J.O.
PILOTA

Iosu Eskirozek Albisu ordezkatuko du

Iosu Eskiroz, iaz, Markinan.
Iosu Eskiroz, iaz, Markinan. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Eskuin eskua minduta duela eta, Jon Ander Albisuk ez du bihar Markina-Xemeinen jokatzerik izango eta Baikok Iosu Eskiroz deitu du, Peñarekin batera Jaka-Mariezkurrena liderrei aurre egiten saiatzeko. Partida gogorra jokatu zuten ataundarrak eta Peñak igandean Etxebarrin Artola-Imazen aurka eta, asteburu honetan gutxienez, atseden hartu beharko du dagoeneko fisioterapia tratamendua egiten ari den goierritarrak.

Ez da Albisu normalean eskuko arazo handiak izaten dituen pilotaria, baina Gabonetan izandako partida kopuru handiak azkenerako faktura pasatu dio, eta haren ordez ordezkapen lanak arrotz ez zaizkion Iosu Eskiroz deitu du Baikok. Iaz, esaterako, bost partidatan aritu zen Ezkabarte-Makirriaingoa ordezkapenak egiten. Lehenengo hiruretan -9, 10 eta 11. jardunaldietan-, gainera, Mariezkurrenaren ordez sartuta, Markinan lagun izango duen Peñarekin jokatu zuen, eta bi garaipen lortu, Jaka-Aranguren eta gerora finalista izango ziren Laso-Imazen aurka. Beste bi ordezkapenak lehen fasearen amaieran egin zituen, Ander Imazen aurka, garaipen eta porrot bana eskuratuta.

IRABAZTEN HASI BEHAR

Binakakoko bederatzigarren jardunaldia gaur gauean hasiko da Getarian Elordi-Rezustak eta Ezkurdia-Tolosak jokatu beharreko partidarekin. Bi bikoteak azken lehia galtzetik helduko diren arren, egoera erabat desberdinean dauden bi bikoteren arteko dema izango da Sahatsaga pilotalekukoa. Elordik eta Rezusta sailkapenean nahiko eroso daude, lau punturekin hirugarren postuan. Ezkurdia-Tolosa, ordea, behar larrian helduko dira kostaldera, bi punturekin taulako azken postuan daudela.

Mallabitarrak eta bergararrak partida ona jokatu zuten larunbatean Eibarren, baina Altuna-Martija handi batzuen aurrean amore eman behar izan zuten. Xabi Tolosak ere oso itxura ona eman zuen ostiralean Peio Etxeberria-Zabaleta bikoaren aurka, baina Joseba Ezkurdiak ez zion behar beste lagundu eta arbizuarraren bertsiorik onena behar dute aurrera egiteko.