GARA
GASTEIZ

U13an Bilbon izango den manifestazioa ordubete aurreratu du Sarek

Manifestazioa 16.00etan abiatuko da.
Manifestazioa 16.00etan abiatuko da. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Urtarrilaren 13an “Konponbiderako giltzak” lelopean antolatutako manifestazioa ordubete aurreratu du Sarek, eta 16.00etan abiatuko da Bilboko La Casillatik. Urte hasieran izaten den elkartasun ekimen jendetsua 17.00etan iragarrita zegoen, baina 18.30ean jokatuko da Athleticen eta Realaren arteko derbia.

«Joan-etorri askoren ostean, Udaltzaingoarekin, futbol klubekin, zein bestelako eragileekin kontrasteak egin ondoren, eta hainbat arrazoi direla medio, guztion mesedetarako izango delakoan, manifestazioa ordubete aurreratzea erabaki dugu», adierazi zuten Sareko ordezkariek Gasteizko agerraldian.

Azaldu zutenez, «ez da, inolaz ere, erabaki erraza izan. Antolatzen gabiltzanoi zein bertaratuko diren herritar guztiei esfortzu bat egiteko eskatzen baikabiltza. Baina bi deialdien bateratasunak ekar zitzakeen arazo tekniko eta logistikoak batetik, eta ekimen batean zein bestean egon nahi duten milaka herritarrei aukera hori eskaintzeko gogoak bestetik, ahalegin txiki hori egitera eraman gaitu».

«Izan ere, halako egoeren aurrean malguak izatea eta guztiontzako aukerak eskaintzearen aldeko urratsak ematea elkarbizitzaren barnean ulertzen dugu, herri beraren parte garen heinean, guztiontzat onuragarria izango den egoera bilatuz eta sortuz», gaineratu zuten, eta aitortu, «erabakiak harridura edo zalantza sor dezakeela urtez urte Bilbora gerturatu ohi diren herritarren artean».

HELBURU BERAK

Dena den, argi utzi zuten ezarritako helburuek berberak izaten jarraitzen dutela: «Bilboko kaleak aldarriz betetzea, ezberdinen arteko elkarretaratze erraldoi bat gauzatzea eta herri gisa partekatu nahi dugun mezua, inolako itzalik gabe, argi entzunaraztea. Ordutegi aldaketak helburu hauek betetzen lagunduko digulakoan gaude, Bilbon bi ekimenen talkan sor zitezkeen kolapso eta iristeko arazoak ekidinez».

Sarek, beraz, euskal gizarte osoari berriz ere dei egin zion datorren urtarrilaren 13an «elkarbizitzaren eta konponbidearen alde» bidea egiten jarraitzeko, «bizikidetza eraikitzeko bidean, eta euskal preso, iheslari eta deportatuen etxeratzea ahalbidetu dadin».