Andoni ARABAOLAZA
MENDI LASTERKETAK

Ultra distantzietan nesken eta gizonen arteko aldeak txikiagoak ote dira?

Azken urteotan emakumezko batzuk asko hurbildu dira gizonezkoen mailara. Horrez gain, ikerketen arabera, eite fisiologikoek zein neskei zuzendutako entrenamenduek garrantzia handia dute egoera berri horretan.

Ultra distantzietan nesken eta mutilen arteko aldea murrizten ari da.
Ultra distantzietan nesken eta mutilen arteko aldea murrizten ari da. (UTMB)

Arlo askotatik begiratuta, trail running-a egundoko iraultza bizitzen ari da. Generoaren aldetik ere izaten ari diren aldaketak oso nabarmenak dira. Ultra distantziako lasterketetan (166 kilometrotik gorakoak), adibidez, argi ikusten ari gara emakumezkoen errendimendua asko hobetu dela; hots, haien jardunak gizonezkoen mailara hurbiltzen ari direla. Eta kasu oso bakan batzuetan gainditu dituzte.

Egoera hori ezin da erabat orokortu, baina gertatzen ari da. Courtney Dauwalter da protagonistetako bat. Irakurleren batek esango du korrikalari estatubatuarra estralurtarra dela, eta ezin zaiola hari bakarrik begiratu. Beste era batera esanda, ezohiko adibide bat dela. Neurri batean, irakurle horrek arrazoi du, baina badira beste lasterkari batzuk sailkapen absolutuan (gizonak eta emakumezkoak) lehen hamarren artean sailkatzen direnak edo irabazten dutenak. Gutxi dira, baina hor daude.

Egoera hori bitxia izaten ari da, batez ere kontuan hartzen badugu mutilek indar eta onura fisiologiko handiagok dituztelako neskek baino. Orduan, izenburuan jarri dugun galdera errepikatuko dugu: ultra trailetan, alde hori zergatik murriztu ote da?

Erantzuna ikerketek ateratako ondorioetan dago. Batzuek diote hainbat faktore daudela, eta alde fisiologikoek eta neskei zuzendutako entrenamenduek hori guztia argitzen dutela. Eta berriro diogu: egoera hori batez ere ultra distantziako lasterketetan gertatzen ari da.

Alde fisiologikoei dagokienez, ikerlan askok egiaztatu dute kirol praktika horretan mutilek zenbait abantaila dituztela: ahalmen aerobiko eta oxigenoaren gehienezko kontsumo handiagoa, gantzaren indize txikiagoa, masa muskular eta testosterona indize handiagoak…

Alabaina, nesken ezaugarri fisiologiko batzuek arestian aipatu dugun alde hori murriztera eramaten dute. Badira ikerketek ateratako ondorio argi batzuk: emakumezkoek erresistentzia handiagoa dute, erritmoari eusteko ahalmen hobea…

ENTRENAMENDUA

Trail runningeko korrikalari eta entrenatzaile Gema Quirogak, adibidez, baieztatu du ikerlanek aipatu dugun guztian ez dutela akatsik egiten. Era berean, neskei zuzendutako entrenamenduari azpimarra berezia egiten dio: «Potentzia handia eskatzen duten lasterketetan gizonak azkarragoak dira; besteak beste, masa muskular handiagoa dutelako. Baina erresistentziaren arloan eta entrenamendu egoki eta ez maskulinizatu batekin alde hori murrizten da. Planifikazioari indarra eman behar zaio. Orain dela gutxira arte, nesken eta gizonen entrenamenduak berdinak ziren. Berdin entrenatzen zuten. Eta ikusi da ez dituztela etekin berdinak lortu. Adibide argi bat: emakumezko korrikalari batzuek hilekoa izaten dutenean, entrenamendu espezifikoarekin dosifikatzen da».

Aditu honen arabera, entrenamendu maskulinizatu hori egun oso zaharkituta dago, eta beste bide batzuk hartzea proposatzen du: «Adinaren kontuarekin arreta handiz ibili behar dugu. Kasu desegoki asko ikusi ditut. Adibidez, 45 urteko emakumezko bat gizon “txikien” entrenamenduak egiten. Parez pare jartzen. Beste diziplina batzuetan ez bezala, trail runningean nesken adina handiagoa da. Batez bestekoa 35 urtetik gorakoa da. Eta badakigu 40 urtetik aurrera aldaketa batzuk izaten dituztela: hormonalak, menopausikoak…».

