Mikel ARAMENDI
Kazetaria
JOPUNTUA

Tinian, lehengo lepotik burua

Ohartzeko moduko egitatea da honezkero Asia Ekialdean armamentu norgehiagoka erraldoia abian dagoela. Lurpeko suteak bezala, ikusi, ez da biziro ikusten, baina sumatu, edozein begiralek sumatu dezake. Amaitzear dugun urteko egintzen balantzea osatzea aski da: errusiar-txinatar aire patruila bateratuak, japoniar aurrekontu militarraren jauzia, AEBen eta konpaien itsas «bisitaldi» areagotuak Taiwan eta Txina Hegoaldeko Itsasora, gero eta gastu militar potoloagoak inguruko herrialde guztietan... Europak iraganean, behin baino gehiagotan, egin zuen bide malapartatua mundu-parte hartara zeharraldatzen ari dela esan liteke, beste paraje batzuetako (Ukraina, Palestina, Sudan) gerra irekiak baretzen ari ez direnean. Norgehiagoka horretan, agian eraginkortasunarengatik baino gehiago sinbolismoarengatik, arreta merezi duen urratsa da AEBek arestian plazaratu duten azkena: Tinian irlako hegazkin basea berrabiarazi egingo omen dute, hamarkadatan utzita, sasiak jaten, eduki ondoren.

Guametik 200 kilometro ipar-ekialdera dago Tinian, eta Bigarren Mundu Gerran aire base funtsezkoa izan zen estatubatuarrentzat Itsas Barean. Japonia bonbardatzeko, batik bat. Hain erabakigarria, ezen Tiniandik abiatu baitziren Hiroshiman eta Nagasakin jaurtitako bonba atomikoak.

Zio operatiboekin arrazoitu dute goi-arduradun militar estatubatuarrek urratsa, ACE («Agile Combat Employment») delako estrategia baten ildoan. Ez da itsuki sintesi beharrekoa: sakoneko arazoa da Guam irlan AEBek duten base erraldoia gaur egun arma txinatarren irismenaren barru-barruan legokeela; eta Tiniangoak ez lioke ia ekarpenik egingo egoera horri. Gainera, bere garaian Tinian utzi eta Guam hobesteko arrazoi nagusiak bere horretan jarraitzen du: Tinianek ez du itsas portu nahikorik, horrek logistikarako erakartzen duenarekin.

Beraz, zergatia, operatiboa baino gehiago sinbolikoa dela ebatzi beharko da: lehengo lepotik dugu burua.

Ez zait iruditzen Beijingen inor harrituko duenik mezuak.