GARA
BILBO

Hizkuntza gutxituetan egiten diren irrati eta telebisten audientziak aztergai

Europako zazpi hizkuntza gutxitutan egiten diren telebista eta irratien audientziak aztertu dituzte EHUn lehen aldiz. Ondorioztatu dute korrelazio bat dutela telebistako ikusleriaren share-ak eta komunitatean dauden hizkuntzen arteko ulergarritasun linguistikoak.

Euskal Irrati Telebistaren egoitza, Bilbon.
Euskal Irrati Telebistaren egoitza, Bilbon. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Iñaki Zabaleta EHUko katedradunaren zuzendaritzapean diharduen HEKA ikerketa taldeak (European Minority Language Media and Journalism) Europako zazpi hizkuntza gutxitutan egiten diren telebista eta irratien audientziak aztertu eta konparatu ditu. Zehazki, euskara, katalana, galiziera, irlandera, galesa, Eskoziako gaelikoa eta frisiera dira.

Ondorioztatu dute korrelazio bat dagoela hiztun gehieneko hizkuntzaren eta hizkuntza gutxituaren arteko ulergarritasunean. «Hori gertatzen denean, hizkuntza gutxitua darabilten hedabideen inpaktua handiagoa da bestela baino». Halaber, korrelazio hori hizkuntza gutxituaren ehunekoekin eta hiztun kopuruarekin ere ikusi da.

Ildo horretan, “share” eta “rating” kontzeptuak bereizi behar dira. Share-a neurtzen denean, piztuta dauden telebistak hartzen dira kontuan. Rating-a neurtzen denean, berriz, telebista edo irrati guztiak kontuan hartzen dira, piztuta zein itzalita egon.

EHUk ohar batean azaldu zuenez, aztertutako zazpi telebisten batez besteko share-a %6,6 izan da Europa mailan. Katalunia, Galizia eta Frisiako telebistek %10etik %15era bitarteko share-a dute egunero. EAE, Irlanda eta Galesekoek, aitzitik, %1etik %3ra arteko share-a lortzen dute. Katalunia, Galizia eta Frisiako telebistek ulergarritasun maila handia dute hiztun gehieneko hizkuntzarekin (gaztelania eta nederlandera), baina EAEn, Irlandan eta Galesen, hizkuntzen arteko ulergarritasun linguistikoa oso txikia da, edo ez dago halakorik (gaztelaniarekin eta ingelesarekin).

Azterketaren beste ondorioetako bat zera da: hiztun gehieneko hizkuntzan egiten den telebista jeneralistarekin konparatuz, TVE1ek baino share handiagoa du Katalunian eta Galizian bertako hizkuntzan egiten den telebista publikoak (Katalunian, %7,1 handiagoa da, eta Galizian, %1,6 handiagoa). Euskal, frisiar, irlandar eta galestar telebistetan, aldiz, share-a txikiagoa da hiztun gehieneko hizkuntzan egiten den telebistarena baino. Dena den, Euskal Telebista hurbiltzen da gehien hiztun gehieneko hizkuntzan egiten den telebistaren kopuruetara (TVE1ena baino %6,6 txikiagoa besterik ez da). Konparazioa egiten denean, ikertzaileek azaldu dutenez, «datu hori oso garrantzitsua da, zerbitzu publikoaren izaera indartu egiten delako, gainerako telebisten aldea askoz handiagoa baita»: Irlandan, %16,9; Galesen, %22,5; eta Frisian, %36,1.

IRRATIAREN ENTZULERIA

Irratien entzuleriari dagokionez, datua eskuragarri duten lau irratien eguneroko reach-a (egunean metaturiko entzuleak) %7,1ekoa da, baina bi multzo bereiz daitezke. Batetik, eguneroko reach-a %6 eta %10 artekoa da hiru irratitan (Frisiakoan, %9,6; Kataluniakoan, %7,9; eta Galiziakoan, %6,3); eta, bestetik, eguneroko reach-a %5aren bueltan dabil. Kasu honetan, %4,6ko reach handi samarra lortzen du Euskadi Irratiak, ulergarritasun linguistikoaren faktore estruktural txikia duenak. Izan ere, Galiziako irratitik gertu dago. «Ziur asko, komunitatean euskal irrati horrek duen sustraitzeak eta loturak moteldu egiten dute ulergarritasun linguistikoaren faktore estrukturala», ondorioztatu du ikerketak.

