GARA
DONOSTIA

EH Bilduk zentsura mozioa eskaini dio Lasa Bairi Bastidan PP kanporatzeko

EH Bilduk publiko egin du PP Bastidako alkatetzatik kentzeko Lasa Bairi egindako proposamena. Ezker independentistak gogorarazi zuenez, «maiatzaren 28ko udal-hauteskundeek agerian utzi zuten gehiengo bat zegoela udalerrian, bai zinegotzi-kopuruari dagokionez (5-4), bai boto-portzentajeari dagokionez (%48,73-%46,85), Udal Gobernu anitz eta aurrerakoia eratzearen alde egiten duena eta Alderdi Popularraren politika kontserbadore kaltegarriei ateak ixten dizkiena, iraganean aski ezagunak baitziren gure udalerrian».

Lasa Baik hiru zinegotzi eta EH Bilduk bi dituenez, Alkatetza talde independenteko zinegotzietako batentzat izatea ere jasotzen du eskaintzak.

Udal hauteskundeen ondoren, Bastidan egoera deigarria suertatu zen. ETBko zuzendari izandako Edu Barinaga aurkeztu zuen EAJk bere hautagaitzako zerrendaburu. PPk 4 zinegotzi lortu zituen, EAJk 3 eta EH Bilduk 2. EAJk Errioxako udalerriko Alkatetza eskuratzeko aukera izan zuen EH Bilduren babesarekin, baina ABB Araba Buru Batzarrak ezetz erabaki zuen. Horren aurrean, Barinagak uko egin zion zinegotzi aktari.

LASA BAIREN SORRERA

Zabaldu zen ABBk ez ziola Bastidako EAJren Udal Batzordeari jakinarazi Alkatetzarako hautagai ez izateko eta EH Bilduri botoa ez emateko erabakia eta Edu Barinagak dimisioa eman zuela. Alkatea aukeratzeko osoko bilkuran, PPren esku geratu zena, EAJko hiru zinegotziek iragarri zuten alderdia «ezintasunez eta nazkaz» uzten zutela, bai zuzendaritzaren maniobragatik, bai Barinagaren «konplizitateagatik».

Uztailaren 12an, EAJtik bananduriko hiru zinegotziek iragarri zuten tokiko alderdi berri bat sortuko zela, Lasa Bai izenekoa -udalerria osatzen duten bi herrien, Bastida eta Buradon Gatzagaren, gaztelerazko izenekin osatua-.