EDITORIALA

Pobrezia zabalagoa eta sotilagoa bihurtu da

Pobrezia da, oraindik ere, euskal gizarteari eragiten dion arazo sozial larrienetako bat. Pobreziaren Aurkako Nafarroako Sareak atzo adierazi zuenez, Arope tasaren arabera, 96.000 pertsona daude bazterketa eta txirotasun egoeran herrialdean; hau da, Nafarroako biztanleen %14,5. Argitaratutako azken estatistiken arabera, EAEko tasa Nafarroakoa baino puntu bat gorago dago, %15,7an. Horrek esan nahi du Hego Euskal Herrian bizi diren sei pertsonatik bat inguru pobrezia egoeran dagoela. Zifra horiek arazo zabal eta iraunkorra dela islatzen dute eta, diskurtsoetatik haratago, hobekuntzak oso txikiak direla.

Nafarroako Sareko bozeramaileek egoera horren iraupenaren gako batzuk eman zituzten. Adierazi zutenez, Sarearen hogeita hamar urteko esperientzian pobrezia asko aldatu da, zabalagoa eta «sotila» bihurtu da. Euren esanetan, lehen batez ere gai materialekin eta lanik ezarekin lotuta zegoen pobrezia eta orain, ordea, arazoa ez da lana, prekaritatea baizik. Lanpostu bat izatea ez da bizitza duina bermatzeko nahikoa: soldata urriak, aldizkako lanak eta behin-behinekotasunak ez dute egoera horretatik ateratzeko aukerarik ematen. Nolabait, orain, jendeak biziraun egiten du, baina ez du aldatzeko aukerarik, ez dauka etorkizunera begiratzerik. Egoera horrek, gainera, okerrera egin du, inflazioaren ondorioz bizitza eta, batez ere, etxebizitza gero eta garestiagoak direlako. Sareko arduradunen arabera, bizitegi-bazterketa gero eta handiagoa da. Horrez gain, osasun arloko bazterketa azpimarratu zuten, bereziki osasun mentaleko arazoak edo adikzioak dituzten pertsonen ingurukoa.

Sareko arduradunek, irizpide on gisa, adierazi zuten egoera hori aldatzeko ez dela aski laguntza-sistema aldatzea, «gizarte gisa ahalegina egitea» baizik. Politika publikoak kolektiboaren beharretara egokitzearen alde egin zuten. Alabaina, hori garrantzitsua izan arren, ez da nahikoa. Aberastasuna gutxi batzuen eskuetan metatzeko diseinatuta dagoen sistema baten ondorioa da txirotasuna. Aberastasun neurrigabea pilatzea ahalbidetzen duten mekanismoak desagerrarazten ez badira, pobreziak iraunkorra izaten jarraituko du.