GARA
IRUÑEA

Olentzero, inauteriak eta bestelako desfileak, errepidetik

Iruñeko Udalak bideetan edo espazio publikoetan jarduerak baimentzeko irizpideak aldatu ditu. Neurria behin-behinean hartu da, «espazio publikoaren erabilera demokratikoari buruzko ordenantza berri bat idazten den bitartean», nafar hiriburuko Udalak aditzera eman duenez.

Segurtasun eta Bizikidetza Saileko zinegotzi ordezkari Endika Alonsoren ebazpen berriak esaldi hau ezabatu du: «Ikastetxeen eskaerek ez dute Poliziaren laguntzarik izango, eta zirkulazio arauak bete beharko dituzte, ez baita trafikoa etengo». Prozesioei, kabalkadei, olentzeroei, inauteriei eta bestelako desfileei buruzko atalean zetorren esaldi hori.

Jatorrizko testuaren gainerakoa berbera da, baina «araudiak aukera ematen duen neurrian, haren aurreikuspenak irizpide malguagoekin berrinterpretatuko dira», baieztatu zuen Udalak.

Ezabatutako esaldia, 2005. urtetik udal araudian ezarritakoa, azken hiru urteetan Udalak ikastetxeetako ekitaldiei tratamendu murriztailea ematea eragin duena da. 2022ko inauterietako zortzi desfileak eta Korrika txikiak eta 2023ko inauterietako bederatziak espaloietan egin behar izan ziren; gauza bera, erraldoien desfileekin. Baimenduta zeuden 11 eta 13etatik, hurrenez hurren, ezin izan ziren 9 errepidera jaitsi 2022an eta 11 2023an, eta hori errepikatu egin zen bi urteetako Gabonetan.