Yasmine KHRIS
Itzultzailea
AZKEN PUNTUA

Obsesioak

Euriak girotuta, lagun batzuek mahai baten inguruan bukatu genuen igande arratsalde batean. TOCetara -edo nahasmendu obsesibo-konpultsiboak, euskaraz- bideratu zen jarduna, inspirazioa bukatzear zela zirudienean.

Hortik, zerrenda bat osatzen hasi ginen hiruzpalauren artean, nork bere bitxitasunak: batek ezin ditu galtzada harriko lerroak zapaldu, besteak 7.02an jartzen du iratzargailua goizero. Nik, musikarekin lotuta, segundoak zenbatzen ditut abestiaren errepikara heldu arte. Ematen zuenean denok geure lotsaren kutxa hustu eta barneko ispilu guziak atera genituela, besteren bat bururatu zitzaidan, baina ez nintzen zeharo biluztu.

Eta etxera itzulitakoan ekin nion: landareak begiratu ditut. Behin, berriz eta hirutan. Atzamarra sartu lurrean: heze egonen dira? Ureztatu bakoitza bere neurrian eta hostoak trapu batez leundu. Begiratu berriro. Loreontzitik kendu eta garbitu. Errituak deklinazio gehiago har ditzake asteburuetan, denbora ez denean muga bilakatu.

Nik botanikaz ez dakit deus ere, eta lorezaintza ez da nire hobbya. Baina landareek aitzakia ematen didate, dakitenei hots egiteko. Aditua ere ez da, baina nire (batzuetan asmaturiko) arazo botanikoei erantzuna emanen die beti aitak.