Amalur ARTOLA
Kazetaria
1980

Trebiñu afera: enegarren urtez ez-arabar izendapenpean

Errepideko seinaleak Argantzon inguruan, Gasteiz eta Burgoserako distantziak markatzen.
Errepideko seinaleak Argantzon inguruan, Gasteiz eta Burgoserako distantziak markatzen. (Juanan RUIZ | FOKU)

Geografikoki Araban kokatuta dago Trebiñu, soziologikoki arabarrak dira bertako biztanleak eta identitarioki ere arabar sentipena dute. Baina administratiboki Burgos eta Gaztela Leonekiko duten dependentziak aurreko guztia lausotu egiten du. Eta, zer esanik ez, bertakoen bizimodua zaildu.

Afera ez da gaurkoa. Berrogei urte atzera eginda, gaur bezalako egun batez onartu zuen Trebiñuko Udalak, aho batez onartu ere, Arabako lurralde administratibora batzea. Arrazoiak? Nahi adina. Nagusiena? Bizimodua zailtzen dien zentzugabekeriarekin amaitzea. Mahai gainean, eskutada bat adibide. Bat: sute bat piztu da Trebiñun eta koordinazio gabeziaren eraginez etxebizitza dagoeneko kiskalia dagoenean iritsi dira suhiltzaileak, baina, gauzak zer diren, handik gutxira su hartu duen motor bat itzaltzera hiru kamioi bertaratu dira, Miranda, Gasteiz eta Argantzongo estazioetatik; koordinazio faltaren aurrean bizilagunek adierazten duten haserrea nabaria da. Bigarren adibide bat? Horra: iktus bat izan duen bizilaguna Burgosko erietxera eraman dute, bizilekutik 110 kilometrora, eta bertan geratu beharko du ondorengo 37 egunetan; horrek familiari dakarkion nekea eta karga ekonomikoa agerikoak dira. Eta azken bat: mendian bi hankak hautsita dagoen trebiñarraren erreskatea lau orduz atzeratu da, gune horretako konpetentzia norena den argitu ezinda dabiltzalako administrazioak.

Zentzugabekeria zentzugabekeriaren atzetik. Eta eskubide linguistikoak, erbestean: euskaraz ikasi, haurrak euskaraz eskolatu edo administrazioarekin euskaraz komunikatzea, zuzenean, ezinezkoa da. Hala, Trebiñuko eskola publikoa hutsik dagoen artean, bertako haurrak euskarazko hezkuntza jaso ahal izan dezaten 2001ean sortu zuten Argantzon Ikastolan edota Gasteiz inguruko ikastetxeetan eskolatzen dituzte. Eta, horretarako, haurrak Gasteizen erroldatu behar izan dituzte maiz; disfuntzioa disfuntzioaren atzetik.

Egoera horretan iritsi dira trebiñarrak 1980ko urtarrilaren 26ra. Eta erabaki dute, egun batzuk beranduago Argantzongo Udalak egingo duen bezala, Arabako lurralde administratibora batu nahi dutela behin betiko. Azken 60 urteetan, eskaera berbera egiten duten laugarren aldia da, 1919an, 1940an eta 1958an ere saiakerak egin baitzituzten: 1940an, erreferendumean bizilagunen %95,93k Arabara batzearen aldeko botoa eman zuten, Gobernuak eskaeraren aurrean ez ikusiarena egin bazuen ere. Gauza bera gertatu zen 1958an: Burgosko Diputazioak uko egin zion emaitzak onartzeari. 1980ko kasua ez da ezberdina izango. Erreferenduma antolatzeko baldintza guztiak betetzen badituzte ere, Gobernu espainolaren aurrean egindako tramiteek ez dute aurrera egingo eta, urte batzuk beranduago, 1983an, Gaztela Leongo Estatutua indarrean sartzean, zaildu egingo da prozesua.

