Maddi TXINTXURRETA
«ETXERA» BERTSO JAIALDIA OIARTZUNEN

Mundu berrien izpiak sarraila zaharren atzetik

Hasi da atzerako kontaketa, Sarek eta Etxeratek deitutako manifestazioak beste urte batez Bilbo har dezan. Atari horretan, giltza bana eskuan hartu eta abestu zioten zortzi bertsolarik ziegak husteko nahiari, mundu berriak hasteko beharrari. 700 pertsona bildu zituen presoen eskubideei kantatzen dien Oiartzungo «Etxera» bertso jaialdiak.

Ezkerrean, Iturriaga kantuan eta Egaña, Peritz eta Martin atzean; eskuinean, Lujanbio eta Uria oholtzan.
Ezkerrean, Iturriaga kantuan eta Egaña, Peritz eta Martin atzean; eskuinean, Lujanbio eta Uria oholtzan. (Gorka RUBIO | FOKU)

Sarraila zahar bat giltza berriekin irekitzeko ahaleginean aritzen dira, urtero, zortzina bertsolari, Sarek, Etxeratek eta Oiartzungo Udalak euskal presoen eskubideak kantuz defendatzeko antolatzen duten bertso-saioan. Eginahal horretan aritu ziren atzo arratsaldez ere, Madalensoro pilotalekuan, Alaia Martin, Amets Arzallus, Andoni Egaña, Aner Peritz, Jone Uria, Julio Soto, Maialen Lujanbio eta Unai Iturriaga. Pilotalekuan bildu ziren 700 lagunek astindu zuten aldiro konponbiderako giltza-sorta, datorren larunbatean Bilbon egingo den manifestazioa berotzeko.

Oraindik hustu ez diren ziegetara zuzendu zuten lehenik begirada bertsolariek, saioa hasteko agurretan. «Berriro ere elkartu gaitu/ betiko gai berak/ beteta daude ziegak/ nahiz ta egin den bide bat/ denak ekarri behar ditugu/ oraindik etxerat», hasi zen Iturriaga. Eta Alaia Martinek “Etxera” bertso jaialdiak eta gisakoak egiteak dakartzan keinu txikiei egin zien aipamena: «Senideentzako ez da/ aski izango beharbada/ baina arintzen du karga/ asko egin ezin denean/ zerbait egin behar da».

Ohepera begiratu zuen Aner Peritzek, han ageri diren «dinosauroez» ohartarazteko, Euskal Herriak «ia ohituratzat» dituen «zigor eta mendeku politikak» gorpuzten dituztenak handik libratzeko desioz, ohe azpiak ez baitira, inola ere, «dinosaurioen habitat».

Ekitaldian bortxaz falta zirenei agurrak, preso eta iheslariei dagozkienak, banatu ostetik hasi zen Amaia Agirre gaiak partitzen, eta altxarazi zituen Uria eta Lujanbio. Bazkaltzeko adorerik gabe, gelan itxi da Maialenen gizona, Joneren aita. Hainbeste etxetan azken boladan hainbeste alditan gertatu bezala, baldintzapeko askatasuna usaintzera eman eta muturrekoa eman dio Espainiako Auzitegi Nagusiak: hirugarren gradutik bigarrenera itzuli eta, beraz, etxetik atzera ere kartzelara bueltatuko dute.

Galdezka hasi zitzaion Uria amari: «Orain zergatik giltzapetzen du/ aitatxok bere burua?» «Oraindik ez da gurekin ohitu/ ta alde batera, normala/ sentituko du aklimatatzen/ oso pixkana doala/ zuk badakizu gidoilaria/ hemen Espainia dala/ ta bukaerak luzatzen ditu/ filme txarretan bezala», erantzun zion Lujanbiok. Hamalau urteko haurrari tristurarik ezin kendu, ordea. «Hirugarrengo gradutik bira/ eta berriz giltzapera/ eta geu ere pasako gara/ hirutik bi izatera», kantatu zuen Jone Uriak.

Kristina Rodriguez, Ainhoa Ozaeta preso andoaindarraren lehengusua, igo zen geroago oholtzara. Hamasei urte dira Ozaeta atxilo eraman zutenetik, mikrofonoa hartuta kontatu zuenez, eta ordutik Estatu frantseseko ziegetan izan dute preso, beti «etxetik urrun», emakumeentzako espetxerik ez baitago Euskal Herritik gertu, ezta «gizonentzat pentsatuta dauden espetxeetan» andrazkoentzako moduluak jartzeko asmorik ere. Gaur, Reauko espetxean dago, etxetik 846 kilometrora. Sakabanaketa politika salatzen duen “846 km” dokumentala aipatu zuen lehengusinak. Ikus-entzunezko hau grabatzeko, zazpi gaztek bizikletaz egin zuten Reau eta Donostiako Martutene espetxearen arteko bidea. «Pozgarria izan zen gazteak horretan ikustea», aitortu zuen Rodriguezek.

