Iker IBARLUZEA
Meteorologoa
AZKEN PUNTUA

Urteko azkena

Urtea joan zaigu kasik, eta aurtengo eguraldiaren balantzea egitea tokatzen da, izan dituen xehetasunak aztertuz. Tenperaturaren aldetik, eta beste urte batez jarraian, batez besteko tenperaturak ohikoak baino altuagoak izan dira aurten. Datu esanguratsu bat aipatzearren, apirila bakarrik izan da batez besteko tenperaturak azpitik izan dituen hilabete bakarra. Atera kontuak.

Euriari dagokionez, berriz, urte nahiko normala izan da azkenerako. Nahiz eta hego-isurian eta bereziki Ebro bailaran euri eskasi handia izan duten urtearen zatirik handienean, azken hilabeteetan nahikoa normaldu dira baloreak. Ipar-isurian nahikoa eta sobera euri egin du.

Hala ere, joera aldaketa bat ikusten da, non euria egun gutxiagotan baina kantitate berean egiten duen. Hori ez da oso positiboa, bereziki nekazaritzatik bizi direnentzat.

Eta epe ertainera zer ikusten ote da? Ba momentuz garbi dagoen gauza bakarra da abenduan ez dugula negu girorik izango. Igandean antizikloia sartuko da eta egun batzuetan egonkortasuna ekarriko du, hotz handiegirik gabe. Urte amaieran kaskartu liteke egoera, baina amorru berezirik gabe.

Eguraldiaren aldetik gauza bakarra eskatzen diot 2024ari. Bueno, bi: garaian garaikoa egin dezala eta elurte eder bat izan dezagula, ze demonio.