Bestalde, sei irratien (Eskoziakoa alde batera utzi dute, oso minoritarioa baita) asteroko reach-a, Europa mailan, %9,9koa da. Kataluniako, Galiziako eta Frisiako irratiek %11tik %17ra bitarteko asteroko reach-a lortzen dute. Irlanda eta Galeseko irratien asteroko reach-a oso neurritsua da: %2 eta %6 artekoa. Euskadi Irratiak, aldiz, %9,6 inguruko reach nabarmen samarra lortzen du astero, Galiziako irratiaren ehunekotik gertu, eta entzuleria ehunekorik handieneko irratien multzoan sartzetik gertu da.

ETB1 ETA EUSKADI IRRATIA

Ikerketa egin dutenen arabera, kontuan izanda ulergarritasun linguistikoaren faktoreak (eta, hein txikiagoan, hizkuntza gutxituaren hiztun kopuruak) telebistako ikusleriaren tamainan eragina duela, ETB1ek share ona lortzen du, hiztun gehieneko hizkuntzarekiko oso ulergarritasun linguistiko txikia duten hizkuntzetako telebisten artean. Irlandako eta Galeseko telebisten aldean, ETB1en share-aren ehunekoa Irlandako telebistarena baino %13,6 handiagoa da, eta galesezko telebistarena baino %54,5 handiagoa. Hiztun gehieneko hizkuntzan egiten den telebistarekin konparatuz, Euskal Telebistaren euskarazko katea da share alderik txikiena duen telebista. ETB1en share-a TVE1ena baino %6,6 txikiagoa da soilik.

Etorkizunari begira kritikoa den 14-34 adin-tarteari dagokionez, ETB1en ehunekoa Europako batezbestekoa (%11,8) baino %3,5 handiagoa da. «Emaitza horrek esan nahi du aztertutako beste irrati batzuk baino gertuago dagoela gazteengandik, edo erakargarriagoa dela gazteentzat», adierazi dute.

Euskadi Irratiari dagokionez, asteroko reach-a %9,6koa da, gutxi gorabehera, Katalunia, Galizia eta Frisiako irratien %11-17tik gertu, eta Irlanda zein Galeseko irratiena baino askoz handiagoa.

Azterketan jasotzen denez, ulergarritasun linguistikoaren faktoreak (eta, neurri txikiagoan, hiztun kopuruak) eragina du irratiaren entzuleriaren tamainan. Euskadi Irratiaren asteroko reach-a RNE1ena baino zertxobait handiagoa da (%1 handiagoa). Frisiako irratiaren emaitza antzekoa da. EHUren iritziz, emaitza hori «garrantzitsuagoa eta positiboagoa» da Euskadi Irratiaren kasuan, «haren ulergarritasun linguistikoaren faktore estrukturala txiki-txikia delako», Frisian ez bezala. Euskadi Irratiak ez du emaitza ona lortzen gazteenen artean (%14,1, Europako batezbestekoa %17,3 izanik), «adin horretako entzuleek Gaztea sintonizatzen dute-eta, batez ere». Antzeko zerbait gertatzen da katalan eta galiziar irratiekin.

Iñaki Zabaletak nabarmendu duenez, «audientziei buruzko azterlan hau aitzindari da konparazio lanean, eta erreferentzia bat finkatu du Europa mailan. EITBri dagokionez, ETB1en ikusleria maila ona dela esan daiteke, Irlanda, Gales eta Eskoziako antzeko telebisten aldean. Eta Euskadi Irratiaren entzuleria maila are hobea da. Etorkizunari begira telebistarako kritikoa den 14-34 adin-tartean, ETB1en ehunekoa %3,5 handiagoa da hizkuntza gutxituetan egiten duten telebisten Europako batezbestekoa (%11,8) baino. Horrek esan nahi du aztertu diren gainerako telebistak baino gertuago dagoela gazteengandik».

Azterketa hau ikerlan baten lehen atala da. Geroago, beste kontu batzuk aztertuko dituzte: egokitasun estrukturalaren indizea audientzia garatzeko, edo sare sozialetan eta Interneten irrati zein telebista horiek lortzen dituzten emaitzak, besteak beste.