GARA
DONOSTIA

«Salbuespenari zirrikitu oro zarratzeko», manifestazioa egin du Sarek Martutenetik

Sarek deituta, manifestazio batek salbuespenezko epaitegiek euskal presoen aurka hartutako erabakiak salatu zituen atzo Donostian. «Jarrai dezagun ateak zabaltzen», eskatu zuten.

Atzo Martutenetik hasitako manifestazioa.
Atzo Martutenetik hasitako manifestazioa. (Gotzon ARANBURU | FOKU)

Jendetza bildu zen atzo Martuteneko espetxe aurrean, Sarek “Konponbiderako giltza” lemapean antolatutako manifestazioan parte hartzeko.

Ohar batean Sarek azaldu zuenez, bi hilabete igaro dira Gernikan “Konponbiderako giltza” manifestua aurkeztu zuenetik, eta «ez dira gutxi izan ordutik hona jasotako atxikimendu eta ekarpenak».

Dena den, Sareren esanetan, «oraindik ere giltza gehiago izatea da gure helburua, giltza gu geuk izan behar baitugu. Konponbiderako Giltza. Etxerako Giltza».

«Ateak zabaltzen gabiltza, beste ate batzuk betiko zarratu ahal izateko. Urteetan, itxita izan diren ate ugari zabaltzeko bidea izan gara. Gutako bakoitza bere txikitasunetik, emandako urrats txiki bakoitza bide egiteko bide izan delako», gaineratu zuen.

Urruntze politika amaitu dela nabarmendu zuen Sarek, «oraindik, ordea, behin eta berriz euskal presoek etxerako bidea itxita dutela salatzea dagokigu».

Gaineratu zuenez, «salbuespenezko legediek eta salbuespenezko epaitegiek giltzarrapo izaten jarraitzen dute, baina bidean aurrera egiteko prest gaude. Urratsak egiten jarraitzeko unea da, konponbidearen eta benetako bakearen aldeko konpromisoa erakutsiz. Salbuespena lege den bitartean, giltza ugari astindu behar ditugulako, hasitako pausoei jarraiki, atariraino bide egiteko unea da».

«Esperantza hitza gure elkarrizketara itzuli da, urte luzetan giltzapean bahiturik egon ostean. Elkarlanean jarraituz gero, etxera bidea gertu egon litekeenaren itxaropena. Jarrai dezagun ateak zabaltzen, salbuespenari ere zirrikitu oro zarratzeko».