Iker GURRUTXAGA
DONOSTIA
GORKA URBIZUREN PROIEKTU BERRIA

«Hasiera bat»: denboraren makina martxan jarri du Gorka Urbizuk

Zazpi urtez abesti propiorik kaleratu gabe egon eta gero, etorri da Gorka Urbizuren bakarkako estreinako lana, ‘‘Hasiera bat’’. Lekunberrikoak 2014an ‘‘Mila Esker (A Tribute To Lou Reed)’’ diskoan ‘‘Who Am I?’’ moldatu zuen; bada, 1970eko musikara joan da, galdera horri erantzuna emateko asmoz. Eta hauxe da horren emaitza, 2024ko Urbizuren unibertsoa.

Biniloz betetako fonoteka batean agertu da Gorka Urbizu.
Biniloz betetako fonoteka batean agertu da Gorka Urbizu. (Ibai ARRIETA)

 

Urtarrilaren 15a ‘‘Blue Monday’’ izendatu zuenak ez zekien Euskal Herrirako data okerra aukeratu zuela, Gorka Urbizuk ‘‘Hasiera bat’’ kaleratuta, 2024ko urtarrilaren 15a ez zelako hain astelehena izan.

Jende asko zegoen disko honen zain, normalean halako artista batek proiektu bati agur esan orduko berria erakusten duelako. Urte batzuk igaro dira, baina ez dira hainbeste izan Urbizuk bakarkako lehen diskoa kaleratzeko hartu dituenak: lau, 2019ko azarotik gaur arteko beta hartu baitu Lekunberriko musikariak, «mimoz eta maitasun handiz» landutako debuteko diskoa errealitate bihurtzeko.

Herrialde Katalanetan, Lleidan, Guissonan, grabatu du diskoa, hamar kantuz osatutakoa, eta, bidali duen prentsa oharrean dioen moduan, «gordin, eder» osatutako lana da.

Jordi Matas izan da ekoizpenaren, grabaketaren eta nahastearen arduraduna, eta horretan Joan Pons izan du laguntzailea Teatre de ca l’Eril-en, 1904ko antzoki zahar batean.

Musikariak ere katalanak dira denak; Urbizuk, Matasek eta Ponsek, beren jotzeez gainera, Ferran Palau eta Ildefons Alonso izan dituzte ondoan horretarako.

Urbizuk soinu gordinaren eta soilaren aldeko apustu garbia egin du disko berrian. «Kantuaren muinerainoko bidaia dirudi ‘Hasiera bat’ diskoak. Soinu geruzak gehitu eta gehitzearen tentazio oro baztertuta, kontrako bidea aukeratu baitu egileak: kantuak erantzi, hustu, kimatu… euren soiltasuna agerian utzi arte», aipatu dute prentsa oharrean.

GRABAGAILU ANALOGIKOA

 

Ibilbide luzean entzun ditugun hainbat ezaugarri baditu, baina lan honetarako 70etara jo behar dugula esan dezakegu.

Zortzi pistako grabagailu analogiko bat erabili dute, eta, ‘‘Teoria bat’’ abestiaren bideoklipean ikusi ahal izan dugunez, garai haietako eta lehenagoko instrumentuak ere bai, rock klasiko aro batera bidaiatzeko aukera eduki dezagun. Pieza Alexander Cabeza Trigg zinemagileak egin du, 2023ko udan izan ziren grabaketa egunetan, 16 mm-ko kamera eskuan hartutako irudiekin.

Diskoaren masterizazioak ere garrantzia du soinuan. Lan hori Dave Cooley estatubatuarrak egin du, Elysian estudioan. Cooleyk, besteak beste, Tame Impala, Bob Marley, Yves Tumor, Paramore edota M83-rentzat lan egin du.

‘‘Hasiera bat’’ diskoaren eraginen inguruan hitz egiterakoan, askori Pedro The Lion gogora etorriko zaio, David Bazanen taldea, Bazan eta Urbizuk izan duten lotura ere ezaguna baita. Baina, 70etara salto egiten badugu, Velvet Underground edo Euskal Herriko Haizea eta Errobi taldeak etortzen zaizkigu burura.

Urbizuk idatzi dituen kantu hauetan kontatzen duen adinaren ajearekin lotuta ere egongo da, ziurrenik, gisa hauetako musiketara jotzean. Izan ere, kantuen hitzetan nabarmendu duen gauzetako bat dela esan daiteke, «utzi gazteak bakarrik, libre» bezalako esaldietan, edo ‘‘Etxe bat’’ kantuan «Zenbat urte da hori, osaba, zenbat?» kantatzen digunean.

Diskoa aurre-salmentan jarri du. Horretarako espresuki sortutako gorkaurbizu.eus webgunean eskuratu daiteke, nahiz eta martxoan jasoko duen erosleak.

Diskoaren azaleko margolana Heather Horton kanadarrarena da, eta Ander Xabier Tejadasek egin du gainerako diseinua.

ZUZENEKOEN ZAIN

 

Oraindik ez du argitu datarik, baina badakigu 2024an zuzenekoak eskainiko dituela Urbizuk, sareetan kontatu zuenez. «Osorik entzuteko aukera eman nahi nizuen, aurrerapenik gabe. Espero dut kantuok, modu batean ala bestean, zuekin konektatzea. Eta alderantziz. Zuzenekoetan elkar ikusiko dugu aurten. Laster albiste gehiago», mezu horrekin eman zuen albistea Urbizuk.

Bada, urtarrilaren 30ean GARAk 25 urte beteko ditu, eta egingo diren ospakizun ekitaldien artean Gorka Urbizuren disko aurkezpena izango da bat, Donostiako erredakzioan eskainiko duen elkarrizketa akustikoan, 16.30ean hasita.

Gaur eguerdiko 12.00etatik aurrera gonbidapenak izango dira harpidedunen txokoan; bakoitzak beste lagun bat ekartzeko aukera izango du. Azkar ibili, edukiera mugatua da-eta.