Xabier IZAGA
Erredaktorea
1987

Euskal presoen hamarkadetako sakabanatzea hasi zen eguna

Euskal preso politikoen sakabanatzea salatzeko mobilizazioak egiten ziren euskal errepideetan oporraldi hasieran. Irudian, Arrigorriagako elkarretaratzea, 2009an.
Euskal preso politikoen sakabanatzea salatzeko mobilizazioak egiten ziren euskal errepideetan oporraldi hasieran. Irudian, Arrigorriagako elkarretaratzea, 2009an. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

1987ko urtarrilaren 23an, 12 euskal preso politiko Daroca, Ocaña eta Huescako kartzeletara eraman zituzten Herrera Manchakotik. Biharamunean, EGIN egunkariak lekualdatze horien berri eman zuen lehen orrialdean, eta egun berean Herreratik beste lau preso eta Alcala Mecotik beste bat eraman zituzten Almeriara, lehenengo laurak, eta Darocara, bosgarrena. Euskal presoen eta haien senideen zigorra nabarmen areagotu zuen sakabanatze eta urruntze politikaren hasiera izan zen. 36 urtez luzatu zen espetxe politika hura eta eragin handia izan zuen gatazka politikoan.

1978tik Soria, Puerto de Santa Maria, Carabanchel, Herrera Manchan edo Paris inguruko kartzeletan izan ziren, multzo handitan. 1986an zenbait euskal preso Langraizko espetxera eraman zituzten, eta mugimendu hura «gizarteratze» politikarekin lotu nahi izan zuen Madrilgo Gobernuak. Hala ere, hara eramandakoek berek gezurtatu egin zuten bide horri heldu ziotela eta politika hura salatu zuten.

Duela 37 urteko urtarril hartan barreiatutakoek protestak abiatu zituzten beren egoera salatzeko, eta, otsailaren 10ean, euskal preso politikoen multzo handienak zeuden kartzeletan planto bat egin zuten, eta jarraian itxialdi luze bat zeldetan.

Urte hartan bertan eta hurrengoan antzeko lekualdatzeak izan ziren, gehienak euskal presorik ez zegoen kartzeletara. 1989ko uda aurretik hasi eta zenbait hilabeteren epean, Herrera eta Carabanchel, emakumeen kasuan, dispertsioaren bi kartzela gehiago ziren, preso politiko kopuru txiki banarekin. Urte amaieran 500etik gora euskal preso politiko zeuden Estatu espainoleko eta frantseseko 79 espetxetan sakabanatuta.

Sakabanatzea muturrera eramanda, espetxeetako moduluetan ere banatu zituzten. Zigor hori emakumeek jasan zuten bereziki, gizonak baino askoz gutxiago ziren eta.

Iazko apirilean amaitu zen sakabanatze politika.

ELKARRIZKETA POLITIKOAK ALJERREN

1989ko 23an, ETAk eta Gobernu espainolak adostutako «elkarrizketa politikoetarako mahaia» eratu zuten Aljerren. EGINek eman zuen horren berri, euskal erakunde armatuaren agiria argitaratzeaz batera. Agirian ETAk, hamabost egun lehenago abiatu zuen aldebakarreko su-etenaren azken egunean, bi hilabeteko menia iragarri zuen.

Modu ofizialean aitortutako lehen akordioa izan zen, bederatzi puntutan gauzatua: Gatazka politikoaren gainean eztabaidatzeko mahaia osatzea, Aljeriako Gobernua elkarrizketen eta horietatik sortu litezkeen konpromisoen bitartekaria eta moderatzailea izatea, aldian-aldian elkarrizketen bilakaeraren berri ematea eta bi hilabeteko distentsio aldia zabaltzea, besteak beste.

Eugenio Etxebeste, Belen Gonzalez eta Iñaki Arakamak osatu zuten euskal ordezkaritza, eta Rafael Vera eta Juan Manuel Eguiagarayk espainiarra. Bost bilera egin zituzten.

1989ko martxoaren 22an elkarrizketek pauso bat eman zuten negoziaziora bidean, eta 27an hiru hilabeteko beste su-eten bat iragarri zuen ETAk. Apirilaren 4an, baina, eten egin zuen, Gobernuak bi aldeek hitzartutako testua aldatu baitzuen. Ondoren, Espainiako Gobernuak Aljeriatik kanporatu zituen han ziren euskal errefuxiatuak. ETAren ordezkaritza Dominikar Errepublikara bidali zuen.