HAMARKADA BERRIA, INDAR BERRIA

Piztuz eta itzaliz joan den auzia da Trebiñukoa. Sugarrak nola, ezpal berriak gehitu ahala indartzen joan dena, eta enborrak agortu ahala apaldu dena; baina sekula guztiz itzaltzera iritsi gabe. Sugar berrien aroa izan zen 90eko hamarkada. 1998an, orduko alkateek bultzatuta, kontsulta berri bat egin zen barrendegian herritarrek erreferendumik egin nahi zuten edo ez argitzeko. Berriro ere, gehiengo zabal batek, %77k, adierazi zuen erreferenduma egiteko nahia, baina Gaztela eta Leongo agintariek ez zuten kontsulta ontzat eman. Zaputza berriro ere.

Haize berriak iritsiko dira hurrengo hamarkadan ere, Araban sartzearen aldeko alderdiek 2011ko hauteskundeetan Trebiñu zein Argantzonen nagusitasuna eskuratu ostean. Hari horri tiraka, hurrengo urteetan «Behin betiko soluzio bat» lemapean egitasmo bat garatu eta, argi, «anakronismo honekin amaituko duen behin betiko irtenbidea behar du Trebiñuk», aldarrikatuko dute. Eta Arabako Biltzar Nagusiek Trebiñu lurraldera batzearen aldeko «erabaki instituzionala» hartu eta aurrerantzean «herrialdeko zortzigarren kuadrilla» gisa tratatuko dutela ziurtatuko dute. PP ez beste alderdi guztiek izenpetuko dute erabakia.

ZORTZIGARREN KUADRILLA

Atzetik etorri diren urteetan, trebiñarrek gainontzeko euskal herritarren zerbitzu berak eskura izatea izan da erronka. Arabako diputazioak «integrazioaren alde» egiten jarraitzen duela berretsi badu ere, Araba eta Burgosko aldundiek eta Lakua eta Gaztela Leongo Gobernuek sinatutako hitzarmenen bidez ziurtatu dira zerbitzu publikoak. Baina trebiñarren arabar identitatea onar diezaieten aldarrikatzen jarraitu dute, baita «partxeoen bidez» ezin dela gatazkarik itxi argudiatzen ere.

Giro honetan, haize berria iritsi da lurraldera. Trebiñu Araba Da! plataformari bultzada berria eman zitzaion 2022an, aurreko belaunaldiek egindako lanari segida eman nahi dioten herritar talde baten eskutik. «Garaia da hitzarmenak atzean uzteko -argudiatu zuten-, protokoloak egon badauden arren, disfuntzioak ere eguneroko ogi direlako Trebiñun». Plataforma aurkeztu eta gutxira egin zen publiko Gaztela eta Leongo Juntak «legezkotzat» jo duela Trebiñu eta Argantzon Araban integratzeko ekinbidea, baina ikusteko dago oraindik zein norabide hartuko duen bide berriak. Trebiñu Araba Da! plataformatik, argi dute: ez dago alternatibarik, lehenago ala beranduago, Trebiñu Arabara batuko da.



[2022] Ufada berria, Trebiñu Araba izan badela gogora ekartzeko

Trebiñar bati nongotarra den galdetuz gero, trebiñarra dela esango dizu lehendabizi, eta gehiengoak ez du arabar sentimendua ukatuko. Kontrara, azpimarra egingo du bere identitatearen alor horretan, sentimendutik harago, biztanleentzat behar bat delako arabar izendatuak izatea.

Korapilo horri erantzun bat emateko sortu zen «Trebiñu Araba da!» ozen aldarrikatzen duen plataforma, 2022an bere burua indarberrituta aurkeztu zuena. Artefaktuaren karietara, elkarteko kide Unai Zabala elkarrizketatu dugu NAIZerako, eskualdean sortu den ufada berri horrek zein norabide har dezakeen adieraz diezagun. Berak argi du: aldaketa etorri etorriko da, Trebiñuk eta trebiñarrek behar dutelako, eta hamarkadetako aldarrikapenak inoiz jaso beharko duelako bizilagunak asebeteko dituen erantzun bat: behin betiko erantzun sendo bat, eta ez, Zabalak esan digun moduan, «partxeo» berri bat.

«Egoera honek ez du inolako zentzurik. Urteetan zehar egindako lan guztiaren emaitza etorriko den zalantzarik ez dugu», ziurtatu digu. Etorriko da haize berria, eta gu hor egongo gara kontatzeko.