Eli PAGOLA
GIZAKIAK EKOSISTEMETATIK LORTZEN DITUEN ONURAK

Ekosistema-zerbitzuei lekua egin, oinordeko onak izateko

Ekosistema sistema biologiko bat da, inguru jakin bateko osagai fisiko eta bizidunek eta elkarren arteko harremanek osatzen dutena. Horiek babesteko eskatu ohi da, ekosistema osasuntsuak onura ugari dakartzalako. Baina hortik gertu al gaude? Ekosistemen zerbitzuez mintzatu da Ibone Ametzaga Biologian doktorea.

Baionako baratze bateko fruitu bat, ezkerrean, eta, goian Ilso mendiaren gaina, Zalla eta Gordexola artean.
Baionako baratze bateko fruitu bat, ezkerrean, eta, goian Ilso mendiaren gaina, Zalla eta Gordexola artean. (Guillaume FAUVEAU - Endika PORTILLO | FOKU)

Gizakiak ekosistemetatik lortzen dituen onurak dira ekosistemen zerbitzuak. Hiru multzotan sailka ditzakegu: zuzenak (janaria, energia, ura, ehunak... ikus daitezkeenak), erregulatzaileak (askotan ez garenak konturatzen hor daudela: aire eta ur garbia, tenperatura ona, hezetasuna, polinizatzaileak, lurzoruaren emankortasuna, izurriteen kontrola...) eta kulturalak (norberak bere paisaiarekin sentitzen duen lotura, hezkuntza, aisialdi eta ikerketarako duten garrantzia eta balio estetikoa, besteren artean).

Ibone Ametzaga Biologian doktorea eta EHUren Unesco katedraren zuzendaria da garapen iraunkor eta ingurumen hezkuntzan. NAIZ Irratian hitz egin du, zabal, zerbitzu ekosistemikoez. Azaldu duenez, naturan egoteak on egiten digu. Ekosistemek, euren funtzionamenduaren bidez, ondo sentiarazten gaituzte. Ongizatea eta bizi kalitatea ezberdindu ditu. «Bizi kalitate ona dugu: hezkuntza, osasun sistema... Baina, bestetik, inoiz baino arazo psikologiko gehiago ditugu. Gure ongizatea ez da ona. Hori dena, neurri batean, ekosistemen zerbitzuetan begiratzen da».

NATURAK BETI EMATEN DIGU GEHIAGO

Baloratzeko modu ezberdinak daude. Biofisikoa da bat; horretan aritzen da Ametzaga, eta neurketak egiten ditu. Gero eta gehiago eskatzen ari da balorazio ekonomikoa. Biologoak baieztatu duenez, naturak ematen diguna beti da bera zaintzen gastatzen duguna baino gehiago. Nork ordain dezake zuhaitz bat? Otsoari prezio bat jarri zaio, baina hori balio du benetan? Nola kalkulatuko dugu baso batek daukan informazio genetikoa?

«Inoiz ez dugu lortuko benetako balioa neurtzea. Araztegi batean inbertitu dezakegu, baina gero mantendu egin behar da. Padurek eta ibai basoek, aldiz, dohainik betetzen dute funtzio hori».

Amazonian eta hainbat eremutan sortutako kalteak diruz ordaintzen direnean, hankamotz geratzen dira beti. «Izan ere, zerbait oso garrantzitsua galdu duzu, eremu bat kutsatu duzu, jendea bere eremutik atera duzu. Zelan ordain dezakezu pertsona horiek lur horrekin daukaten lotura? Ezin da. Hori da barneratu behar duguna».

Ibone Ametzagak defendatu duenez, edozein gauza egin behar dugunean oso argi pentsatu behar dugu zergatik, benetakoa den eta luzera begira ona izango den jendarte osoarentzat.

