Asier AIESTARAN
PILOTA

Labriteko partida eroak berdinketa utzi du buruan

Etxeberriak eta Zabaletak 20-22 menderatu dituzte Jaka eta Mariezkurrena, orain arteko liderrak. Ez da neurketa bereziki ona izan, eta zenoztarrak eskuan zauria egin du hormari ukabilkada bat jotzean.

Peio Etxeberria, Labriteko kontrakantxan. Hortxe eman dio ukabilkada hormari.
Peio Etxeberria, Labriteko kontrakantxan. Hortxe eman dio ukabilkada hormari. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Jakak eta Mariezkurrenak Binakako Txapelketan lehen partida galdu zuten Labriten Peio Etxeberria eta Zabaletaren kontra, eta orain bi bikoteak lau punturekin berdinduta daude ligaxkako sailkapenaren buruan. Bi atzelari jotzaileenen arteko demak ikusmina sortua zuen, baina neurketa ez zen bereziki ona izan, huts asko egon zirelako eta jokaldi arraro ugari.

Lehen tantoetan gorriak izan ziren dena egin zutenak, onerako zein txarrerako. Mariezkurrena oso hotz sartu zen partidan, huts dezente eginez, baina Erik Jaka oso inspiratuta aritu zen, erremate onak sinatuz. Urdinak, aldiz, defentsa lanean ibili ziren batez ere, baina markagailuan bizirik jarraitzea lortu zuten.

Egoerak bere horretan jarraitu zuen lehen atsedenaldi luzera arte, eta, paradoxikoki, urdinak izan ziren 11-12 aurretik iritsi zirenak, jokoan gorriek erakusten zuten nagusitasuna ezerezean utziz.

PARTIDA HOZTU

Eta lehen zatian neurketak erritmorik izan ez bazuen, zer esan atsedenalditik bueltan gertatu zenaz. Lehenik eta behin, 12-12koa suposatzen zuen Jakaren gantxo batean, Peio Etxeberriak kontrakantxako hormari ukabilkada bat jo zion amorruaren amorruz, eta eskuan zauria egin zuen. Denbora luzez egon zen aldageletan, jarraitzeko aukerarik izango ote zuen ere zalantzan egon zen une batean, baina azkenean jokatzen jarraitu zuen, eskua odolez blai zeukala.

Hori gutxi ez, eta hurrengo tantoan, Mariezkurrenak sekulako pilotakada jo zion buruan zenoztarrari. Kasu honetan, kolpeak ez zuen ondorio larririk izan, baina norgehiagoka asko hoztu zen gauza baten eta bestearen artean.

Zorionez, markagailuko emozioak salbatu zuen partida, eta azken tantoak ikusgarriak izan ziren. Baina tarte horretan ere dema oso eroa izan zen.

BI ESKAPADA

Jakak eta Mariezkurrenak, adibidez, hiru tantoko abantaila hartu zuten 16-13an, Berriozarko atzelariak errebotean sartutako pilotakada bati esker. Baina erantzuna azkar iritsi zen: Zabaletak ez zuen atzean geratu nahi eta, beste bi errebote ikusgarrirekin, 17-17 berdindu zuten emaitza.

Beste datu esanguratsu bat: Peio Etxeberriak jokoan egindako lehen tantoa 17-18koa izan zen, boleaz pilota txokoan bihurrituta. Eta zorteak ere izan zuen bere eragina azken txanpan: Zabaletak eskapadaz egin zuen 17-19koa, eta Etxeberriak ere bai 20-20koa.

Zenoztarrak atzera jotako pilota batekin itxi zuen azken 20-22koa. Pozik zegoen garaipenarekin, baina kezkatuta eskuko zauriarekin. «Mina daukat. Partidan zehar adrenalinarekin ez dut ia ezer nabaritu, baina amaitu dugunean segituan hasi naiz mina sentitzen. Ea probek zer erakusten duten eta datorren astean jokatzerik badudan», aipatu du aurrelariak.

Erik Jaka ere ez zegoen batere pozik, galdu izanagatik baino gehiago jokoan erakutsitako nagusitasuna markagailuan islatzeko gai ez zirelako izan. «Huts asko egin ditugu eta hor joan zaigu partida. Ez dugu gure jokoan jarraikortasunik erakutsi, eta horregatik galdu dugu»