GARA
GASTEIZ

EKIM webgunean indarkeria matxistaren biktimentzako informazio erabilgarria

EKIM webgunearen bitartez, Emakundek eta Lakuak eduki eskuragarri eta erraza eskaini nahi diete indarkeria matxistaren biktimei. Era berean, kontsultak egiteko eta laguntza eskatzeko aukera ematen du, egoera zehatzetatik abiatuta edo biktimei dagozkien eskubideak abiapuntu hartuta.

Atzo aurkeztu zuten EKIM webgune berria.
Atzo aurkeztu zuten EKIM webgune berria. (IREKIA)

Aurrerantzean emakumeen aurkako indarkeria matxistaren biktimentzako informazio erabilgarri guztia zentralizatuko duen EKIM (Emakumeen Kontrako Indarkeria Matxista) web atari berria aurkeztu zuten atzo Emakundek eta Lakuak. Tresna berriak biktimen eskura dauden euskal erakunde publikoen prestazio eta zerbitzuen eskaintza bilduko du.

Nerea Melgosa Lakuako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak eta Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak aurkeztu zuten. Tresnaren helburu nagusia EAEko erakunde publiko guztien prestazio eta zerbitzuen eskaintza biltzea da, emakumeen aurkako indarkeria matxistaren biktimen eskura jartzeko, webgune espezializatu bakar batean.

Melgosak azaldu zuenez, «webgune espezializatu baten bidez, biktimei eta profesionalei hurbildu nahi zaie euskal erakunde publiko guztien artean indarkeria matxistaren biktimen eskura jartzen duten prestazioen eta zerbitzuen eskaintza osoa». «Biktimak erabakien erdigunean jartzeko saiakera» dela azpimarratu zuen.

KONTSULTAK ETA LAGUNTZA

EKIM webguneak eduki eskuragarri eta erraza eskaintzea du helburu. Era berean, kontsultak egiteko eta laguntza eskatzeko aukera ematen du, egoera zehatzetatik abiatuta edo biktimei dagozkien eskubideetatik abiatuta.

Ildo horretan, Elgarrestak azaldu zuenez, «ikuspegi orokorra eskaintzen du, zerbitzu horiek nork eskaintzen dituen alde batera utzita, laguntza bilatzen duenak ez baitu zertan jakin administrazioen arteko eskumen banaketa». Kontsultak egoera zehatz batzuetatik abiatuta egin daitezke; esaterako, «nire inguruko norbait biktima dela susmatzen dut», «biktima naizela uste dut, baina ez nago ziur», «indarkeria matxista jasan dut eta ez dut egoitza baimenik», «babes agindu bat lortu nahi nuke» eta abar.

Halaber, biktimei dagozkien eskubideetatik abiatuta kontsultak egin daitezke: «Zer laguntza ekonomiko jasotzeko eskubidea dut» edota «nola egiazta dezaket indarkeria matxistaren biktima naizela». Berehalako laguntza behar duten kasuetarako atal bat ere badago.

INFORMAZIOA

Atariaren beste helburuetako bat da askotariko indarkeria matxistako egoerak identifikatzeko informazio baliagarria eskaintzea. Horrela, emakumeen aurkako indarkeria matxistaren definizioa eskaintzen da, eta indarkeria fisikoaren, psikologikoaren, ekonomikoaren, sexualaren, bikotearen eremuko indarkeriaren eta adierazpen desberdinen adibide zehatzak jasotzen dira.

Gainera, maiz egiten diren galderen atal bat ere badago, indarkeria matxistaren esparruan asko erabiltzen diren kontzeptuak biltzen dituena: «Zer da birbiktimizazioa», «zer da sumisio kimikoagatiko indarkeria» edota «zer da indarkeriaren espirala».

Azkenik, web atariak emakumeen aurkako indarkeria matxistarekin lotutako informazioa aurkitzea ere errazten du, hala nola araudia, estatistika datuak, protokoloak, gidak, elkarteak eta abar. Interesgarriak diren beste webguneetarako sarbidea ere errazten du.