GARA
IRUÑEA

Espainiar Estatuak ez duela hizkuntza gutxituen Eurogutuna betetzen salatu du euskalgintzak

Bilera Iruñean egin zuten.
Bilera Iruñean egin zuten. (EUSKALGINTZAREN KONTSEILUA)

Kontseilua eta Behatokia Europako adituekin elkartu ziren atzo, Iruñean, espainiar Estatua Eurogutuna betetzen ari den aztertzeko. Hego Euskal Herriko bi arartekoek ere parte hartu zuten eta euskalgintzak salatu zuen Madrilek Europako Eurogutuna bete gabe jarraitzen duela.

Eskualdeetako eta Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutunaren aplikazioaren 6. ebaluazioa egiteko Europar Kontseiluaren Aditu Batzordeko ordezkaritza Iruñean izan zen atzo.

Ekainean, gutuna betetzeko azken urteetan eman dituen pausoak azaltzen dituen txostena igorri zuen Estatu espainolak Europar Kontseilura. Bertan, euskara, katalana eta galegoa nola tratatzen dituen azaldu zuen, eta Eurogutunaren irizpideak nola betetzen dituen. Orain adituek azterketa horren balorazioa lehen eskutik jaso dute, lau urterik behin argitaratzen duten txostena egiteko.

OLDARRALDI JUDIZIALA

Ekainean, Kontseiluak eta Behatokiak txosten bat argitaratu zuten Eurogutunean jasotzen diren konpromisoak ez direla betetzen adieraziz eta zenbait konponbide proposatuz. Euskalgintzako eragileek adminis- trazio publikoan, hezkuntzan, kulturan, komunikabideetan zein eremu sozioekonomikoan azken urteetan izan diren «ez betetzeak eta urraketak» azaldu zizkieten adituei; eta irailean helarazitako gomendio eta proposamenak aurkeztu zizkieten.

Oldarraldi judizialaren berri ere eman zieten Kontseiluak eta Behatokiak adituei. Gutuneko konpromisoak sustatzeko zenbait neurri botere judizialek atzera bota izana salatu zuten, eta erabaki judizial horiek Gutunaren 7.2 artikuluan jasotako printzipio garrantzitsu baten kontrakoak direla adierazi: «Berdintasuna lortzeko asmoz edo hizkuntzon egoera berezia kontuan izan dadin hartutako aldeko neurri bereziak ez dira indar handiagoko hizkuntzetako hiztunen kaltetan egindako bereizkeriatzat hartuko».