Iraitz MATEO
TXILLARDEGIREN HERIOTZAREN URTEURRENA

Txillardegi oroitu zuten bere heriotzaren XII. urteurrenean

Jose Luis Alvarez Enparantza, Txillardegi hil zela hamabi urte dira. Urtero bezala, idazlea gogoratu zuten Antigua auzoan. Donostiako Udal Liburutegiari Txillardegi izena jartzeko eskatu zuten ehundik gora euskaltzalek. Euskara pairatzen ari den oldarraldi judizial, politiko eta mediatikoa ere salatu zuten, eta euskaraz bizitzeko hautua txalotu.

Urtero bezala, Txillardegiren omenezko ekitaldia egin zuten atzo Antiguan.
Urtero bezala, Txillardegiren omenezko ekitaldia egin zuten atzo Antiguan. (Jon URBE | FOKU)

Antigua inguruko eta Euskal Herriko hamaika euskaltzalek hutsik egiten ez duten hitzordua da Txillardegiren heriotzaren urteurrenekoa. Hamabi urte bete dira aurten, eta Txillardegi Udal Liburutegia Herri Ekimenak omenaldia eskaini zion atzo Antiguako Gaskoia plazan, jada Txillardegi izen toponimikoa hartu duen horretan. Ehundik gora lagun elkartu ziren oroitzapenak, aldarria eta kantuak uztartuz.

Kike Amonarriz izan zen gonbidatu berezia, eta hark Txillardegi eta Jose Luis bereizi nahi izan zituen. «Bi plano» direla kontatu zuen, eta berak biak ezagutzeko ohorea izan zuela «Jose Luis pertsonala eta Txillardegi erreferentea», zehaztu zuen.

Irakasle gisa ezagutu zuen Jose Luis, eta aitortu zuen oso gustuko zituela haren eskolak. Batetik bestera jauzika ematen omen zituen azalpenak, bere gogoetak eta bizipenak elkar txirikordatuz. «Ideia batetik bestera arbelean ibili ostean, ikasleoi begiratu eta galdetzen zuen: ‘Non hasi naiz?’», kontatu zuen irri artean, eta «barruko ezagutza eta bizitzeko grina» transmititu ziela azaldu.

Ondoren, Euskal Herrian Euskarazen ezagutu zuen, militantea, eta ikaslegan bezain gertukoa zela esan zuen. Gogoan ditu berarekin izandako hamaika eztabaida eta Txillardegik soziolinguistikari egindako ehunka ekarpen. «Egindako ekarpenak egin eta gero, aitortza publikorik ez izatea salagarria da», bota zuen.

Txillardegiren memoria gorde eta Jose Luis gogoan hartzea «indargarria» dela azaldu zuen.

Gaur egungo egoerari begira ere jarri zen. Euskara jasaten ari den oldarraldi judizialak hizkuntzaren biziberritzea gelditzea du helburu Amonarrizen ustez, eta gehitu zuen bumeran bat bihurtu behar dela hori, kale aktibazio bilakatuz.

EHE-REN SORTZAILEA

Euskal Herrian Euskarazeko Intza Gurrutxaga ordezkariak ere hitza hartu zuen. Txillardegi izan zen elkarte eragilearen sortzaileetako bat duela 40 urte. Sortu zeneko helburuak «bere horretan» jarraitzen duela mahaigaineratu zuen, eta adierazi zuen horrek esan nahi duela oraindik ez dela lortu. Egungo egoera eraman zuen plazara; milaka herritarrek euskaraz bizitzeko hautua egin arren, egunero horren alde borrokatu arren, «batzuek normalizazio prozesua blokeatu» nahi dutela salatu zuen. Eta Amonarrizek aipaturiko oldarraldi judizial, politiko eta mediatikoari erreferentzia egin zion.

Donostiako azken epaiaz ere mintzatu zen, eta irmoki defendatu zuen lan eskubideak eta herritarren hizkuntza eskubideak bateragarriak direla: «Euskaraz jakiteak ez du eskubiderik urratzen, ez jakiteak bai; hor dago gakoa».

LIBURUTEGIA NOIZKO?

“Euskal Herrian euskaraz” eta “Txikia” abestu zituzten ekitaldian zehar, aldarria eta festa lotu asmoz.

Urteurreneko gorazarrea bukatzeko, Txillardegiren ereserki pertsonalizatua bihurtu den “Ta Txillardegik non du liburutegia?” Unai eta Beñat Gaztelumendiren bertso sorta kantatu zuten musikaren laguntzaz. Aldarri zuzen batekin: «Justua izan dadin gure izendegia / Txillardegik behar du liburutegia». Urtero bezala, plazan Zazpi Jauzi dantzatuz amaitu zuten goiza.