EDITORIALA

Ez dadila berriro zigortu txalotzeko jardunik

Luhusoko auzipetuek 2016ko abenduaren 16an ETAren armagabetzea mesedetzeko egin zuten ekintza asumitu, eta errugabetzea eskatuko dute apirilaren 2an eta 3an Parisko Zigor Auzitegian beren aurka egingo den epaiketan. ETAren armak, munizioak eta lehergaiak erabili, garraiatu eta atxiki izana egotzi diete; hala ere, Jean-Noel “Txetx” Etxeberri eta Beatrice Mollek atzo gogorarazi zutenez, Luhuson egin zuten gauza bera berriz egin zuten agintarien onespenarekin.

Herenegun jakin zen Auzitegi Konstituzional espainolak «Bateragune auziko» auzipetuei arrazoia eman diela, bostek denera 31 urte kartzelan eman ostean eta auzia behin betiko itxi arte 15 urte iraganik. Baina Euskal Herriko gatazkaren konponbide prozesuaren inguruko zentzugabekeriak ez dira amaitu. Etxeberrik eta Mollek onartzen duten hori zigortzeko arriskua are deitoragarriagoa da kontuan hartuta zerk bultzatu zuen; alegia, estatuek beren erantzukizunei muzin egin izanak edo, onenean, oso uzkur eta berandu mugitu izanak. Estatuak gizartearen oso atzetik ibili izan dira, bakegileak txalotu dituen gizartearen atzetik. «Bagenekien legez kanpokoa zela, baina baita herriaren onerako jarduten genuela eta gure ekintza zilegi zela ere», diote auzipetuek, argi eta garbi. Legez kanpoko jarduna zela onartu dute, baina esaldiaren bigarren zatia ere aitortu behar zaie, herriaren onerako jardun zutela eta zilegizko ekintza izan zela. Izan ere, arriskuaren jakitun, inolako onura pertsonalik jasotzeko asmorik gabe eraman zuten aurrera beren jarduna, jendartearen onuraren bila. Legea interpretatu eta aplikatu behar dutenek erabaki beharko dute, jendartearen onerako ekintza legitimo bat zigortu ala justizia egin. Justizia egiteko ere berandu samar dabiltza, hala ere, auzipetuen atxiloalditik zazpi urte joan baitira jadanik.

Atzo agertu ziren Etxeberri eta Molle jendaurrean, Auzitegi Konstituzional espainolak «Bateragune auziko» zigortuei arrazoia eman berritan. Ez dadila errepika konponbide prozesuaren alde egindako lana zigortzea, holako jardunak, aitzitik, jendartearen taupadei jarraituta, txalotzekoak baitira. Euskal Herrian nahikoa argi zegoen, eta Etxeberri, Molle eta gainerakoen atxiloketez geroztik, are argiago.