GARA
DONOSTIA

Ia 7.000 lagunek bozkatu dute Manteoko proiektuaren inguruan

Erakundeek egin ez dutenari ekinez, SOS Manteok eta Ulia auzo elkarteak iritzia galdetu diete herritarrei, Basque Culinary Centerrek Donostiako Grosen egin nahi duen egoitzari buruz. «Balorazio oso positiboa» egin dute. 7.000 boto bildu dituzte asteburu bakarrean.

1.500 lagunek baino gehiagok eman zuten botoa Grosen jarritako hautetsontzietan.
1.500 lagunek baino gehiagok eman zuten botoa Grosen jarritako hautetsontzietan. (Jon URBE | FOKU)

«Oso pozik gaude. Balorazio oso positiboa egiten dugu gizarteak emandako erantzunarengatik. Gero eta gehiago gara, Change.org-en sortutako gure kontuaren datuak gainditzen ditugu». Hala adierazi zuten atzo Ulia auzo elkarteak eta SOS Manteo plataformak, Basque Culinary Centerrek EAJren eta PSEren babesarekin Donostiako Gros auzoan aurrera eraman nahi duen egitasmoaren inguruan iragan larunbatean egindako herri galdeketaren datuak eskuetan.

Honako galdera egin zieten donostiarrei: Manteo-Zemoria parkea babestu nahi al duzu bigarren Basque Culinary Center bat eraikitzearen aurrean? Eguerditik hirurak arte hautetsontziak jarri zituzten Okendo kultur etxean eta Nafarroa Beherea plazan. Antolatzaileak pozarren zeuden, 1.500 lagunek baino gehiagok eman baitzuten botoa. Ilara luzeak sortu ziren, eta boto-paperik gabe geratu ziren. Internet bidez bozkatzeko aukera ere zabaldu zuten, abenduaren 31ko gauerdira arte.

Okendon 728 boto bildu zituzten; Nafarroa Beherea plazan, 743. Eta Internetez, 5.477. Gehien-gehienek, 6.486 lagunek (botoen %96,53), baietz bozkatu zuten, Manteo-Zemoria parkea babestu nahi dutela. Baina jaso zituzten ezezko boto batzuk ere, 222 (%3,30). 229 boto baliogabe ere zenbatu dituzte. Guztira, 6.948 lagunen iritzia bildu dute horrela. Eskerrak eman zizkieten guztiei.

BERDEGUNE BAKARRENETAKOA SUNTSITU

Galdeketaren antolatzaileek Basque Culinaryren Manteoko proiektuaz oinarrizko datu batzuk eman zituzten: «28 milioi euroko kostua du, eta horietatik 26 milioi guztion artean ordainduko ditugu, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren bitartez. Donostiako Udalak 60 milioi euroko balioa duen lursail publiko baten lagapena egiteari esker ahalbidetu da egitasmoa». Horretaz gain, «Groseko berdegune bakarrenetakoaren suntsipena eta bertan dauden 50 urtetik gorako ehun zuhaitzen mozketa ekarriko du». Hori gutxi ez balitz bezala, proiektua aztertzen ari dira orain «orubean amiantoa eta bestelako kutsatzaileak egon daitezkeelako».

UDALAREN UKOA

SOS Manteok eta Ulia auzo elkarteak salatu dutenez, Donostiako «Udal Gobernuak beti uko egin izan dio gai honen inguruan donostiarren galderei eta eskariei erantzuteari». Horregatik eman dute erreferenduma antolatzeko pausoa.

Egin nahi duten eraikina kokatzeko toki egokiagoak badirela defendatzen dute. Jendeari entzungor, azaroan, zentro berria eraikitzen hasiko zirela iragarri, eta obren hesiak ere jarri zituzten, baina horrek ez zuen herritarren artean sortutako kontrako mugimendua itzali.