Maider IANTZI
DONOSTIA

Joan-etorriko zubien garrantzia erakutsi du Altzako etorkinen integrazioaren azterketak

1950 eta 1970eko urteetan espainiar Estatutik Altzara heldu ziren lagunen integrazio soziolinguistikoa ikertu du Soziolinguistika Klusterrak. Ikusi duenez, lehen belaunaldiak lana eta etxea lortu zituen euskararekin kontakturik izan gabe. Bigarren belaunaldian hasi zen «bi munduen» arteko muga puskatzen, aktibazio sozial eta kulturaletik.

Altza auzoaren ikuspegi bat, 2022 amaieran.
Altza auzoaren ikuspegi bat, 2022 amaieran. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Soziolinguistika Klusterrak bere ikerketan ondorioztatu du bizirauteko integrazio prozesua elkarrekin sortutako elkartasun sareei esker gauzatu zutela 1950 eta 1970eko urteetan Altzara etorritako etorkinek. Lan integrazioa eta eskolakoa arrakastatsuak izan ziren, nahiz eta ez zen erraza izan.

Integrazio fase horietan ez zuten apenas euskaldunekin harreman zuzenik izan, ez bazen lan merkatuko eta administrazioko eliteek ezarritakoak. Harrera egin zien jendarteko egoera soziolinguistiko eta ekonomikoak ahalbidetu zuen lan integrazio horren arrakasta euskararik gabe eta euskaldunekin ia harremanik izan gabe garatzea.

Hizkuntza hegemonikoa menderatzen zuten etorkinek eta, erran bezala, bi fase horietan integratzeko ez zuten euskararen beharrik izan; euskararen ospea bazterrekoa zen eta horrek euskara ikusezin bihurtu zuen. Horrenbestez, lehen urteetan sorturiko harremanak azalekoak izan ziren; elkar apenas ukitzen zuten bi mundutan bizi ziren.

Galegoz hitz egiten zutenek, kasu batzuetan, euskararekiko enpatia erakutsi zuten, euren hizkuntzarekiko jazarpenen eraginez egoera hurbilago zutelako.

EUSKARAREN ALDEKO MEZUAREN ARRASTOA

Belen Uranga, Asier Basurto eta Paula Laita Soziolinguistika Klusterreko kideek Donostiako Udalaren Ekialdeko Barrutiko Batzarraren enkarguz eginiko ikerketaren emaitza batzuk dira horiek. 2022 eta 2023 artean eginiko azterketan jaso dutenez, immigrazioaren dimentsio demografiko handiak euskararen bizitasun etnolin- guistikoa asko higatu zuen urte gutxian, eta euskal komunitatearen ikuspegitik higadura horrek ahuldu egin zuen hizkuntza eta kultura komunitatea. Uholde modura bizi izan zuten euskal hiztunek, minetik eta ezintasunetik.

Basurtok GARAri azaldu dionez, integrazio sozialetik abiatu eta garatu zen etorkinen eta bertakoen arteko integraziorako harremana Altzan. Trantsizio delakoaren garaiko euskararen aldeko mugimendu sozialen eta ondorengo hizkuntza politikaren (1982tik aurrera) ondorioz, aldaketa giroak euskararen biziberritzean ere aktibazioa eragin zuen. Euskararen aldeko mezuak arrastoa utzi zuen etorkinengan eta bertako biztanleengan.

Integrazio kulturalak, era berean, bertakotzean lagundu zuen. Jatorriarekiko eta harrera jendartearekiko harreman afektibo eta identitario desberdinak izan zituzten etorkinek eta euren ondorengoek.

Integrazio horretan, euskararen balioak ere ez dira homogeneoak izan: euskarari balio instrumentala aitortu diote etorkinek euren seme-alabentzat, aurrera egiteko giltza modura. Baina ez lehen belaunaldikoentzat, lana eta etxebizitza topatzen nahikoa lan baitzuten horiek.

«BI MUNDUEN» ARTEKO HURBILKETA

Euskararen balio integratzaileaz geroago jabetu ziren etorkinak, euskararen ospea berreskuratzearekin batera eta bigarren belaunaldiarentzat soilik. Ikuspegi hori erabakigarria izan zen zubiak eraikitzeko: “bi munduen” hurbilketa alde sozialetik eta kulturaletik abiatu zen, lan arlotik baino gehiago.

Ikerketan ondorioztatu dutenez, «integrazio kulturala gerta dadin bertako kulturarako irisgarritasuna erraztu eta sendotzea kontuan hartu behar da. Kasu honetan, bi norabideko kanalak erabiltzea ezinbestekoa da kultura- eta hizkuntza-artekotasunaren ikuspegitik, joan-etorriko zubiak eraikitzeko. Horrela ahalbidetu daiteke, hain zuzen, integrazio soziolinguistikoa».

Hizkuntza-gatazkaren inguruan, etorkinen eta bertako euskaldunen artean konfrontazioa gertatu zen, baina gehienentzat ez zen esanguratsua izan. Etorkinek eta ondorengoek egoki ikusi zuten euskararen aldeko hizkuntza- politika egin izana eta, oro har, ulertzen dute euskara sustatzea. Euskaldunek ere aipatzen dute gaztelania-hiztunen praktikara beti egokitu beharrak eragiten dien mina.

Hizkuntza-politikaren aurreko jarreraren inguruan, denak ados daude euskaraz ikasi behar eta nahi duenari aukera guztiak eman behar zaizkiola.

Ikerketaren emaitzen txostena Soziolinguistika Klusterraren webgunean dago irakurgai. Txosten horri buruzko artikulua, berriz, “Bat Soziolinguistika Aldizkaria”-n argitaratu dute.