Horregatik guztiagatik, Quirogak argi du adin horretako emakumeen egoera ikusteko azterlan hormonalak egin behar direla; hezur estudioak ere bai. Eta gehitu du arlo horretan hutsune deigarria dagoela: «Entrenatzaileek gai horietan eragina izan behar dute, baina ez ditut ikusten lan horiek aurrera eramaten. Horregatik guztiagatik entrenatzaileen mentalitatea aldatu behar da. Eta, jakina, aipatu ditugun emakume horien entrenamenduak egokitu behar dituzte».



Courtney Dauwalter, zientziari aurre egiten dion korrikalaria

Ondoko lerroetan aipatu dugunez, ultra distantzietan estatubatuarrak ez du parekorik emakumeen lehietan. Eta mutilek, oro har, lasterketan ezin dute guardia jaitsi Dauwalter atzetik aurrera ikusten dutenean.

Bitxiak dira protagonista horrek aurkeztu dituen paradigmak. Makina bat arrakasta edo garaipen erdietsi ditu. Zientzietako irakasle ohi horrek dio oraindik asko ikasteko dagoela: «Badakit korrikalariek gaitasun gehiago izan ditzaketela kirol honen errendimenduan. 166 kilometroko (eta goragoko) lasterketetan, adibidez, hori ikusten dut. Arrakasta lortzeko, erresistentzia eta indarra faktore garrantzitsu batzuk dira. Baina konbinazio horietan badira beste batzuk kontuan hartu behar ditugunak: arazoak konpontzeko gaitasuna, indar mentala, egoskorkeria, esna egoteko gaitasuna…».

Bada, azken eite horietan lasterkari hori nabarmentzen da; baiezta daiteke talentu berezia duela. Baina argi du ere, korritzen ari den lasterketa irauten duen bitartean ikasketa faseei ezin zaiela uko egin: «Ditugun gaitasun guztiek ez dute zerikusirik giharren neurriarekin. Baina aipatu ditudan beste gaitasun horiek edonork gara ditzake. Ultra distantzietan gero eta korrikalari gehiago daude, eta interesgarria da elkar ulertze hori nola bilakatzen den. Eta horren partaide izatea zirraragarria da».

Esplorazioa

Dauwalterrek dio ultra horietan entrenatzea, lehiatzea eta esploratzea oso dibertigarria dela. Beti saiatzen da mugak eta lasterketa batean ahal duena gainditzen. «Prozesu horretan gozatu behar dut; hots, dibertigarria izan behar du. Eta horregatik zerrendaren lehen postuan jartzen dut. Uste dut burua sendo dudala, eta, bereziki, egoerak okertzen direnean ariketa bisual bat indarrean jartzen dut. Horri “Minaren Leizea” deitzen diot. Fisikoki urrats bat gehiago egin ezin dudanean, burua koba horretara joaten da. Pertsona oso bisuala naiz. Neure burua zizel bat hartzen eta leize horretan sartzen ikusten dut».

Bestalde, Dauwalterren jarrera batek erabat harritzen du publiko orokorra. Estatubatuarrak onartu du lasterketa hasi baino lehen pizza bat jaten duela. Horrekin batera, gehitu du helmuga zeharkatzen duenean garagardo bat edatea oso gustuko duela.

Entrenatzailearen lanari dagokionez, berriz, lasterkari honek dio intuizioa ezin dela ordezkatu: «Bihotzen taupadak neurtzeko ez dut gailurik eramaten. Niretzat entrenatzeko era egokiena da entrenatzailerik ez izatea. Ez dut plangintzarik egiten; seinale mentalei, fisikoei eta emozionalei, ordea, garrantzi handia ematen diet. Alabaina, kirol honen ikuspuntu interesgarri batek asko betetzen nau. Eta hori da makina bat era daudela entrenatzeko. 100 edo 200 miliak egiteko ez da existitzen bide zuzen edo oker bat». Andoni ARABAOLAZA