Nerea LAUZIRIKA
BARAKALDO

Sexu heziketa, BECen mintzagai: «Denaren errua ez diezaiogun pornoari bota»

2.000 irakaslek sexu heziketa integrala egunerokotasunean txertatzeko prestakuntza jaso zuten atzo, BECen antolatutako jardunaldietan. Kalitatezko sexu heziketa bermatzean fokua jartzea eskatu zuten adituek: «Denaren errua ez diezaiogun pornoari bota».

Maider Garcia de Vicuña, bere hitzartzean.
Maider Garcia de Vicuña, bere hitzartzean. (Aritz LOIOLA | FOKU)

 

Gazteengan pornografia kontsumitzeak dituen ondorioei buruzko jardunaldia egin zuten atzo, Barakaldoko BECen, irakasleriari bideratuta. Aitzakia hori bazen ere, funtsean, sexu heziketa eguneroko hezkuntzan integratzeko aholkuak jaso zituzten 2.000 bat irakaslek adituen eskutik.

Sandra Sedano Universitat de les Illes Balearsen Pedagogia Aplikatua eta Hezkuntzaren Psikologia irakaslea da; Maria Rodriguez Suarez sexologoa da, Generoan eta Aniztasunean Doktorea; eta Maider Garcia de Vicuña eMAIZe sexologia zentroko sexologoa da. Sedanok egindako ikerketaren datuak jarri zituen mahai gainean, eta Rodriguez eta Garcia de Vicuña sexu heziketa eguneroko hezkuntzan txertatzeko moduez aritu ziren. Sexu heziketa integralean arreta jarri zuten bi sexologoek, pornoaren aurkako diskurtsoa egin ordez.

«Denaren errua ez diezaiogun pornoari bota», hasi zuen hitzartzea Rodriguezek. Adituaren arabera, ondo dago eduki pornografikoak pedagogikotik ezer ez daukatela argi izatea, baina ahalegina eta indarra sexu heziketan jarri beharra dago: «Nork bere burua berrikusi eta ardurak hartu behar ditu».

Ados agertu zen Garcia de Vicuña: «Orain denaren errua pornoarena da, lehen reggaetonarena zen». Ildo beretik, nabarmendu zuen bortxaketak edo umeen aurkako sexu erasoak, besteak bete, bi «errudun» hauek baino askoz ere lehenagokoak direla.

Rodriguezek azaldu zuen, larritasunak bultzatuta, haurrak eta nerabeak kontrolatzen saiatzea izaten dela erreakzioa, mugikorretan gurasoek instalatu ditzaketen aplikazioen bidez, esaterako. Garcia de Vicuñak, ordea, zalantzan jarri zuen tresna hauen eraginkortasuna: «Egarri garenean edaten dugu».

Zehaztu zuen haur eta gazteek jakinmina dutenean, hura asetzeko moduren bat aurkituko dutela ezinbestean, eta haien ardura duten helduen, hots, familiaren eta irakasleen erantzukizuna dela behar bezalako informazioa haien eskura jartzea.

Debekuak eta mugak beharrezkotzat jo zituen arren, horien aurrean sexu heziketa integrala aldarrikatu zuen Rodriguezek, «ezagutza, trebetasunak eta balioak» lantzeko. Ziurtatu zuen familiek kontrolerako erabiltzen dituztenak baino filtro eraginkorragoa dela formakuntzak haur eta nerabeen buruan jartzen duena.

Gaineratu zuen esaten denak beste edo gehiago irakasten duela ereduak, eta bat egin zuen Garcia de Vicuñak ere: «Esaten dugunarekin, esaten ez dugunarekin, egiten dugunarekin... hezten ari gara».

Ez heztea ezinezkoa dela argituta, Rodriguezek irakasteko moduek dituzten ondorioak azaldu zituen. Alarmismoak beldurra, arriskuak, tabuak eta errua dakartzala adierazi zuen.

Aldiz, sexu heziketa integralak tresna ugari ematen dizkie haurrei eta nerabeei, adituaren arabera: «Begirada kritikoa indarkeriaren erotizazioarekiko, ikuspegi zabalagoa sexualitateari dagokionez; bestelako maskulinitateak aldarrikatzen ditu, fantasia eta desirak desberdintzen laguntzen du...».

EZETZA NOLA KUDEATU

Azken aldian horrenbeste entzuten den onespenaren inguruan ere hausnartu zuten. eMAIZe sexologia zentroko adituaren aburuz, ezinbestekoa da umeek txikitatik ikastea ezetzak kudeatzen, edozein arlotan, harreman erotikoak izatera doazenean nola jokatu argi izan dezaten. Azpimarratu zuen «baiezkoa eta adostasuna» forma bera duten «bi gauza desberdin» direla, inposizioan oinarritutakoa bata, negoziazioa ardatz duena bestea.

Ildo beretik, adierazi zuen ez zaiola horrenbesteko garrantzia eman behar nerabeek egiten dutenari eta egiten ez dutenari, baizik eta «nondik eta nola» egiten duten baizik. Hots, presioek eragindako erabakiak hartzen dituzten edo desiretan oinarrituta daudenak.

EGUNEROKOA KUDEATZEKO TRESNAK

Garcia de Vicuñak irakasleriari baliabide zehatzak eman nahi izan zizkion, betiere onartuz nork bere egiteko modua duela: «Errezeta desberdina da denentzat, baina osagaiak antzekoak dira».

Azaldu zuen sexu heziketa modu programatu eta espezializatuan antolatu eta eskaintzea sexologoen lana bada ere, ezinbestekoa dela irakasle orok egunerokotasunean sortu daitezkeen aferak kudeatzeko besteko prestakuntza izatea.

Horrela, ezinbestekotzat jo zuen haurrengana eta nerabeengana gailentasuna albo batera utzita hurbiltzea, hau da, errespetuz eta elkarrengandik ikasteko asmoz: «Bidelagunak izan behar dugu».