GARA
DONOSTIA

Nafarroa etorbideko zuhaitzak bota dituzte BCC eraikitzeko

Basque Culinary Centerren eraikin berria Donostiako Manteon egiten hasteko, atzo goizean zuhaitzak botatzen aritu zirela salatu du SOS Manteo elkarteak. Auzotarren arabera, Nafarroa hiribideko espaloiko zuhaitzak ez zituztela kenduko agindu zieten bizilagunei.

BCC berria eraikitzeko, zuhaitzak bota zituzten atzo Donostiako Nafarroa etorkibidean.
BCC berria eraikitzeko, zuhaitzak bota zituzten atzo Donostiako Nafarroa etorkibidean. (Jon URBE | FOKU)

Joan den astean Basque Culinary Center berria eraikitzeko lurrak mugitzen hasi ziren Donostiako Manteo aldean, «berme egokirik gabe» gainera, SOS Manteo elkarteak salatu zuenez. Eta atzo goizean, berriz, Nafarroa hiribideko zuhaitz handienak moztu eta kamioietan eramaten hasi zirela salatu zuten auzotarrek. Bizilagunek zuhaitzak oso azkar moztu eta eraman zituztela kontatu zuten.

«Txikizioa» hasi dela salatu zuen SOS Manteo elkarteak, izan ere, Okendon egindako bilera informatiboan Amenabarreko eta BCCko ordezkariek espaloiko zuhaitzak ez zituztela ukituko esan baitzuten, elkartearen arabera. Donostiako Udalaren isiltasuna ere salatu zuen elkarteak sare sozialetan.

Victor Lasa Elkarrekin-Podemoseko Donostiako zinegotziak sare sozialen bidez «herritarrei aurpegira barre» egin zaiela esan zuen, eta espaloian kokatutako zuhaitzak kentzea ez zegoela adostuta gaineratu. EH Bildu ere kezkatuta agertu zen, eta argibideak eskatu zizkion Udal Gobernuari.

Elkarteak jakinarazi zuenez, obraren momenturen batean espaloia itxi beharko zela esan zieten arduradunek, baina ez zuhaitzak moztuko zituztelako, segurtasunagatik baizik. Amenabarreko ordezkariak espaloiko zuhaitz horiek «obraren eremutik kanpo» zeudela adierazi zuen Okendoko Kultur Etxean.

LURREN MUGITZEA

Azarorako iragarria zen BCCren eraikin berrien lanen hasiera, baina pasatu den astean hasi zirela dirudi. Lurrak mugitzeari ekin aurretik, zundaketa geoteknikoak burutu omen zituen lurra zulatzeko hondeamakinak, baina emaitzen berri ez dute ofizialki eman. Kontuak horrela, SOS Manteo elkarteak kezka azaldu zuten berriz ere, gogoan harturik Altzako kiroldegian gertatutakoa.

«2016an Donostiako Udalak Altzako kiroldegi inguruko lurzoruaren kalitatearen azterketa kontratatu zuen», oroitarazi zuten. «Dakigunez, Altzan amiantoa detektatu zen lurzoruan, azterketa hauen ondorioz; eta indusketak eta ondorengo hondakinen kudeaketa legezko berme egokiekin egin ahal izan ziren. Manteon, aldiz, Amenabarren makinak dagoeneko hasi dira lurrak mugitzen, osasun publikoko arazo bat sortzen ari den aintzat hartu gabe», salatu zuten.

ASTE HONETAKO PROTESTAK

Proiektua aurkeztu zenetik, bizilagunek beraien kezka eta kontrakotasuna adierazi dute. Eta, egun, BCCren eraikin berria geratzeko protestan dihardute. Gaur bertan, arratsaldeko 19.00etan, Okendoko kultur etxetik abiatuta, mobilizazioa egingo dute udaletxeraino.

Bihar, bilera informatiboa antolatu dute, aurrekari historikoak gogoratu eta egungo egoeraren berri emateko; hau ere Okendoko kultur etxean, 19.00etan. Eta ostegunean, 12.00etan, Osoko Bilkurara joateko deia zabaldu dute.