GURE PAISAIAREKIN DUGUN LOTURA

Jakinarazi duenez, ekosistema zerbitzuen metodologia astiro sartzen ari da Europatik. Bere ustez, gero eta gehiago konturatzen gara guztiok zer lotura daukagun gure paisaiarekin, lurrarekin, inguruarekin; adinean aurrera egin ahala gehiago, eta horrek lagun dezake erabakiak hartzen ditugunean ulertzen. Gaitza baita ezer baloratzea ulertu eta ezagutu gabe.

Biologoak kontatu du landaketen proiektu batean lur-jabeei galdetu zietela ea, ahal izatera, zer landatuko luketen: pinua, eukaliptoa edo bertako basoa. Gehienek bertako basoaren alde egin zuten. «Akaso errazago lortuko duzu egurra eukaliptoekin. Baina auzia da zer galtzen duen gizarteak zuk eukaliptoa jarrita eta zer arazo sortzen dituzun. Hirietan barneratua dugu ezin dugula nahi duguna egin; paisaian ere hala izan beharko luke».

OINARRIA BIODIBERTSITATEA DA

Unesco katedraren garapen iraunkor eta ingurumen hezkuntzako zuzendariak esplikatu duenez, dena dago lotuta ekosistemen funtzionamenduan. Larreetako hesiak oso garrantzitsuak dira, lotura moduko bat direlako. Hesi horietan dauden zuhaixkek inguruko larreek baino sustrai sakonagoak dituzte, eta beheko geruzetara migratu duten mantenugaiek berriro gora egiten dute, hostoak bota. Bertako basoa aldatzen badugu, hosto iraunkorreko pinua eta eukaliptoa sartuz, kimika eta funtzionamendua ezberdina izango da, eta ez du bermatuko espezie berak egotea bi ekosistemetan.

«Horrek biodibertsitatean eragiten du, eta ezin dugu ahaztu ekosistemen funtzionamenduen oinarria biodibertsitatea dela. Horrek laguntzen du baldintzak aldatzen direnean mantentzen eta eboluzionatzen, ze une batzuetan espezie batzuk dira nagusi, eta gero, lehortea dagoenean, beste batzuk, baina sistema belarra sortzen ari da, intsektuek janaria dute». Hori horrela da duela 3.800 milioi urte Lurrean bizia sortu zenetik.

Ona edo txarra den eukaliptoa eta pinua landatzea? «Sistema ezberdinak dira. Espezieak ez dira txarrak, dira kudeaketak. Ez badugu bermatzen bertako biodibertsitatea, lurzoruaren emankortasuna galtzen badugu eta lurrak errekan bukatzen badu, lur zentimetro bat sortzeko ehun urte behar dira. Bai, ongarria botatzen dugu. Baina nondik lortu dugu ongarri hori?».

AZPIEGITURA BERDEAK ETA URDINAK

«Naturan dena dago oso ondo lotuta. Ez dago inoiz hondakinik. Eta gu izugarriak gara: oso denbora gutxian, ia kotxerik ez izatetik ilargiraino iritsi gara. Orain da momentua esateko benetan gizakia azkarra den ala ez. Naturaren bidez animaliek eta landareek beste espezieentzako bizi baldintzak sortzen dituzte. Baina gu hori egiten ari gara? Gehiago begiratu behar diogu naturari, zer lan egiten duen ikusi. Orokorrean sortzen dituen materialak biodegradagarriak dira eta sistema aurrera doa denbora guztian».

Biologian doktoreak aldarrikatu duenez, ekosistemak behar ditugu, gure paisaian mantentzea ekosistemen arteko lotura hori, uraren mugimendua, uraren bidea aldatzen badugu aldaketa izugarria sortzen duelako lurzoruan. Covidak lagundu zigun, bere iritziz, naturaren garrantziaz konturatzen. Pausoak ematen ari dira, ekosistemen zerbitzuekin eta azpiegitura berde eta urdinekin. Hauek eremu naturalak edo erdi naturalak dira. Biodibertsitatea mantentzeko funtzioa dute, ekosistemen zerbitzuak mantendu edo areagotzeko sortuak daude. Sare bat dira, lotuta egotea lortu behar da. Espezieak mugitzen laguntzen dute. Hiri batean, parke bat eta ondoko espaloiko zuhaitz batzuk izan daitezke, adibidez.

