arte Trumpen aurka irekita dauden 91 auzibideek ez diote bere aldekoen babesa askorik higatu, eta faborito nagusia da urtarrilean hasiko diren primario errepublikanoetan. Ron DeSantis Floridako gobernadoreak ez du lortu Trumpengana hurbiltzea. Nikki Haley NBEko enbaxadore ohiak bultzada garrantzitsua izan du azken egunotan inkestetan, baina Coloradoko ebazpenak berriz ere presidente ohiarengan jarri du arreta osoa, eta primarioetako hautagaien agendak dantzan jarri ditu berriro. Vivek Ramaswany hautagaiak, esaterako, Coloradotik erretiratuko dela esan du, Trumpen hautagaitza debekatzen bada, eta berdin egiteko eskatu die beste hautagaiei.

Coloradoko epaiak aitortzen du auzia aurrekaririk gabea dela, eta aipatzen du erabakia ez dela «arinkeriaz hartu». Ezta aho batez ere, aldeko lau boto izan zituen, eta aurkako hiru. Ozta-ozta, beraz, gehiengo demokrata daukan estatu batean, eta agintari demokratek izendatutako epaileekin. Ebazpena errekurri liteke, eta ez da indarrean sartuko urtarrilaren 4ra arte. Trumpen taldeak hala egingo duela esan du dagoeneko. Washingtonen gehiengo kontserbadore nabarmena dago Auzitegi Gorenean (6-3), Trumpek berak egindako hiru izendapenei esker. Hala ere, Coloradoko auzibidea ireki dutenak arrazoi emango dietela uste dute, kasua eraman zuen Sean Grimsley abokatuak esandakoaren arabera: «Gure argudioekin bat egingo dutela uste dut, konstituzioaren ikuspegi kontserbadorea daukate, baina konstituzioaz aurkezten ari garen argudioak ere kontserbadoreak dira», matxinadan parte hartu duten agintariek kargurik izatea debekatuta daukatela gogoraraziz. Auzibidea ireki zutenen artean Trumpen aurkako errepublikanoak ere badira.

GORENAREN AUKERAK

Gorenak, lehendabizi, kasua ontzat eman ala ez ebatzi beharko du, eta baiezkoa bada, helegitearen muinari helduko liokete, hau da, Trumpek Coloradoko bozetan parte har dezakeen ala ez. Baliteke, halaber, gaia berehala hartu ez eta auzia abian den beste estatuen zain geratzea ere.

Oraingoz, gaia Coloradori soilik dagokio. Bertako primarioak ez dira martxora arte, eta ez dira berebizikoak Trumpentzat, gainerako estatuetan inkestek ematen dioten gehiengoa kontuan izanda. Azaroko hauteskundeetan ere Trumpen aldeko boto-paperik Coloradon ez balego, ez litzateke munduaren amaiera, demokratek irabazi ohi duten estatua baita.

Baina hipotesi horien guztien aurretik, gaur-gaurkoz gertagarriena dirudiena da Washingtonen Coloradoko erabakia atzera botatzea, estatu horretako epaiak izandako bozketa eta AEBetako Goreneko kideen profilak aintzat hartuta.

Gorenaren ebazpenek aurrekaria sortzen dute. Hala, Trumpen taldeak ahalegin berezia egingo du, kasu hau baliogabetzearekin batera, 14. emendakina presidente ohiari ez dagokiola dioen azken ebazpen bat egon dadin.