Asier AIESTARAN
Kazetaria
2018

«Ugarteko»: GARA eta NAIZen lana aldarrikatzeko epaiketa

«Ugarteko», Iñaki Soto, Iñaki Iriondo eta Jone Goirizelaia, 2018ko urtarrilaren 24an, Bilboko epaitegian.
«Ugarteko», Iñaki Soto, Iñaki Iriondo eta Jone Goirizelaia, 2018ko urtarrilaren 24an, Bilboko epaitegian. (Luis JAUREGIALTZO | FOKU)

Zoritxarrez, euskal prentsa independenteak behin baino gehiagotan defendatu behar izan du bere lana eta askatasuna epaileen aurrean. Eta aldarrikapen horrek goia jo zuen 2018ko urtarrilaren 24an, Iñigo Cabacasen heriotzaren harira Iñaki Larrea “Ugarteko” ertzainak GARA, NAIZ, Iñaki Soto, Iñaki Iriondo eta Jone Goirizelaiaren aurka jarritako salaketaren epaiketan.

Hilabete gutxi falta ziren Cabacas hil zutenetik sei urte betetzeko, baina gazte bilbotarraren heriotzarekin lotuta zegoen lehen epaiketa hauxe izan zen, hedabide, kazetari eta abokatuen aurkakoa, hain zuzen. Eskaera, gainera, ez zen nolanahikoa: “Ugartekok” 250.000 euroko kalte ordaina eskatzen zuen, bere aginduen grabaketa argitaratzeagatik -«entren con todo» famatu hura- eta bere izen-abizenak publiko egiteagatik.

Epaiketa eguna iritsi aurretik ugariak izan ziren babes adierazpenak, Iñigoren gurasoena edota EH Bildurena, esaterako. Gainera, Lakuak salaketarekin inolako zerikusirik ez zuela adierazi zuen. Eta babes hori biderkatu egin zen egunean bertan, bai Bilbon bertan epaitegiaren aurrean, bai eta sareetan ere. Bereziki hunkigarria izan zen Manu eta Fina, Iñigoren gurasoak, epaiketa bertatik bertara jarraitzen ikustea, “Ugartekori” zuzendutako gutun ireki bat argitaratu ostean.

Gainera, GARA eta NAIZek egun horretan bertan argitaratu zuten moduan, epaiketan argi geratu zen “Ugartekori” ez ziotela kalte frogagarririk eragin hedabide hauen informazioek, bi datutan laburbilduta: 2012an baino %10 gehiago kobratzen zuen epaiketaren unean eta ez zuen baja egun bakar bat ere hartu gertaera horien ondorioz. Urte eta erdian tratamendu psikologikoa jaso arren, espezialistek onartu zuten “Ugartekok” ez zuela antsietate edo depresio «larririk» izan.

ONDO EGINDAKO LANAREN ALDARRIKAPENA

Aldiz, epaiketak informazio eskubidea eta prentsa askatasuna lau haizeetara aldarrikatzeko balio izan zuen. Aretoan “Ugartekoren” aginduen grabaketa entzun ahal izan zen berriz, eta akusazioak audioak manipulatuta zeudela defendatu arren, Fiskaltzak berak ere onartu behar izan zuen ez zela inolako «muntaiarik» egon. Baita audioak argitaratzeko eskubidea ere, «informazio eskubideak» gain hartzen ziolako “Ugartekok” bere salaketan aipatzen zuen «ohore eskubideari».

Iñaki Soto GARAko zuzendariak argi utzi zuen epailearen aurrean audioen egiazkotasuna behar bezala kontrastatu zutela, eta 2012ko apirilaren 5 hartan benetan gertatu zena jakin ahal izateko argitaratu zituztela, baita aginte-katean egon zitezkeen ardurak zehazteko ere. Kazetari bezala bere iturriak ez ezagutarazteko eskubidea duela ere aipatu zuen Sotok, baina argi utzi zuen audioa ez ziela Jone Goirizelaiak helarazi, horixe baitzen “Ugartekok” abokatuaren aurka egiten zuen akusazio nagusia.

Haren izena publiko egiteari buruz, informazio hori landu zuen Iñaki Iriondo kazetariak adierazi zuen “Ugartekoren” plaka zenbakia “El Correo” egunkariak argitaratu zuela lehenik, eta berak EAEko aldizkari ofizialean topatu zituela izen-abizenak. Kasu honetan ere, Fiskaltzak onartu zuen “Ugartekoren” izena zabaltzea «informazio askatasunaren» barnean ulertu behar dela, garrantzi publikoa duelako.

Hala eta guztiz ere, Fiskaltzak 13.000 euroko kalte ordaina eskatu zuen “Ugartekorentzat”, tratamendu psikologikoa jaso zuen epearengatik eta zenbait artikulutan ez zelako bere errugabetasun presuntzioa errespetatu. Egun batzuk geroago, otsailaren 9an, eman zen epaiak ez zituen aintzat hartu eskakizun horiek.

ARAZO BAT POLIZIA EREDUAREKIN

Epaitegitik irtendakoan egindako adierazpenetan, Iñaki Soto GARAko zuzendariak esan zuen agerian geratu zela adierazpen askatasuna eta prentsa askatasuna epaitzen ari zirela, «polizia-agintari bati ez zitzaiolako komeni informazio jakin bat argitaratzea». Sotok gaineratu zuen Lakuako Gobernuak «arazo» bat duela «iraganeko garaiei» dagokien «polizia-kultura» batekin, eta horren jakitun direla, bere iritziz. «Gaurkoa bezalako epaiketek agerian uzten dute polizia horiek duten ikuspegia prentsaren eskubideei eta lekuari buruz», erantsi zuen. Artean, Cabacasen hilketa epaitu gabe zegoen, eta Sotok aldarrikatu zuen «gizarte honek zor bat» duela Iñigo Cabacasen familiarekin, «bizi izan dutena krudela delako» eta «egia, justizia eta erreparazioa» behar-beharrezkoak dituztelako.



[2019] NAIZ Irratia, bost urte bere proiektua indartzen

Kursaal pareko egoitzan egin zen duela bost urte, 2019ko urtarrilaren 24an, NAIZ Irratia jendartean aurkezteko ekitaldia. Irrati berria ez zen ezerezetik sortu, bistan da. Aztibegia elkarteak eta Info7 Irratiak urte luzez egindako lanaren jarraipena izan zen. Baina era berean proiektu berriak jauzi nabarmena suposatu zuen, euskarazko irrati nazionala garai berrietara egokitzeko.

Irrati berriak NAIZ Irratia izena hartuko zuela jakinarazteaz gain, NAIZ markak ordurako irabazia zuen «erreferentzia sendoa» baliatuz, proiektu berriaren nondik norakoak ere azaldu zituzten. Transmedia eredu berri batean sakontzea edota euskararen aldeko apustu berritua ahalbidetzea ziren horietako batzuk, gerora denborak erakutsi duen moduan.

«NAIZ Irratia izen berria publiko egiteak izenetik haragoko mezu bat zekarren, aurkezpena Kursaal pareko egoitzan egiteak berak erakusten zuena nolabait», dio Ion Telleria NAIZ Irratiko kideak, egun hura gogoratuz. Telleriak ez ditu proiektuak lehen bost urte hauetan izandako zailtasunak ezkutatzen, baina aurrera begira oinarri sendoak ipini dituela irizten dio.