GARA
KIEV

Drone eta misilen erasoekin Errusiak latz kolpatu du Ukrainako atzegoardia

Urte hasierak bonbardaketen areagotzea ekarri du Ukrainara eta Errusiako Belgorod hirira. Droneek zabaldu zuten erasoaren ondotik, misil zaparrada iritsi zen. Bereziki Kiev hiriburua jo zuten errusiarrek, eta ehunka mila biztanle argindarrik eta urik gabe utzi. Moskuren esanetan, azpiegitura, armategi eta industria militarrak suntsitu ditu.

Ukrainar suhiltzaile bat, atzoko misil erasoek sortutako sute bat itzaltzen saiatzen.
Ukrainar suhiltzaile bat, atzoko misil erasoek sortutako sute bat itzaltzen saiatzen. (Genya SAVILOV | AFP)

Urte amaierak bonbardaketa hilgarriak utzi zituen Ukrainan eta Errusiako Belgorod hirian. Patroi bera errepikatu da urte berriaren hasiera honetan. Errusiak jatorriz irandarrak diren eta jada berak ekoizten dituen Shaed drone multzo handi batekin ekin zion erasoari; besteak beste, aire-defentsarako ukrainar sistemak antzeman eta horiei aurre egiteko. Kiev hiriburua eta Kharkiv Ukrainako bigarren hiri handiena helburu izan zuten erasoek; Kaspiar itsasotik, Itsaso Beltzetik eta bonbaketari estrategikoetatik jaurtitako misil zaparrada batek jarraitu zion, misil hipersoniko balistikoak eta aerobalistikoak erabilita. Kievek jasan duen eraso handiena izan da, zentsura pasatu duten irudiek erakusten zutenaren arabera, hiriburu guztia eztanda eta ke artean utzi zuena.

Ukrainar iturrien datuen arabera, beren aire-defentsa sistemek errusiarren 35 drone (erabili zituzten guztiak) eta 99 misiletatik 72 suntsitu zituzten, erabilitako hamar misil hipersonikoak tartean. Hala ere, 300.000 pertsona baino gehiago argindarrik gabe zeudela onartu zuten, ur-presio sistemak huts egiten zuela hirian, eta hiru hildako eta dozenaka zauritu zeudela jakinarazi zuen.

ERASO ETA KONTRAERASO

Moskuko iturriek, bestalde, jo nahi zituzten gune guztiak jo zituztela esan zuten, energia azpiegitura, armategi, aire-defentsa sistema, bunkerrak eta industria militarra hartu zituela jopuntuan azpimarratuz.

Eraso horiek gertatu eta gero, Ukrainak Errusiako Belgorod hiriaren aurka jo zuen. Berdin egin zuen abenduaren 30ean, hiriko Gabonetako merkatua barreiatze-bonbekin eraso eta 25 pertsona akabatuz. Atzo, ostera, herritarrek bunkerretan estalpetzeko denbora izan zuten eta errusiar aire-defentsa sistemek Kievek jaurtitako 14 suziriak suntsitu zituzten.

Belgorodeko erasoaren harira, Vladimir Putinek ohartarazi zuen Kiev erraustea ez dela zaila beren armadarentzat, eta, amorrazio eta mendeku goseak halako zerbait egitera bultzatzea ulergarri baderitzo ere, ez omen dute Ukraina txanpon berarekin ordainaraztera behartuko. Erasoak areagotuko dituztela hitzeman zuen, atzokoa adibide, baina betiere burua hotz, abantaila estrategikoa berme eta azpiegitura militar kritikoak jopuntuan hartuta.

NEGU GORRIA, PUTZU GORRIA

Gauzak horrela, Ukrainak munduari iragarritako udal kontraofentsibak porrot argia eskuratuta, errusiarrak koska hemen eta koska han lurralde eta posizio berriak lortzen ari direnean, aire eta itsas erasoak areagotu egin dira neguan. Volodimir Zelenskik Krimea isolatzeko kontraofentsiba berria iragarri du udaberrirako, eta Putinek, misil zaparrada latzagoak. Negu gorria datorrela bistakoa da, putzu gorri betean itoko direla milaka soldadu gehiago, eta sarraskiaren amaiera oso urruti dagoela, edonondik begiratuta ere.