Amua jarrita, gai-jartzaileak agindu zituen paperak: Iturriaga gazte horietako bat zen, bidaia luzetik iritsi berritan. Eta Alaia Martin gipuzkoarrak Kristina Rodriguezen azaletik egin zuen bertsotan. Eskertuta hartu zuen 846 kilometro, euriz, txingorrez, ekaitzez jantzita, bizkarrean zekarren txirrindulari solidarioa. «Hementxe egon gara/ noiz iritsiko zain/ nahiz han jarraitzen duen/ gorrotoa ordain/ pixka bat gertuago/ sentitzen dut orain». Iturriagak, aldiz, meritua «hemen geratzea» dela erantzun zion, eta «katea eten ezean/ gurpila badabil», egin zion promes. Eta grina horrekin erantzun zion Martinek ere: «Gaur besarkada duzu/ zure garaikurra/ guk jarraituko dugu/ luzatzen muturra/ ta ea noiz amaitzen den/ Frantziako Tourra».

ESKELAK, PAILAZOAK; HENDAIA 70-80

«Egunkariko eskelak/ nire kutixia/ nire lagunetan nork/ galdu dun bizia/ baina gaur a ze pena/ ze injustizia/ zure laguntxoetaz/ baita notizia». Hala kantatu zion Andoni Egañak Unai Iturriaga bilobari, egunkaria irakurtzen ari zela jakin zuenean Pirritx, Porrotx eta Marimotots epaituko dituztela Sareren ekitaldi batekin bat egiteagatik. «PPko zinegotzi/ kutre pagafanta/ graziarik ez daukak/ pailazo galanta» egin zuen protesta Iturriagak, salaketa aurkeztu zuen Carlos Garcia Durangoko zinegotziarekin amorratuta.

Baina aitonak, zakur zaharrak legez, bazuen erremediorik «Durangoko tipoa» bezalako «pieza» direnentzat: «Patata tortillarik/ holakoi ez egin/ ta bai dutxara sartu/ ur hotz-hotzarekin».

Salto bat, espazioan eta denboran. Hendaia, 1970eko hamarkadaren bukaeratik 80koaren amaierako aldira. Han izan zen, ihesean, Donibane Azkarateren aita, Agustin. Aurretik, egina zuen urtebete kartzelan. Eta, gero, Habanan emango zuen urte mordoxka bat. Oholtzara igota, Donibane Azkaratek Amets Arzallusi eskatu zion aulkitik altxatzeko, berak ere Agustin Azkaratek ezagutu zuen Lapurdi hura bizi izan zuelako, orduko borrokarako garra. Aitaren enkarguz, ondoko galdera egin zion: «Zer moduz daude gure etxeko giltzak?»

Agustini zuzendu zitzaion Arzallus kantuz, ohartarazteko aldatu direnez denborak, mudatu direla baita giltzak, sarrailak eta borrokak; edo mudatu beharko liratekeela, bederen. «Pasa zenun bai borroka zahar/ ta luze baten garaia/ zuk badakizu beste aro bat da/ orain bakea da gaia/ berriz pentsatu beharko dugu/ borrokaren esanahia». Eta aipatu zituen ere zoritxarrez aldatzen ez diren kontuak. «Geronek ere geure burua/ sarritan dugu amildu/ horrexegatik nonbait ez gara/ ortzi-mugara hurbildu/ beti gatazkan bizi izan gara/ hor GKS hor Bildu/ baina borrokan sinisten dut nik/ nahiz orain garaiak zaildu/ ta beste zerbait esango nuke/ baina hobe dut isildu».

Kaixo eta agur, edo alderantziz

Oiartzungo saioa borobiltzera iritsi ziren bertsolarien bukaerako agurrak, belarrietan sartzen asmatzen duten dardoen gisan. Hala uste ez bada ere, gureak ere badiren ardurak plazaratzeko baliatu zuen talaia Amets Arzallusek: «Agur Oiartzun oroitzen gara/ presoz, haurrez, aitaz, amaz/ ta zoritxarrez gure mundua/ hornitua dago dramaz/ nahiz ta askotan aipatzen diren/ Israel edota Hamas/ ez al da hemendik untzirik irten/ sotoak beterik armaz?/ Hemengo hamaika enpresa dabil/ hango gerretatik janaz/ ta gero guri bortizkeria/ kondenatzeko esanaz»

Alta, mundu berriak sortzeari abestu zion Julio Soto bertsolari nafarrak. «Azken presoa ez da izango/ libre berehalakoan/ baina gutxio falta da eta/ hargatik poz hau gaurkoan/ muxu bat eta urte berri on/ maitasun goxo askoan/ guk eraikitzen segiko dugu/ hala behar delakoan/ mundu berri bat geure baitan ta/ mundu berri bat kanpoan».

Eta, hariari jarraituta, mundu zaharrak akabatzeko, ate zurrunak botatzeko, nahiari abestu zion Maialen Lujanbiok, aspaldi existitzeko zentzua galdu zuen oholtza herdoildutik. «Zaharrik bukatzen ez/ ta berriak hasten/ justizian pobre ez zen/ gerran aberasten/ eskerrak ez dituzten/ presoak ahazten/ batzuk astero dabiltz/ kristala arnasten/ aldizka elkartasun/ egintzak ardazten/ ta urtero saio hau/ desagerrarazten».