Manex ALTUNA
BILBO
ATHLETIC

Williams anaien kondairaren azken pasartea, Hollywooderako aproposa

Valverdek eta Iñakik berak aitortu zuten bazirudiela «idatzita» zegoela gola egin behar zuela Bartzelonaren aurka. Izan ere, goizean iritsi zen Euskal Herrira Boli Kostatik eta gauean, anaiarekin batera, erabakigarria izan zen kanporaketa gainditzeko.

Iñaki eta Nico Williamsek garaipenaren golak egin zituzten, Bartzelona garaitzeko.
Iñaki eta Nico Williamsek garaipenaren golak egin zituzten, Bartzelona garaitzeko. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Iñaki eta Nico Athleticen ikur nagusiak dira egun. Hegan eramaten dute talde zuri-gorria erasoan, eta historia hizki larriz idazten ari dira Bilbon. Horren adibide, Bartzelonaren aurkako Kopako kanporaketaren luzapenean egindako garaipenaren golak. AEBetan jaio izan balira, ziur asko dagoeneko film edo telesail bateko protagonistak izango lirateke. Williams sendiari buruzko dokumentala egiten ari diren arren, San Mamesen «idatzitako» azken pasartea ere Hollywoodeko gidoi baterako ere aproposa izan daiteke. Ernesto Valverdek berak aipatu zuen ideia hori partida amaieran.

Astelehen iluntzean hasi zen istorioa, Ghanak Mozambikeren kontra berdindu ostean. Bi goleko abantaila izan arren, luzapenean ihes egin zien garaipenak. Kolpe gogorra. Multzoen fasean batutako bi puntu eskasekin oso zaila zeukaten aurrera egitea, baina itxaron beharra zegoen. Partida hasi aurretik Valverdek agerraldia egin zuen, eta Williamsen itzulerari ateak irekita utzi zizkion. Astearte iluntzean Ghana Afrikako Kopatik at geratu zen eta Athletic tximista baino azkarrago mugitu zen Euskal Herrira ekartzeko.

Boli Kostatik Parisera zihoan hegazkin batera igo zen lehenengo. Zazpi orduko bidaia. Eta gero, beste bi orduko hegaldiaren ondoren, iritsi zen Loiura, goizeko hamaiketarako. Williamsek berak esan zuenez, ohe batean lo egin gabe iritsi zen. Mikel Gonzalez kirol zuzendaria joan zitzaion bila, eta gainontzeko taldekideengana eraman zuen. Lurreratu bezain laster, jokatzeko «prest» zegoela adierazi zuen, eta zale zuri-gorriek oso pozik hartu zuten itzulera.

Partida berezietako giroa igartzen zen atzo Bilbon; Kale Nagusian autobusari egindako harrera izan zen horren erakusgarri. Iñaki Williams aulkian geratu zen; izan ere, entrenatzaileak argi zeukan partidan zehar erabiliko zuela, taldearentzat eta zaleentzat bultzada bat izango zelako. Athletic 1-2 galtzen joan zen atsedenaldira, baina Sancetek azkar berdindu zuen bigarren zatiaren hasieran. Valverdek 60. minutua bete aurretik zelairatu zuen.

Baloia ukitu zuen lehen aldietan ez zen batere fin egon. Hasieran egoerak gainditu zuela onartu zuen Iñakik, baina zaleen babesari esker buelta ematea lortu zuen. «Zoramena izan da, eta oso eskertuta nago», azaldu zuen.

«Hemen egon nahi nuen taldeari laguntzeko. Sinestezina izan da; amaiera zoriontsua duen ipuin bat dirudi, eta gozatzeko egun bat da», gaineratu zuen, 24 orduan selekzioarekin bizitako tristuratik erabateko poztasunera igaro baitzen Bilbon.

Katedralak eztanda egin zuen luzapenean gola egin zuenean. Valverdek eta Iñakik aitortu zuten bazirudiela «idatzita» zegoela baloia sareetara bidali behar zuela. Lehen jaurtiketa zutoinaren aurka joan zen, baina barrura bota zuen bigarrenean. «Batzuetan badirudi patuak ametsak egia bihurtzea nahi duela», esan zuen aurrelariak.



Partida borobila, eta Lezamako hamaikakoa

Iñakik eta Nicok behin baino gehiagotan adierazi dute familiaren ametsa bizitzen ari direla biak elkarrekin Athleticen jokatuz. Anaia zaharrenaren aholkuak erabakigarriak izan ziren gazteenak kontratua 2027ra arte berritzeko. Nicok sekulako aurrerapausoa eman du denboraldi honetan, eta gero eta erabakigarriagoa da partida guztietan. Beti erakutsi ditu iskin egiteko dituen dohainak, baina orain erregularragoa da alor guztietan. Defentsa lanetan ere bai. Berak lapurtutako baloi baten eskutik iritsi zen Guruzetaren lehen gola Bartzelonaren kontra. Bigarrenean ere Nicok egin zuen erdiraketa ezkerretik. Lan hori borobiltzeko laugarren gola egin zuen.

Partida gogoangarria Athleticen zaleentzat, bai eta Williams sendiarentzat ere. Nork esango zien halako gauak biziko zituztela beren etxea atzean uztea erabaki zutenean. Amak haurdun gurutzatu zuen Saharako basamortua Europara iristeko. Apaiz baten laguntzarekin Bilbora heldu ziren gurasoak, eta haren omenez Iñaki jarri zioten 1994an jaiotako umeari. Nico, aldiz, 2002an sortu zen Iruñean. Bi txoriek futbolean hegan egiten ikasi dute, eta Athleticen zaleen artean oso maitatuak dira.

Williams anaiekin batera, azpimarratzekoa da Athleticen hamaikakoa Lezamatik igarotako jokalariek osatu zutela. Herrera izan ezik, parte hartu zuten guztiak harrobi zuri-gorrian aritutakoak ziren. M.A.