GARA
DONOSTIA

Mila gazteren gutunak, egoitzetan bizi diren adineko bakoitzarentzat

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako mila ikasle inguruk gutun bana idatzi zieten egoitzetako adinekoei Eguberri bezperan. Hirukide familia ugarien federazioko gazteen arloak, Hirugaztek, bultzatutako ekimena izan zen «Eskutitz bat zuretzat». Balantzea ederra da.

Adineko pertsonek gustura jaso zituzten gutunak.
Adineko pertsonek gustura jaso zituzten gutunak. (Iñigo URIZ | FOKU)

Lehen Hezkuntzako bosgarren mailatik Bigarren Hezkuntzako bigarren mailara arteko ikasleek parte hartu zuten Hirugazteren “Eskutitz bat zuretzat” proiektuan. Gutun pertsonalizatu bana idatzi zieten gaztetxoek egoitzetan bizi diren adineko pertsona bakoitzari. Orotara, mila eskutitz banatu zituzten.

Hirukide familia ugarien elkarteko arlo bat da Hirugazte. Bertan sortu zen ideia. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikastetxe publiko eta kontzertatu guztiei idatzi zieten, ikasleak parte hartzera gonbidatuz. Horietatik hamabostek baiezkoa eman zuten eta, horiez gain, beste askok beren kasa parte hartu zuten ekimenean.

Era berean, Hirugazte adinekoen egoitza ugarirekin harremanetan jarri zen, eta horietatik hemezortzik bat egin zuten proiektuarekin. Gutunak jasoko zituzten pertsonen izenak eman zizkieten, eta beren bizitzako daturen bat, idatziak pertsonalizatu ahal izateko. Ondotik, entrega egunak finkatu zituzten eta eskura eman zizkieten eskutitzak, baita kasu batzuetan irakurri ere. 1.081 ikaslek idatzi dizkiete gutunak 528 adinekori.

PARTAIDETZA ZABALA

Hirukidek eta Hirugaztek balantze oso positiboa egin dute. Ikastetxeek eta egoitzek ere bai. Ez zuten inondik ere halako partaidetza handirik espero, ez gazteen aldetik eta ez adineko pertsonen aldetik.

«Gaztetxo askorentzat lehenbiziko aldia zen gutun bat eskuz idazten zutena eta batzuentzat aurreneko aldia zen egoitza bat bisitatzen zutena. Era berean, zenbait adinekorentzat urtetan jasotako lehen eskutitza zen. Hortaz, esperientzia zoragarria izan da zentzu guztietan», nabarmendu zuen Monica Garciak, Hirugazteko koordinatzaileak.