GARA
BESKOITZE

Olentzero, astaña eta ardiak, Beskoitzen ikastola izanen dela irudikatzeko protestan

Udalak Beskoitzeko ikastolaren hitzarmena bertan behera utzi duela salatzeko, Olentzeroren laguntzaz ikatza utzi eta «astaña eta bertze 13 ardiei» auzoek argiki adierazi diete ikastola izanen dela 2024an.

Beskoitzen atzo egindako ekintza.
Beskoitzen atzo egindako ekintza. (Guillaume FAUVEAU)

Beskoitzeko ikastolak hamar urte egin ditu lursail publikoan. Lau haurrekin hasi zen ikastetxeak haur gehiago bildu ditu urtetik urtera. Aurten 51 ikasle ditu. Ikasle kopuruak gora egin ahala, prefabrikatutako moduluak gehitu behar izan dituzte gurasoek.

Handitze lanak bere gain hartzeko prest azaldu da ikastola, baina Fabienne Ayensa auzapezak bide hori moztu egin du, udala eta ikastetxea lotzen dituen hitzarmena bertan behera utziz.

Beste konponbiderik atzeman ezean, 2024ko uztailean, kurtsoa amaitutakoan, ikastolarik gabe geldituko dira ikasleak.

Egoera horri irtenbideren bat ematea ezinbestekoa dela adieraztearren, protesta irudimentsua egin zuten atzo Beskoitzeko ikastolako gurasoek.

Olentzeroren laguntzarekin ikatza utzi zieten Beskoitzeko udal gobernua osatzen duten hautetsiei.

DESFILE BEREZIA

Auzapezek eramaten duten xingola jantzia zuen Astaña -kartoizko astoa- paratu zuten segizioaren aurrean. Haren gibelean 13 ardi irudikatu zituzten ikastolako lagunek.

Oroitzearren, ikastolaren geroa airean utzi zuen udal bileran horrela pasatu zen ikastolari dagokion bozketa. Fabienne Ayensa auzapezak berak eta bertze 13 hautetsik babestu zuten ikastolarekin adostutako kontratua heldu den uztailetik landa bertan behera uzteko erabakia.

Horren kontra azaldu ziren, ordea, bertze lau hautetsi. Udalaren bileran bertan, Ayensa auzapezari «herritarrei emandako hitzari uko egin izana» egotzi ondoren, bere dimisioa eman zuen Marie-Jose Jocouk.

Euskal Irratiek ekimenari buruz egin duten kronikaren arabera, protestarekin bat egin duten hamarnaka auzok “Beskoitzen ikastola” oihuak entzunarazi dituzte udal plazan.

“Ayensa: Hitza hits” leloa idatzita zuten kartelak erakutsi dituzte zenbait lagunek.