Nerea LAUZIRIKA

San Antontxu eguna, egun osoko egitarau zabala Mungian

Urtero legez, gaur San Antontxu eguna ospatzen ari dira Mungian. Ganadu, artisau produktu, landare eta fruta azoka egiten ari dira herrian. Baina harago doa urtarrilaren 18rako prestatutako egitaraua; besteak beste, Txorizo eta Odolki Lehiaketaren XXVI. edizioa egingo dute, eta kontzertuak eta kale animazioa izango dira.

San Antontxu eguneko azokaren artxiboko irudia.
San Antontxu eguneko azokaren artxiboko irudia. (MUNGIAKO UDALA)

Urtarrilak 18 ditu gaur eta, beraz, San Antontxu eguna ospatzen ari dira Mungian, egitarau oparoaren protagonista azoka dela. Mungiako Udalak antolatu du, herriko zenbait elkarteren, Jataondoren, Uribeko Landa Garapenerako Agentziaren eta BBKren laguntzarekin. Bizkaian egiten den jairik ezagunenetarikoa da eta, besteak beste, ganadu feria eta Txorizo eta Odolkien Lehiaketaren XXVI. edizioa izango dira goizean, bai eta herriko kaleak girotuko dituen kale animazioa ere.

San Antontxu Azoka Handian ganadu, artisau produktu, landare eta frutak salgai jarriko dituzte hainbat postutan, eta txosnak ere egongo dira espazio berean.

Gure Ametsa txistulari taldeak, trikitixak eta Amilotx dantza taldearen kalejirak alaituko dituzte Mungiako bazterrak. Abereen erakusketako arrazak aurkeztuko dituzte 11.00etan, eta nekazaritzako eta lorezaintzako makinen, fruta-arbolen, apaingarrien eta autoktonoen eta nekazaritzarako tresnen erakusketa ere atonduko da.

Halaber, arratsaldean, esku pilota profesionaleko partidak jokatuko dituzte Mungiako Udal Pilotalekuan, eta “Loti ederrak” antzerki musikaleko emanaldia eskainiko dute Olalde Aretoan. Ondoren, Gora Herria taldearekin erromeria izango da Euskal Pizkundeko etorbidean eta, San Antontxu egunari amaiera emateko, kale-animazioa izango da Txikuri Fanfarriarekin eskutik.

Txorizo eta Odolki Lehiaketaren XXVI. edizioa Euskal Pizkunde etorbidean dagoen karpa nagusian egingo dute, Mungiako Merkatari eta Ostalarien Elkarteak antolaturik. Aurten, karpan bertan 300 txorizo egosi saltzeaz gain, 13.00etako sari banaketaren ondoren, txorizo irabazlearen enkantea egingo dute, ongintzako helburua edukiko duena. Izan ere, bildutako diru guztia “Bihotzez” sortzetiko kardiopatien elkartearentzat izango da.

GYMKANA

Mungiako Udaleko Turismo Sailak “Alkartasunaren feria” gymkana digitala antolatu du aurten, berrikuntza gisa. Parte hartzaileek aplikazioa deskargatu beharko dute eta ibilbide turistikoa egingo dute herrian barrena, pistei jarraituz eta enigmak argituz.

Gymkana Digital Turistikoa familia osoarentzat pentsatutako jarduera bat da. Parte hartzaileek 9 enigma argitu behar dituzte 50 minututan, eta guztira kilometro batekoa da egin beharreko ibilbidea.

Abentura biribilgunearen ondoan dagoen plazan hasiko da, egurrezko trenaren eta musikariaren eskulturaren artean. Enigmak bata bestearen atzetik bistaratzen ditu aplikazioak, parte hartzaileek argitzen dituzten neurrian.

Doakoa da gymkana eta bertan parte hartzeko beharrezko aplikazioa Mungiako Udalaren webgunean eskuragarri dago.

GORABEHERAK TRAFIKOAN

Bentades eta Trobika kaleetan asfaltatze lanetan dihardutenez, eta San Antontxu eguna dela eta, trafiko mozketak izango dira. Gaurko 23.00ak arte, herriko erdiguneko kale hauek itxita egongo dira: Alkartasuna, Trobika, Elorduigoitia (Zubiaga kaletik Alkartasuna kaleraino), Mastibarrena eta Bentades.

Bestalde, ordu berera arte itxita egongo dira Loradi kalea eta Plentzia Bidetik Osasun Zentrorako sarbidea ere, larrialdietako ibilgailuak eta anbulatorio zerbitzu larrialdietakoak izan ezik.

Hori bai, aparkalekura sartzeko aukera izango da, autoentzako lekua dagoen bitartean.

Ibilgailuak aparkatzeko lekuei dagokienez, ohartarazpen batzuk zabaldu ditu Mungiako Udalak, ibilgailu pribatuetan bertaratuko direnek kontuan hartu ditzaten. Debekatuta dago 14.00etatik aurrera azoka esparruko gainerako seinaleztatutako guneetan aparkatzea, bai eta Aita Elorriaga 1 eta 2 zenbakietan ere.