GREGORIO ORDOÑEZ, ATENTATUAN HILA

Sei urte geroagoko egun berean, 1995eko urtarrilaren 23an, Gregorio Ordoñez, Gipuzkoako PPko presidentea, Donostiako zinegotzia eta Gasteizko parlamentaria hilik gertatu zen ETAk egindako atentatu baten ondorioz. Bere alderdiko beste hiru kiderekin Donostiako La Cepa jatetxean bazkaltzen ari zela, gizon bat laurak zeuden mahairaino hurbildu eta tiro bat desarratu zion Ordoñezi buruan.

Ordutik beste 21 kargu politiko hil ziren ETAren atentatuetan, tartean Miguel Angel Blanco Eibarko zinegotzia, ETAk bahitu ondoren, sakabanatze politika bertan behera uzteko eskatuta.

Ordoñez ez zen atentatuan hildako lehen kargu politikoa izan, ordea. Diktadura garaian, Luis Carrero Blanco Gobernu espainoleko presidentea hil zuen ETAk 1973ko abenduan, eta hurrengo urteetan beste hainbat politikari frankista. 1980an ETA pm-k UCD alderdiaren aurkako kanpaina armatua abiatu zuen, eta 1984ko otsailean Komando Autonomoek Enrique Casas PSOEko senataria hil zuten.

Lehenago, hala ere, ezker abertzaleko politikariak izan ziren Estatuaren indar armatuen eta gerra zikinaren jomuga. Tomas Alba eta Mikel Arregi, hurrenez hurren Donostia eta Lakuntzako zinegotzi abertzaleak, 1979an hil zituzten; Xanti Brouard, Gasteizen parlamentaria zela, 1984an; Josu Muguruza, Madrilen diputatua, 1989an, edo Josean Cardosa postaria, 1989an HBko kide bati bidalitako bonba-gutunak eztanda egin zionean.

IPAR EUSKAL HERRIKO ELKARGOA, ABIAN

Urtarrilaren 23a egun historikoa izan zuten Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako biztanleek. 2017ko egun horretan Ipar Euskal Herriko Hirigune Elkargoa abiatu zen, hango hiru lurraldeak bere baitan hartzen dituen instituzioa, hainbat hamarkadatan Administrazio frantses jakobinoaren jarrerari aurre egin ondoren, GARAk hurrengo egunean azpimarratu zuenez.

Jean-Rene Etchegaray, Baionako alkatea, instituzio berriaren presidente hautatu zuten. Elkargoaren lehen biltzar hartan Iruñeko eta Gasteizko gobernuak izan ziren, baita Eudel eta Udalbiltza ere.

Ipar Euskal Herriko 158 udalerriak hartzen dituen Elkargoa eratzeko bidea ez zen erraza izan; baina, ekinez, elkarrizketak fruituak eman zituen eta herritarren euskal atxikimenduak nahitaezko bi oztopoak gainditu zituen, udalbatzen % 70en eta herritarren % 66ren babesa lortuta.

Euskal Elkargoak, alde batetik, balio sinboliko handia du, eta bestetik, praktikan, urteetako erabateko immobilismoaren ondoren, aurrera egiteko aukera da.



[2022] NAIZen erreportajea, sakabanatzearen amaieran

Pakito Lujanbiok ia 30 urte egin zituen kartzelan; Amaiur Iragik 19 urte zituen eta kartzelan zuen aita bera jaio zenean; Ibon Garatek anaia galdu zuen errepidean bisita batetik bueltan, eta Inaxio Oiarzabal Sareko kidea zen. Lauren testigantza jaso zuen NAIZen “(ia) Amaiera” ikus-entzunezko erreportajeak 2022ko urrian, sakabanatzearen amaiera sumatzen zenean, hasi zenetik 35 urte igarota eta 11 ETAk bere jardun armatua utzi zuenetik.

Erreportajeak ez du zalantzarako tarterik uzten zenbait galderaren erantzunei dagokienez; esaterako, zein izan zen sakabanatzearen helburua, edo ustezko helburu hori bete ote zuen. Haren ondorioa argia da: «espetxe politika horrek eragin duen gauza bakarra sufrimendua areagotzea izan da, presoena eta senide eta lagunena».

Argi eta garbi geratu zen presoen aurkako mendeku hutsa eta haien hurkoen gaineko presioa areagotzeko estrategia zela. Helburu bikoitza zuen: presoak bakartzea eta senideak zigortzea. Politika horren ertzak jaso zituen NAIZen ikusgai dagoen erreportajeak, lekukotasun horien eta hainbat irudi eta dokumenturen bidez.