IRAITZ MATEO
DONOSTIA

StarBlues taldeak «Bizi berri baten gezurra» diskoa kaleratu du

Bluesa euskaraz egiten du StarBlues musika taldeak. Atzo bere hirugarren lana aurkeztu zuten Donostian: «Bizi berri baten gezurra». Ostiral honetan aurkezpen kontzertua egingo dute Ordizian. Ez da ohiko kontzertua izango, abestiak azaltzeko erabiliko baitute.

StarBlues musika taldeak hirugarren diskoa aurkeztu zuen atzo, Donostian.
StarBlues musika taldeak hirugarren diskoa aurkeztu zuen atzo, Donostian. (Jon URBE | FOKU)

“Bizi berri baten gezurra”, StarBlues taldearen lan berria, bederatzi abesti biltzen dituen diskoa da. Taldea sortu zenetik bluesa euskaraz sortzea izan da talde goierritarraren helburua. Orain hitzei inoiz baino garrantzi gehiago eman diote. Egun bizi dugun egoerari egiten dio erreferentzia diskoaren izenburuak, «iristea nahi dugun baina iristen ez den bizitza horri, gezurra denari».

Jon Barreros gitarra jotzaile eta abeslaria buru duen banda sendotu egin da bere hirugarren lanarekin. Mikel Atxegak jotzen du baxua, Yon Labayenek teklatuak eta Unai Lopetegik bateria eta perkusioak. Laurak izan ziren atzo egindako aurkezpenean, Gaztelupeko Hotsak diskoetxeko Felix Azkaraterekin batera.

Azkarateren ustez, talde baten hirugarren diskoak taldea definitzeko edo pikutara bidaltzeko balio dezake; kasu honetan, definitzeko balio izan duela nabarmendu zuen.

Barrerosek 2022. urtea taldearentzat «inflexio puntua» izan zela kontatu zuen. Batetik, Lopetegi batu zen taldera, eta, bestetik, disko berri bat ateratzeko «gogoa eta ilusioa» zuen taldeak. Fruitua «ikaragarria» izan da: «Zerotik hamarrera baloratu behar bagenu emaitza, hogei esango nuke», esan zuen irri artean.

BEDERATZI KANTU

Lehen batez ere musikan zentratzen zirela, eta oraingoan hitzetan ere arreta jarri dutela kontatu zuen Barrerosek: «Jende askori hitzak lehenago iristen zaizkio, eta horiengana ere iritsi nahi genuen». Kantu bakoitzak badu bere istorioa. ‘Bizi berri baten gezurra’ abestiak irekitzen du diskoa, migratzaileen ingurukoak. «Non dago ustezko bizi berri hobe hori?», galdetzen du abeslariak.

“Arima libre bat” kantua azaltzerakoan, Barrerosek ezin izan zien malkoei eutsi; joan den urtean ama galdu zuen, eta horri lotutako kantu sentikorra dela azaldu zuen. “Denboraren zama” da hirugarren kantua, «kantu transzendentala, bizitza azkar pasatzen baita», esan zuten. “Bakardadean” kantua tristeagoa dela aitortu zuten, bakardadeari lotua. «Katxondeoa» da nagusi “Patu petrala” abestian, musikarien arabera; barre eragitekoa dela aipatu zuten. “Errutinak irentsita” kantuak, aldiz, bestelako sentsazioak bilatzen ditu, egunerokoak nola irensten gaituen islatzen baitu.

“Aintzergako mugarriak” Labayenek konposatu du. «Bizi rurala» eta bluesa ditu ardatz. Diskoa amaitzen duen kantua, “Paper madarikatuak!”, Lopetegiren ideia batetik abiatu zuten: «Eskelak begiratzen ari den pertsona baten istorioa da. Berari diru asko zor dion pertsona bat hil dela ikusten du, eta horren inguruko burutazioak dira».