GARA
ORKOIEN

Orkoienen euskara murriztu nahi dutela salatu dute

Orkoiengo Udalak onartu nahi duen Euskararen Ordenantza berriak euskaldunon eskubideak urratu eta hizkuntzaren presentzia murriztu nahi duela salatu zuen atzo Behatokiak, bertako eragile, erakunde eta norbanakoekin batera.

«Afera hau ez da euskara dakiten herritarren eskaera bat, orkoiendar guztion oinarrizko eskubideez ari gara, herriko jardueretan euskara erabili nahi duen orok gaztelania erabili nahi duenaren berme berdinak izateaz, etorkizunean euskara ikasiko dutenen edo ikasi nahi dutenen eskubideak ere bermatzeaz, Orkoienera bizitzera datozen pertsonek euskara ezagutzeko duten eskubideaz», azaldu zuten.

Finean, Orkoiengo eta Nafarroako hizkuntzen berdintasuna eta hizkuntzen bizikidetza herritarren arteko bizikidetza dela aldarrikatu zuten. Gainera, euskara gutxiagotua dela eta egoera horrekiko neurriak behar direla oroitu zuen Behatokiak.

UDALARI ESKAERA

Azaroaren 29an zabaldu zuen Orkoiengo Udalak Euskararen Ordenantza aldatzeko prozesua irekitzen zuela, eta hilabete bateko epea ematen zuen ekarpenak egiteko.

Atzo, epe hori amaitu zen egunean, Agurne Gaubeka Behatokiko zuzendariak testu berria atzera botatzeko eskatu zion Udalari. «Batetik, hitzaurrean, aurreko ordenantzak euskarari egiten zizkion erreferentzia guztiak ezabatu dituzte eta hizkuntzez orokorrean hitz egiten dute, kontuan hartu gabe euskara dela gutxitutako hizkuntza eta babesa eta sustapena behar dituena. Bestalde, euskarari berariazko aipamena egin beharko litzaioke», adierazi zuen.