Multifuntzionalitatea begiratzen da: «CO2a finkatzea, ura araztea, polinizatzaileen eremuak egotea... Zerbitzu asko dira. Hori aplikatu beharko litzateke guztian, gure paisaian edozer egiten dugunean zertan ari garen pentsatu behar dugu, batez ere berdegune bat edo ur gune bat galduko badugu. Askotan badira eremuak nahiko narriatuta daudenak, horregatik Europan onartu den araudi berriarekin paisaiak hobetzen saiatzen ari dira».

Ametzagak dio lekua egin behar diegula biodibertsitateari eta ekosistemen zerbitzuei. Baikorra izan nahi du. «Oinordeko onak izan behar dugu. Beste batzuk datoz eta beste batzuk egon ziren. Gure inguruan dagoena mantentzen eta hobetzen saiatu behar dugu. Azkenean horrek denentzat ekarriko ditu onurak».

Adibidez, Bakio aldean, lehen eraikitzeko zegoen eremu bat errekari ematea adostu dute erakundeek. Gorlizeko badian, hondartza zabaldu eta parkinga kendu dute. Muskizen depositu batzuk kendu eta padurak sortu dira. Erabaki horiek denentzat onak direla azpimarratu du.

Mediterraneoan suteak ohikoak dira, hemen ez. Zergatik gertatzen dira orain gehiago? Bertako basoak hezetasuna mantentzen du, pinuak eta eukaliptoak ez. «Gizarte bezala konturatu behar dugu, eta denon artean ulertu. Ez da ez ona, ez txarra, baina goazen benetan denok irabaztera. Ez dugu hainbeste egur lortuko, baina dirulaguntzak egon daitezke, eta ez da hainbeste hondamendi sortuko».

BERTAKOA

Biodibertsitateak bertakoa izan behar duela nabarmendu du. Europa mailan ikertu dute zer den garrantzitsua basoetan, eta bertako espezieen dibertsitate genetikoa gakoa dela ikusi dute. Eta hori galtzen ari da. «Lurreko intsektu guztiak desagertuko balira, 50 urtean Lurreko bizia amaituko litzateke; gizakia desagertuko balitz, inoiz baino natura oparoagoa egongo litzateke. Zer egiten ari gara?».

Hezkuntza behar da, jendeari gauzak azaldu; ulertzen du. «Denok ezin dugu maximoa lortu, apur bat galduko dugu. Naturak asko ematen du, eta ez du ezer maximizatzen. Gu, ordea, lursail bati ahalik eta etekinik handiena ateratzen saiatzen gara».

BASERRIA, BASO HERRIA

Ibone Ametzagarentzat adibide on bat da Euskal Herriko iraganeko paisaia, baita gaur egun ardiak mendian zehar ibiltzea ere, mantenugaiak mugitzen dituztelako. Orain jende gehiago dago, beste behar batzuk daude, baina parte hori garrantzitsua izan daiteke.

«Lehengo paisaiak uztartzen zituen fruitu-zuhaitzak, animaliak, egurra eta belarra; multifuntzionala zen, baso herria da baserria, dena zeukan. Gaur egun, jakiak kanpotik lortzen ditugu, baina hor krisia badago, zer? Orain arte janaria heldu zaigu, baina beti ez zaigu helduko. Lehengo sistema iraunkorra zen. Orain berriro ari dira hesiak egiten, oso garrantzitsuak direlako».

Amaitzeko, hausnarketa garrantzitsu bat egitea proposatu digu Ametzagak, gure bizitzan orokorrean: «Benetan behar ditugu hainbeste gauza? Natura izugarria da, gure laguna da, ezin dugu kontra egin. Zelan izan daiteke gizakia desagertzen bada Lurra hobeto egotea? Sistema desorekatzen dugu».