GARA
DONOSTIA

Nanoteknologia, tumoreen portaera ulertzeko aliatua

CIC biomaGUNE eta CIC bioGUNEko ikertzaileek frogatu dute SERS espektroskopia balia daitekeela minbizia ikertzeko. Interakzio mota berri bat aurkitu dute tumore zelulen eta haien inguruaren artean.

Pablo S. Valera ikertzaileak egin du datu esanguratsuak eman dituen azterlana.
Pablo S. Valera ikertzaileak egin du datu esanguratsuak eman dituen azterlana. (CIC biomaGUNE)

Nanoteknologia tumoreen portaera ulertzeko aliatua izaten ari da. Pablo S. Valera doktoratu aurreko ikertzaileak egin duen eta “PNAS” aldizkarian berriki argitaratu duten azterlan batek erakutsi du gainazalean areagotutako Raman espektroskopia (SERS du ingelesezko izena) baliagarria dela minbiziaren ikerkuntzan minbizi zelulek jariatutako metabolitoak aztertzeko.

Ikerketa Luis Liz Marzan (CIC biomaGUNE) eta Arkaitz Carracedo (CIC bioGUNE) Ikerbasque-eko irakasleek zuzendu dute, eta bi zentroetako beste ikertzaile batzuek ere parte hartu dute.

Informazio baliotsua eman dute, zeinarekin esperimentu espezifikoagoak gidatu ahal izango baitira, aurkitzeko zer eginkizun duten mikroingurunean edo tumore ingurunean jariatutako metabolito horiek. Horrekin estrategia terapeutiko berriak sortzea da xedea.

Tumore mikroingurunea ekosistema konplexu bat da, tumore zelulen eta zelula osasuntsuen arteko interakzioek sortua. Pseudoorgano dinamiko bat da, minbiziak zer garapen eta progresio izango dituen zehazten duena.

Tradizionalki, mezulari proteikoen bidezko zelulen arteko komunikazioan arreta jarri izan dute zientzialariek, baina, berriki, tumoreek zelulaz kanpoko espaziora jariatutako metabolitoei (edo konposatu txikiei) erreparatu diete.

SERS, ETORKIZUN HANDIKO AUKERA BAT

Zelula testuinguru konplexuetan metabolito horien jarraipena egiteko teknika tradizionalak mugatuak dira, baina gainazalena areagotutako Raman espektroskopia (SERS) etorkizun handiko alternatiba gisa agertu da, funtzionamendu sinplea baitu.

Pablo S. Valerak azaldu du azterlan honetan SERSen oinarritutako estrategia bat proposatzen dela, «metiltioadenosina fosforilasarik ez duten tumore zelulek jariatutako metabolito batzuk ikertzeko. Zenbait minbizi motatan, hala nola bularreko minbizian eta glioblastoman, pronostiko txarrarekin lotutako gertakari genetiko komun bat da ez izatea metiltioadenosina fosforilasarik».

SERSa «teknika espektroskopikoa da. Urrezko nanopartikulak erabiltzen ditu, biofluido batean molekulak detektatzeko. Teknika nahiko azkarra da, ez baitzaie aurretratamendurik egin behar laginei», esan du.

IKUSPEGI TERAPEUTIKO BERRIETARAKO BIDEA

SERSa erabiliz, ikertzaileek deskubritu dute zelula horiek purina metabolitoak jariatzen dituztela, zelula osasuntsuek metabolizatu ditzaketela horiek eta, horren ondorioz, aldaketa molekularrak gertatzen direla, minbiziaren oldarkortasunarekin bat datozenak.

Horrek azaltzen du nola birprogramatzen den tumore ingurunea metiltioadenosina fosforilasarik ez duten minbizietan, zeina ez baita ikusi orain arte.

«Metabolito hori detektatu ahal izan dugu, tumore zeluletan ez ezik, tumore zelulekin kontaktuan dauden gainerako zelula osasuntsuetan ere. Hau da, ikusi dugu tumore zelulek eta zelula osasuntsuek elkarrekiko harremana dutela metabolito horren bidez. Gainera, zelula osasuntsuen portaera aldarazten dute, eta, hala, tumorea garatzen laguntzen dute neurri batean», adierazi du Valerak.

«Minbizia duten pazienteengan interakzio horien konplexutasuna argitzeak, era berean, erraztu egin lezake ikuspegi terapeutiko berrietarako bidea», gaineratu du doktoratu aurreko ikertzaileak.

IKUSPEGI OSOA LORTZEKO LAGUNGARRIA IZAN DAITEKE

Azterlanean SERSaren aplikazioak izan duen arrakastak frogatzen du teknologia horrek arindu dezakeela ingurune konplexuetan gertatzen diren interakzio metabolikoak azkar atzemateko gaitasuna. Izan ere, SERSak seinaleak erraz eta azkar eskuratzen dituenez eta sentsibilitate handia duenez, lehen mailako tresna izateko baldintzak betetzen ditu, ondoren analisi espezifikoagoak bidera ditzan.

Teknika osagarriekin egindako jarraipenaren bidez tumore mikroingurunearen egoera metabolikoaren ikuspegi osoa lor daiteke.

Halaber, zientzialariek esan dutenez, garrantzitsua da nabarmentzea frogatuta dagoela sinergia eraginkorra dagoela SERS sistemaren eta beste metodo analitiko batzuen artean.