GARA
HERNANI

Jakinmin praktika filosofikoen elkarteak irabazi du Joxe Mari Auzmendi beka

Hik Hasik eta Hernaniko Udalak ematen duten Joxe Mari Auzmendi hezkuntza bekaren garailea Jakinmin elkartea da. Bi urte izango ditu hezkuntza komunitatean hausnarketa, bizikidetza eta erabaki prozesu parte hartzaileak sustatzeko metodologia garatzeko. Ikastetxeen esku jarriko dituzten lau gida praktiko izango dira emaitza.

Joxe Mari Auzmendi hezkuntza bekaren bigarren deialdiko irabazlea Jakinmin praktika filosofikoen elkartea da, honako proiektuarekin: “Elkarrizketa argudiatu kooperatiboa: hezkuntza komunitatean hausnarketa, bizikidetza eta erabaki prozesu parte hartzaileak sustatzeko metodologia”. 12.000 euroko dirulaguntza jasoko du eta bi urte izango ditu proiektua aurrera eramateko.

Hik Hasik eta Hernaniko Udalak ematen duten bekaren sari banaketa ekitaldia astelehenean egin zen Hernaniko udaletxean. Han izan ziren Axier Mingo Hezkuntza zinegotzia, Mikel Agirrezabala Hik Hasiko Formazio arduraduna, Joxe Mari Auzmendi zenaren senideak eta Imanol Alvarez eta Garikoitz Moya Jakinmin elkarteko kideak.

Jakinminen proposamenak bi helburu ditu: ikasleen artean hausnarketa, bizikidetza eta erabaki prozesu parte hartzaileak sustatzea; eta irakasleen klaustroetan erabakiak modu parte hartzailean hartzea. Horretarako, “elkarrizketa argudiatu kooperatiboa” erabiltzea proposatzen du eta azken emaitza modura ikastetxeentzat erabilgarria izango den tresna bat eskainiko du: elkarrizketa argudiatu kooperatiboa martxan jartzeko bide-orri bat.

HUTSUNE HANDIKO BI ARLO

Bekara hamar lan aurkeztu dira. Epaimahaiak Jakinminena hautatu du, oso lan osatua delako, ikasleei begira egiten duen proposamenaz gain, irakasleentzat ere egiten duelako, eta hutsune handia antzematen den bi arlori erantzutera datorrelako: alde batetik, ikasleek hausnartzeko duten gaitasun gabezia eta dituzten bizikidetza arazoak, eta, bestetik, irakasleen klaustroetan erabakiak hartzeko metodologia parte hartzaile falta.

Ikastetxeen funtzionamendurako aberatsa dela baloratu du, eta gelan eta klaustroan eragin handia izan dezakeela.