Estibalitz EZKERRA
Literatur kritikaria

Zama

Sama Alshaibiren “Hornet’s Nest” (Listortzarren habia, 2018) zuri-beltzeko argazkian artista bera agertzen da, soineko luze zuri bat soinean duela eta ilea hijab zuri batek estaltzen diola.

Burua ezkerretara okertuta eta begiak itxita, gora altxatuta dituen bi besoekin ur anfora handi bati eusten dio. XX. mende hasieran Ekialde Ertainean ateratako argazki bat dirudi eta, berez, garai eta lurralde horretako emakumeei egindako omenaldia da, aita aldetik irakiarra eta ama aldetik palestinarra den Alshaibiren lana.

Baina artistaren argazkiak badu ukitu berezi bat: erretratuko emakumeak besoetan duen anforaren tamaina gehiegizkoa da eta burua okertzen zaio, haren pisu astunaren eraginez (edo pisuaren astuna azpimarratzeko). Atlas ematen du, munduaren zama gainean daramala.

Serie oso bat du Alshaibik, non artista bera, Ekialde Ertaineko emakumeari bere gorputza utzita, denetariko objektuei eusten agertzen den.

“Eternal Love Song” (Betiereko maitasun abestia, 2019) argazkian, esaterako, erretratuko emakumeak palestinar brodatuekin apainduriko soineko beltza darama.

2021ean UNESCOk gizateriaren kultur ondare ukiezin izendatu zuen palestinar amengandik alabengana belaunaldiz belaunaldi transmitituriko brodatu mota hori. Buru gainean maleta bat du emakumeak, eta gerriari lotuta giltza bat.